(2006/08/31-09/3) TXIRRINDULA MARTXA
ITOIZKO URTEGIAK DESAGERTZEKO ZORIAN UTZITAKO HERRIETAN ZEHAR
(
OROTZ BETELU - AGOITZ - ILUNBERRI - ZANGOTZA)

· ETSIPENAREN · AURKA: · GUREKIN · PEDALEI · ERAGIN ·


Itoizko urtegia munstruo jatun asegaitza da. Antzinako herriak, ibar babestuak?, usadiozko bizimoldeak,...irentsi ondoren baita presaz goiti zein behetiko populazioak desagertarazi nahi ditu. Azken 2 urteko etengabeko lurrikara, burrunba eta mazela lerratzeek horrela frogatzen dute.

Barruko txostenek bildur hauek jaso dituzte, eta hori dela kausa, betetze frogak mantsotu dituzte, gaur egungoek hasierakoekin deus ikusirik ez dutelarik.

Bitartean, Nafar gobernuak ezer gertatuko ezbalitz bezala, bere  ikuskizun engaina- ergelekin segitzen du, ureztatzeak inauguratuz, Iruñarainoko ur ekartzea ospatuz eta makurrago dena, ubidearen eraikuntza dela eta zonalde handiak suntsituz eta Nafar ekonomia xahutuz.

Gertaera hauen guztien aurrean eta Itoizko urtegia munstruo suntsitzailea bai bainan lohiezko oinduna ere badela jakitun izanik, etsipena eta ahanzturaren aurkako borrokan segitzeko animatzen zaituztegu. Behin betikotz gelditu behar dugu!

Horrenbestez, abuztuaren 31-tik Irailaren 3-ra  Itoizko urtegiak mehatxaturiko herri batzuetan zehar izanen den txirrindula martxan esku hartzera gonbidatzen zaituztegu. Martxa horren helburua zera da: arriskupean bizi diren populazioei proiektu honen mehatxua zenbaterainokoa den erakutsi eta erabateko gelditzea lortu arte mobilizazioak bultzatzen segitzea.



· · · EGITARAUA


ABUZTUAk 31, ostegunarekin: OROTZ  BETELU

14.00-etan: Iruñeko Labrit aldapan txirrindula biltzea, Orotz Betelura doan kamioian sartzeko.
14.30-etan: Orotz Betelura doan autobusa Iruñeko  Autobus Geltokitik.
17.30-etan: Batzarra: Martxaren aurkezpena eta lurraren defentsaren aldeko borrokamolde ezberdinen partekatzea.
19.30-etan: “ Vajont : Hondamendia “ filma eta Islandiako urtegien aurkako borrokaren inguruko bideo emanaldia.


IRAILAk 1, ostiralarekin: OROTZ  BETELU - AGOITZ. 22 km.

9.00-etan: Gosaria.
10.00-etan: Txirrindularien irteera.
13.30-etan: Artzen bazkaria.
19.30-etan: Helmugaratzea Agoitzen.
20.00-etan: “ Inoiz ez “ antzerki lanaren aurkezpena “ Beti berdinak ”taldearen eskutik.


IRAILAk 2, larunbatarekin: AGOITZ - ILUNBERRI. 20 km.

9.00-etan: Gosaria.
10.00-etan: “ Putzu borobil” dik piraguisteen Iratiko jeitsialdiaren irteera.
11.00-etan: Agoizko zubi erromanikoan piraguisteei agurra.
11.30-etan: Txirrindularien irteera.
13.00-etan: Ekaiko Serrategiko auzoan piraguisteen helmugaratzea.
14.00-etan: Bazkaria Artajo-n. Piraguista eta txirrindulariak elkarrekin.
20.30-etan: Helmugaratzea Ilunberrin. Herriko bestak dira. Afaldu ondoren kontzertua.


IRAILAk  3, igandearekin: ILUNBERRI - ZANGOTZA. 14 km.

10.00-etan: Gosaria.
11.00-etan: Txirrindularien irteera.
13.00-etan: Helmugaratzea Zangotzan. Antzerki lana.
14.00-etan: Bazkaria.
17.00-etan: Hitzaldia eta bideo emanaldia. Itoizko urtegiak mehatxaturiko auzokideen Batzarraren eskutik.
19.10-etan: Lineako autobusa Iruñera.


· · · OHARRAK:

- Iruñetik Orotz Betelura eta Zangotzatik Iruñera txirrindulak eramateko kamioia izanen dugu.
- Martxan zehar bizkarzorroak eramateko furgoneta izanen da.
- Gosariak, bazkariak eta afariak erakundearen kontura. Partehartzaileen laguntza eskertuko da.
- Txirrindulaz gain, lozaku, isolagailu, kasko eta jantzi islatzaileak ekarri. Txakurrik ez, mesedez.
- Informazio gehiago: idatz iezaiguzue sositoiz@sindominio.net helbidera.


