jeitsi rtf dokumentua

ITOIZKO URTEGIA ETA NAFARROAKO UBIDEA: HISTORIA BUKAEZINA

AURREKARIAK

Iratiko urak biltzeko ideia ez da berria. Francoren garaian Ilunberri inguruan Itoizko urtegia baino haundiagoa izan behar zuen urtegia eraikitzeko asmoa izan zuten. Proposamen honek ez zuen aurrera egin lagun askorengan eragin zuzena zuelako. Oposizio haundia sortu zen eta proiektua atzera bota zuten.

PSOEk Franco garaietako amets zaharrari jarraituz 1985ean Itoizko urtegiaren proiektua kaleratu zuen. Urtegi hau biztanlego kopuru gutxiagoko zonaldean kokatuta legoke auzokideen oposizioa saihesteko asmoz.

Bere edukiera 418 Hm3-koa izango litzateke, 1.100 ha-ko lurzorua urperatuz. Urtegia egiteko arrazoia ureztatze sailetako ur horniketarako beharrezkoa deritzoten "Itoitz-Nafarroako ubidea" bikote banaezinean oinarritu dute. Dena dela, ubidearen proiektua askoz berriagoa izan da eta 2002. urtean hasi zen eraikitzen, hau da, urtegia baino 9 urte beranduago. Ubidearen proiektua Nafarroako historian zehar aurre ikusitako azpiegiturarik haundiena eta garestiena ere bada. 16 urtetan eraikitzekoa den obra erraldoi honek 177 km-ko luzera izango lituzke -32 adarretan banatuta- eta 30 eta 70 m-ko zabalera, 6 tunel -13,5km-, gurutzatzen dituen ibaien azpian 12 sifoi -51km- eta 2 akueduktu -570m-. Bi zatitan banatuta dago: lehenengoa Itoitzetik Pitillasera doana eta bigarrena Pitillasetik Ablitasera - Ebrorean bestaldera.


ITOITZ: OINARRIZKOA NAZIO UR PLANEAN

IItoitzek beste ezerk baino hobeto azaltzen du Espainia estatuko ur politika. Eta horrela, 60. hamarkadan bezela edozein urtegi berez ontzat hartzen da. Horrela "etxea teilatutik has" daitezke, hau da, lehenengo urtegia egin eta gero helburua, hartzaileak eta uraren erabilera erabaki. Eraikuntzako lobby-ak eta administrazioetan dituzten "kontaktuak" dira egiteko modu honetan irabazle nagusiak.

Proiektu honen ia 20 urteko historian zehar, Itoizko ura erabiltzeko argudioak erabat aldatu dira adierazpen ofizialetan. Nekazal egoerak 53.000 ha lehorreko lur ureztatzeko sailetan bihurtzea zalantzan jartzen zuen bitartean, Itoizko urendako beste erabilpen batzuk aipatzen hasi dira: hiri eta industriarako ur horniketa, energia hidroelektrikoaren sorgailu, ur goraldien kontrola, poluitzaileak diluitzeko,... Baina argudio hauek, ez banaka ezta batera hartuta ere, ez dute justifikatzen urtegia, ubidea eta dagozkien ureztatze sailak martxan jartzeko egin beharreko txikizioa, ezta aurre ikusitako 230.000 miloi pezetako gastua (1.400 miloi €). Eta hau kontutan hartuta obrak egiterakoan aurrekontua motz gelditzen ohi dela. Adibidez, proiektuaren 2 presak eraikitzerakoan aurre ikusitakoaren %300-a gastatu da.
Iragarki ofizialetan urtegiaren arrazoirik aipatuena 53.000 ha lehorreko lur ureztatze sailetan bihurtzearena izan da. Helburu honek ez du ez hanka ez bururik, aldakuntzaren errentagarritasun ikerketak faltsutu egin dira eta gainera, leku askotan ureztatze sailak lurreko gatza igoaraziko luke lurzorua idortuz. Hau gutxi izango balitz, Komunitateko Nekazal Politikak (KNP) ureztatze sailak uzteko laguntzak ematen ari da. Nafarroan soilik, azken urteotan, ureztatze saileko 3.000 ha utzi dira.

