ziurtasun gabezia
ITOITZ: LOKATZEZKO HANKADUN ERRALDOIA
Urtegiaren desegonkortasunari buruzko ikerketak ez dira berriak. 1989an, obrak hasi baino 5 urte lehenago Nafarroako Gobernuak ikerketa bat eskatu zuen urtegiaren ezkerreko maldaren balizko labainketei buruz. Txosten hau urtegiaren aurkariei ezkutatu egin zitzaien. 10 urte beranduago ingurugiro ministerioak malda horretan zenbait zundaketa egin zituen eta 80 miloi pezeta gastatu oinarrian obra-hondakinak pilatzen. Dena den, konponbide honek ez du ezertarako balio, labainketak egongo balira ez lituzkeelako geldituko, baizik eta irristatuko litzatekeen material kopurua haundiagoa izango litzateke.
2000. urtetik aurrera, Itoizko koordinakundeak A. Casas eta A. Rebollori -teknikari ezagunak- ikerketa egitea eskatu zieten. Bien txostenen arabera urtegiaren maldak desegonkorrak dira, ez soilik ezkerrekoa gainera, "flisch" izeneko egiturazkoa izanik, bustitzen denean oso labainkorra baita.
A. Rebolloren arabera presa apurtu edo gainezka egin ezkero 7 hondamendi arrisku gertatuko lirateke, Irati, Aragoi eta Ebroko arroetan bapateko uholdeak eraginez eta milaka pertsona hilez. Galera ekonomikoak izugarriak izango lirateke. Eta gainera, aipatu beharra dago Ascó zentral nuklearra Ebro ibaiertzean dagoela, bere garaian zimentuetan arazoak izan zituela eta horrelako uholde batek bertan eragingo lukeena zaila dela aurreikusten.
Bestalde, Itoizko bi presak ofizialki arrisku maximokoak (A kategoriakoak) bezela sailkatzen dira. Zonalde sismiko nahiko aktiboan kokatuak daude -Richter eskalaren 5 graduko lurrikarak izan dira. Gainera, jakina da urtegi haundiek lurrikaren arriskua haunditu egiten dutela.
Urtegiaren ziurtasun eza azaltzen duten datuak pilatu arren, administrazioa ez da saiatu ezta hauen kontra egiten. Ikerketari independienteen "in situ"-ko azterketak egin ahal izateko beharreko baimenak ukatu egin ditu. Hori bai, lotsarik gabe, diru publikoarekin kanpaina egin dute proiektuaren "ziurtasun osoa" adierazteko.
2003ko urtarrilean betetze frogak hasi zirenean A. Casas eta A. Rebolloren hipotesiak egiaztatu ziren. Uhateak itxi eta egun gutxitara maldaren lehenengo labainketak gertatu ziren. Administrazioa hau ezkutatzen saiatu zen.
Honek agerian uzten du Nafarroako eta Espainiako Gobernuen izaera kriminala, ez baitute arazorik jendearen bizitza arriskuan jartzeko beraien helburu politiko eta ekonomiko ilunak lortzearren.
Eskrupulurik gabeko agintari hauendako Vaiont, Frejus, Tous, Aznalcollar eta antzeko izenek ez dute ezer esan nahi. Urtero urtegi bat baino gehiagok istripu larriak jasaten dituela ahaztu egiten dute. Azkeneko adibideak aipatzeko, besterik ez, 2002an Siria eta Tajikistanekoak hildako asko eragin zituzten.