· · · ANTOLATZAILEA:
Itoizko solidarioak

· · · LAGUNTZAILEAK:
Itoizko urtegiak mehatxaturiko auzokideen Batzarra
Ekologistak martxan


ITOIZKO URTEGIAREN BETETZE PROBEN FALTSUTZEA
 
 
Itoizko urtegiaren betetze probei dagokienez Ingurugiroaren ministroa den Cristina Narbonak agindutako kautelazko neurria ez du betetzen eta ez du beteko Ebroko Ur Konfederazioak ( EUK).
 
Jakina denez, Ingeniari eta Geologoen Elkargoek buruturiko txostenaren gomendioei jarraiki, pasa den Martxoaren 1- ean, beste gauzen artean, Itoizko urtegiaren betetze eta hustea  hileko 10 Hm. kubora mugatuko zela iragarri zuen Cristina Narbonak. Betetze probak gutxienez beste bost urtez gehiago luzatzea eraginen luke erabaki honek.
 
Agindu horri jaramonik egin ez eta, betetze probak aurreikusita baino 3 hilabete lehenago bukatzea, 2.008 ko martxoan,alegia, iragarri du EUK-ak. Hortarako, proben 7. zatiak funtsezko aldaketa izanen du. Modu berean, egun burutzen ari den 4. zatia ere erabat aldatuko da, ur maila 535 metrora ez baita jeitsiko, proiektatuta zegoen bezala, 10 metro gorago baizik.
 
Ingurugiroaren Ministerioak agindutako kautelazko neurria Uztailaren hasieratik ez da betetzen ari eta abuztu osoan gisa berean segitu dute. Uztailan bakarrik, 30 Hm. kubo baino gehiago hustu dituzte, C.Narbonak ezarritako muga - hileko 10 Hm. kubo - hirukoiztuz.
 
Honek guztiak  EUK-ak Ingurugiro Ministerioaz paso egiten  duela begibistan uzten du, nork agintzen duen argi baino argiago erakutsiz. Bainan salagarriena zera da: EUK betetze proben benetako esanahia ezereztatu eta faltsutzen ari dela. Zer dela eta proben iraupena laburtu nahi dute? Zergatik ez dute 535 metrora jeitsi nahi? Iritzi publikoaren aurrean eman nahi duten normaltasun irudi horren bidez ez al dira izkutatzen ari lerratzeen bildurra, proiektuaren segurtasuna zalantzan jartzen ahal dutenak?
 
Aurreranzko hiesaldi hau neurri erabat arduragabe eta ausarkeriazkoa da, hondamendi arriskua biderkatzen duelako. Honen erakusgai, uztailaren 29- an Agoiztik Ilunberrira entzun zen burrunba ikaragarria urtegiaren azpitik zetorrena eta , zeresanik ez, inguru haietan sumatzen ari diren lurrikaren segida etengabea.
 
Utz diezaiotela beren interes zitalengatik jendearen bizitzarekin jolasteari.

Itoizko urtegia hustu
dezatela behin betikotz.






(05-08-26, 27, 28) ITOIZKO URTEGIAREN AURKAKO MENDI MARTXA

· G U R E · I B A I · E D E R R A K · A S K A T U ·
· I T O I Z K O · U R T E G I A · G E L D I T U ·

Lurra dardaka eta orrika ari den bitartean Ebroko ur Konfederazioak (CHE, erderaz) eta Nafar Gobernuak temati segitzen dute Itoizko munstuoaz mehatxatuz, betetze frogen 3 fasearekin batera Irati eta Urrobi ibarrak sustsitzen jarraitzen dutelarik.

Proiektuaren gaur egungo egoera bertatik bertara ezagutzeko, betetze frogen zein behin betiko gelditzea eskatzeko eta gure taldekidea den Ibai Ederraren askatasuna galdegiteko abuztuaren 26-tik 28ra burutuko den mendi martxara deitzen zaituztegu.

EGITARAUA

Ostirala 26: Hitzaldia - Bideo emanaldia: Vajont-Itoitz.
Itoizko urtegiak mehatxaturiko Herritarren Batzordearen eskutik. Arratsaldeko 20:00etan Agoizko Kultur Etxean.
Ekai-ko elkartean afaldu eta lo eginen dugu.

Larunbata 27: Mendi martxa: Nagore - Osa - Lakabe.
Irteera Nagoren 9:00etan. Osa ondoan bazkaldu. Lakaben afaldu... eta ondoren musika emanaldia.