Bestalde, P. Arrojo irakasleak egindako Itoitz- Nafarroako ubidearen kostu-irabazien ikerketaren arabera proiektua ez da ekonomikoki bideragarria. Bere kalkuluen arabera, Itoizko ur m3 bat merkatuko balioa baino 15 aldiz garestiagoa izango litzateke eta lanpostu berriendako inbertsioa 12 aldiz haundiagoa. Honen arabera, ureztatze sailak martxan jartzeko beharrezkoa den dirutza denon artean ordaindu beharko genuke eta irabaziak nekazaritzako elikagaien industria haundiek jasoko lituzkete, nekazariek ez luketelako izango ura ordaintzeko adina dirurik. Analisi hau egiaztatu egin da administrazioak Izarbeibarreko nekazariekin izandako bileretan. Uraren m3-koaren prezio altuaz gain nekazal merkatuan saltzeko garantia gutxi duten barietateak landatzera behartuko dituzte.

Gainontzeko argudioek ere ez dute zentzurik. Horrela, adibidez, proiektuan esaten da Iruñerrirako ur horniketarako 23 Hm3 erabili daitezkeela, Iruñearen ezaugarriak dituen hiri batendako behar den ura baino 3-4 aldiz gehiago. Ez dirudi aurrerantzerako beharrek ere Itoizko urtegia premiazkoa egiten dutenik, ur erabilera orekatzen ari baita.

Bi zentral hidroelektrikoen eraikuntzaz hitz egiten da ere. Bata presan eta bestea ubidearen irteeran. Emango luketen energia 76 Gw.h-koa litzateke. Hori bai, ezkutatzen digutena zera da, urtegiak 34 Gw.h-ko ekoizpena duten 4 zentral urperatuko lituzkeela. Zentral hauengatik Nafarroako Gobernuak 5.000 miloi pezetako (30 miloi €) kalte ordaina ordainduko du.

Azkenik, beste urtegien funtzionamendua ikusita latza egiten da sinistea Itoizko urtegia ur goraldiak kontrolatzeko balioko lukeenik. Neguan ura askatu beharrean, industri hidroelektrikoek urtegiak "gainezka" izaten dituzte etekin elektrikoak haunditzeko. Horrela, ur goraldiak etortzen direnean uhateak bapatean zabaldu behar izaten dituzte, askotan uholdeak sortuz.

Gauzak horrela, badirudi, nahiz eta Nafarroa erdialdean zenbait hektarea ureztatze sail martxan jarri eta Iruñerria urez hornitu, ez dela ubidearen 2. zatia sekula egingo eta urtegiaren ur kopuru haundia Ebroren ur aldatzeak behar dituen 1.054 Hm3 ur osatzeko erabiliko direla.

Azken boladan Erriberan 4 golf zelai egiteaz hitz egin da -kasualitatez bat Corellan, M. Sanzen jaioterrian-. Zelai hauek ur behar haundia dute.

Eta hau gutxi balitz, Itoizko ur mailari buruz egindako ikerketa independiente batek dio ezin direla proiektuan agindutako helburuak bete, ur ezagatik. Ikerketaren arabera, uda batzuetan ura ez litzateke ubidearen muturrera helduko, hau da, Nafarroako ubidea lehortua egongo litzatekeela. Antzeko zerbait gertatu zen Tajo-Segura ur aldaketan. Obra honek 1.000 Hm3 garraiatu beharko lituzke urtero eta 300 Hm3 besterik ez ditu eramaten.

ITOITZ - NAFARROAKO UBIDEA: NAFARROAKO HISTORIAREN EKOLOGIA, EKONOMIA ETA GIZA TXIKIZIORIK HAUNDIENA

Itoizko urtegiaren eraikuntzak Irati, Artze eta Longida bailaretako 9 herri suntsituko lituzke eta kalteak eragin beste 6tan. Beraiekin batera lurrarekin eta historia eta kultur ondarearekin harreman estua duten ohizko bizimoduak desagertaraziz.

Urperatuta geldituko litzatekeen eremua oso aberatsa da ikuspuntu ekologikotik. Bere garaian Nafarroako Gobernuak eta Europako Parlamentuak 3 natur erreserba eta 2 Hegaztien Babesgune Berezi izendatu zituen. Proiektuak guztiak kaltetzen ditu. Hau dela eta Nazio Ur Planean dagoen proiektuen artean eragin haundienetarikoa izango lukeena da.

Eta guzti hau gutxi balitz, Nafarroako ubidea aurrekaririk gabeko erasoa izaten ari da: paisaiaren erabateko aldaketa milioika tonelada ur mugitu eta lekualdatzearen eraginez, arroen txikizioa eta oztopo efektua Nafarroako geografiaren 177 km-tan zehar.

Eta guzti hau gutxi balitz, Nafarroako ubidea aurrekaririk gabeko erasoa izaten ari da: paisaiaren erabateko aldaketa milioika tonelada ur mugitu eta lekualdatzearen eraginez, arroen txikizioa eta oztopo efektua Nafarroako geografiaren 177 km-tan zehar.

Eragina Erriberako nekazal egituran ikusiko litzateke ere. Nekazariek, ura ordaindu ezinean, nekazal industria enpresa haundiei lurrak saldu beharko dizkiete eta haien soldatapeko bihurtu.


ITOITZ EDO USTELKERIA MUGAGABEA

Proiektua hainbeste luzatu denez zenbait politiko, administrazio eta partidu politiko irabazi "irregularrak" egin dituzte.

Obraren esleipena iruzurra izan zen, hasiera batean alde batera utzitako enpresek lortu baitzuten. "Mesede" honi esker, Antonio Aragonek (Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailaren aholkulari ohia eta urtegiaren aldeko partaide amorratua) 240-480 miloi pezeta (1,44-2,88 miloi €) jaso zituen, aurrekontuaren %1,5 eta 3 artean, baita emaztearendako bitxi batzuk ere, LAIN enpresatik (esleipena hartu zuten 3 enpresetariko batek). Ondoren, Itoitzen egindako lanagatik Ebroko Ur Konfederazioaren Zuzendari postua oparitu zitzaion. Aurrerago, G. Urralbururekin batera -garai haietako Nafarroako Lehendakaria- kartzelan igaro zituen hilabete batzuk herri lanetan jasotako komisio ilegalengatik.

"Construcciones Corellanas y Hormigones Asfálticos de la Ribera" (HARINSA) enpresak ere lortu zituen esleipen irregularrak. Bertan M. Sanzen anaiak lan egiten zuen.

Obraren ziurtasunerako enpresak ere zeuden azpijokoetan sartuta. Itoizko ziurtasunerako arduradun nagusia Leoncio Castro izan zen, GALen arduraduna Nafarroan hain zuzen ere. J. Mayor Orejarekin zerikusia duen enpresa bat ere aritu da lanean obretan.

7 miloi m2 desjabetu eta enpresa eraikitzaileei oparitu zaizkie turismo-guneak egiteko. Kontutan hartu behar da hasierako proiektuan erabat debekatuta zegoela urtegiaren erabilpen turistikoa zonaldeko aberastasun ekologikoa babesteko. Alabaina, debeku hau bertan behera gelditu zen.

Gainera, Nafarroako gobernuak Burson-Marsteller, enpresa mafioso multinazionala kontratatu zuen. Enpresa honen zeregina proiektuaren itxura garbitu eta oposizioa ikertu eta kriminalizatzen saiatzea izan zen.

Proiektuak irregulartasunengatik espediente mordoa pilatu ditu (lur desjabetzea, diru laguntzak, ordainak kable mozketagatik kaltetutako enpresendako, ...)