Igandea 28: Mendi martxa: Lakabe - Elke mendia.
Irteera 9:00etan. Bazkaria Lakaben.
Arratsaldeko 17:30etan: Giza katea: Lakabe - Iñarbeko zintzurra - Nagore.

Oharrak: ekartzeko materiala: lozakua, isolagailua, mendi martxarako motxila ttipia, ur botila, eskuargia... eta mendira joaterakoan eraman ohi duzuna // Laguntza furgoneta izanen da // Autoak Nagoren utzi, ez igo Lakabera // Saiatu txakurrik ez ekartzen, hazienda dagoelako eta lotuta egon beharko dutelako // Iruñea - Agoitz autobusa: arratsaldeko 19:00etan





(04-12-11) ALERTA GORRIA · ALERTA GORRIA · ALERTA GORRIA · ALERTA GORRIA

ZEIN IZANEN DA EDALONTZIA GAINEZKATUKO DUEN TANTA?


Betidanik arrazoi franko izan da Itoizko urtegiaren aurka borrokatzeko. Izan ere, natura suntsitu, geure sakelak hustu ta eurenak bete, beren legaltasunez trufatu eta aurkakoak jazarri eta kartzelatu ezezik, orain ere heriotz mehatxupean jartzen gaitu.

Hala ta guztiz ere, Itoizko urtegia gora doa. Azken urteotan proiektua aztertu duten teknikariek dauden arriskuez ohartarazi digute. Arrisku zehatz hauek azken hilabeteotan geure begien aurrean egiaztatzen ari dira eta alarma gorria piztarazi dute milaka lagunen bizitza mehatxatzen dutelako.

Teknikarien oharpenak betetzen ari dira, ez gobernuak hala erraten duelako errealitateak hala adierazten duelako baizik: presaren erdialdean pitzadura batzu zabaltzen ari dira eta bertatik sartzen ari den ura motobonbez kanporatzen ari dira; betetze frogen hasieratik malda lerratze aunitz suertatu da; beheko hustubideak trabatuta gelditu dira urtegia kontrolaezin bihurtuz; eta hau guztia gutxi balitz, horra hor urtegiak sortzen dituen lurrikara etengabeak.

Zer gehiago behar dute betetze frogak gelditzeko eta urtegia husteko?

Itoizko betetzeak heriotz mehatxua suposatzen du ibaian gora eta behean bizi den ororentzat ezezik, baita berak sortutako lurrikaren eragin zonaldean bizi direnentzat ere.

Benetako mehatxu honen aurrean hala erakundeen isiltasunarekin nola manipulazio zein gezurrik zatarrenarekin egiten dugu topo: "lurrikaren aurka prestatutako urtegia da honako hau", "ez dago eragindutako sismikotasunarik", "lurrikarak urtegiarentzat onuragarriak dira", "urtegiaren azpian ez dago failarik",....

Dena ongi badabil, zergatik koordinakundeak izendatutako teknikariei galarazten zaie obretan sartzen? Zenbat denboraz izkuta ahalko dizkigute lardaskeria itzel honen ondorioak?

Ur mailak igotzen duen metro bakoitza iragarritako hondamendi horren atzerako kontaketaren beste urrats bat besterik ez da.

Hondamendi hau galarazteko ordua heldu da.


* Proiektu honen inguruan gertatzen ari den guztiaren egia eskatzen dugu.

* Betetze frogen bertan beheratzea eta ondorengo hustuketa eskatzen dugu.

* Proiektu honen bultzatzaile guztien erantzukizuna zehaztea eskatzen dugu.

* Ibai eta Iñakiren berehalako askatasuna eskatzen dugu.




(04-11-27) KOORDINAKUNDEaren MANIFESTAZIOA

Itoitzko Solidarioak textua:

Itoizko urtegiaren aurkako borrokan kartzelatutako 2 solidarioek preso segitzen dute.

Iñaki Garcia Koch-i hiru urte ta erdi barruan pasa ondoren eta askotan ukatu arren, duela gutxi 3. gradua eman diote eta abenduan, zigorraren 3/4ak beteta, kalean utzi beharko lukete baldintzapeko askatasunean.

Ibai Ederrak sakabanaketaren mingotsa ezagutu du espetxean emandako 9 hilabete hauetan eta orain berriro Iruñeko espetxean dago.

2 pertsona hauek eta bilatzeko ta harrapatzeko agindupean dauden beste seiek erabat libre beharko lukete, egun Itoizko urtegia hondamen aurreko egoeran dagoelako eta haren sorburua izan den PHN-a baztertua izan delako.

Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu mobilizazioa, guztiz suntsitzaile, xahutzaile, ustel, inposatzaile, iruzurrezko eta ezlegal ezezik erabat kriminala den proiektu hau betikotz gelditzeko eta presoak askatzeko. Mugi gaitezen.