LEGEDI PROPIOAZ PASO EGINEZ

Itoizko urtegiaren prozesu juridiko luze eta nahaspilatsuak argi utzi du potere politiko-ekonomikoak legea inolako arazorik gabe aldatu eta guzti egin dezaketela herritarren parte haundi bat kontra duen azpiegitura aurrera eramateko. Prozesu honek zalantzan jartzen du estatu espainolaren potere betearazle, legegile eta judizialaren arteko balizko banaketa.

Nafarroako Gobernuak zonaldeko hiru babesguneak (Iñarbe, Gaztelu eta Txintxurrenea) bere garaian egokitu arren, ez zuten kontutan hartu urtegiak babes bandak urperatuko lituzkeela. Hanka sartze horrek zenbait buru hauste eragin dizkie azken urteotan. Jakina denez, bai Auzitegi Nazionalak baita Gorenak ere proiektua baliogabe eta legez kanpokotzat jo zuten, beste arrazoien artean natur erreserben babes bandak urperatzen zituelako. Nafarroako Gobernuak 1996. urtean -EB-ren sostenguarekin beste batzuen artean- Naturguneen Foru Legea aldatu zuen eta horrela aipatutako erreserben babes bandak urtegiaren proiektura egokitu. Auzitegi Nazionalak proiektura egokitzeko edozein lege aldaketa legaltasunaren subertsio adibidea izango zela adierazi zuen arren, Auzitegi Konstituzionak aldaketa konstituzionaltzat eman zuen. Modu honetan, Auzitegi Nazionala, 2002. urtean, atzera bota zuen urtegia betetzeko debekua, legez kanpoko proiektua legal bihurtuz.

Urtegia baliogabe eta legez kanpokoa izan zen bitartean auzitegiak ez dira gai izan obra gelditzeko ezta minutu erdi batez -enpresen kalte ekonomikoak argudiatuz- ekintza burutuen dinamika bultzatuz. Adar jotzea gehiegizkoa izan zen Auzitegi Nazionalak 1995ean Itoizko koordinakundeari 24.000 miloi pezeta eskatu zionean -gero 13.000 milioira jeitsi zuen eskaera- obrak gelditzeko.

EB ere bitan artxibatu ditu koordinakundearen kexak nahiz eta proiektuak Europako legediaren kontra egiten duen zenbait puntuetan -batez ere, Hegaztien Babesgune Bereziei dagokionez-. Obraren alde dauden partiduek eragin dute artxibaketa.

Laburtzeko, Itoizko prozesu juridikoan argi gelditzen da interes ekonomiko-politikoa amalurraren defentsaren gainetik dagoela. Bestalde, oso aurrekari arriskutsua ezarri du: gobernuek legeak aldatu ahal dituzte proiektuak aurrera eramateko, nahiz eta hauek erabat txikitzaileak izan. Nafarroako Gobernua berriro saiatu da Larra Natur Erreserbako mugak aldatzen bertan sky pista bat eta 2 aterpe eraiki ahal izateko.


ITOITZ: LOKATZEZKO HANKADUN ERRALDOIA

Urtegiaren desegonkortasunari buruzko ikerketak ez dira berriak. 1989an, obrak hasi baino 5 urte lehenago Nafarroako Gobernuak ikerketa bat eskatu zuen urtegiaren ezkerreko maldaren balizko labainketei buruz. Txosten hau urtegiaren aurkariei ezkutatu egin zitzaien. 10 urte beranduago ingurugiro ministerioak malda horretan zenbait zundaketa egin zituen eta 80 miloi pezeta gastatu oinarrian obra-hondakinak pilatzen. Dena den, konponbide honek ez du ezertarako balio, labainketak egongo balira ez lituzkeelako geldituko, baizik eta irristatuko litzatekeen material kopurua haundiagoa izango litzateke.

2000. urtetik aurrera, Itoizko koordinakundeak A. Casas eta A. Rebollori -teknikari ezagunak- ikerketa egitea eskatu zieten. Bien txostenen arabera urtegiaren maldak desegonkorrak dira, ez soilik ezkerrekoa gainera, "flisch" izeneko egiturazkoa izanik, bustitzen denean oso labainkorra baita.

A. Rebolloren arabera presa apurtu edo gainezka egin ezkero 7 hondamendi arrisku gertatuko lirateke, Irati, Aragoi eta Ebroko arroetan bapateko uholdeak eraginez eta milaka pertsona hilez. Galera ekonomikoak izugarriak izango lirateke. Eta gainera, aipatu beharra dago Ascó zentral nuklearra Ebro ibaiertzean dagoela, bere garaian zimentuetan arazoak izan zituela eta horrelako uholde batek bertan eragingo lukeena zaila dela aurreikusten.
Bestalde, Itoizko bi presak ofizialki arrisku maximokoak (A kategoriakoak) bezela sailkatzen dira. Zonalde sismiko nahiko aktiboan kokatuak daude -Richter eskalaren 5 graduko lurrikarak izan dira. Gainera, jakina da urtegi haundiek lurrikaren arriskua haunditu egiten dutela.

Urtegiaren ziurtasun eza azaltzen duten datuak pilatu arren, administrazioa ez da saiatu ezta hauen kontra egiten. Ikerketari independienteen "in situ"-ko azterketak egin ahal izateko beharreko baimenak ukatu egin ditu. Hori bai, lotsarik gabe, diru publikoarekin kanpaina egin dute proiektuaren "ziurtasun osoa" adierazteko.

2003ko urtarrilean betetze frogak hasi zirenean A. Casas eta A. Rebolloren hipotesiak egiaztatu ziren. Uhateak itxi eta egun gutxitara maldaren lehenengo labainketak gertatu ziren. Administrazioa hau ezkutatzen saiatu zen.

Honek agerian uzten du Nafarroako eta Espainiako Gobernuen izaera kriminala, ez baitute arazorik jendearen bizitza arriskuan jartzeko beraien helburu politiko eta ekonomiko ilunak lortzearren.

Eskrupulurik gabeko agintari hauendako Vaiont, Frejus, Tous, Aznalcollar eta antzeko izenek ez dute ezer esan nahi. Urtero urtegi bat baino gehiagok istripu larriak jasaten dituela ahaztu egiten dute. Azkeneko adibideak aipatzeko, besterik ez, 2002an Siria eta Tajikistanekoak hildako asko eragin zituzten.

ITOITZ: "MANU MILITARI" BIDEZ EZARRITAKO MANIPULAZIOZ BETETAKO URTEGIA

Itoizko proiektua ezartzeko potereak bere betiko "teknika" guztiak erabili ditu:

- Engainua helburuei dagokionez, kontsumo aurreikuspenak lodituz, mota hauetako azpiegituretan ohikoa denez.
- Kokalekuaren arriskuaren berri ematen zuten informeen ezkutaketa.
- Komunikabideen erabilpen masiboa eta biztanleak urtegiaren beharraz sinistarazteko diru publikoarekin egindako milioietako kanpaina.
- Biztanleriaren mobilizazioaren maulazko erabilpena. Horretarako "Plataforma por el Agua" taldea sortu zuten. Honek, Franco garaietan bezela, autobusa eta bokata ordaindu zituen Iruñera urtegiaren aldeko manifestaziora joateko.
- Auzitegien manipulazioa, ilegala zena legala egiteko.
- Oposizioa aztertu eta proiektuaren aurpegi garbiketa egiteko enpresa mafiosoen erabilpena.
- Eta teknika guzti hauek nahikoa izan ez direnean zonaldeko militarizazio eta errepresiora jo dute. Gaur egun Itoizko ingurua Europako zonalderik militarizatuenetakoa da biztanle bakoitzeko: presaren oinean dagoen koartelean 50-60 guardia zibil bizi dira, 30 bat zinpeko guardak zaintzen dute obra. Guzti honi G. Zibilak Agoitzen eta Auritzen dituen koartelak gehitu behar zaizkio.

Zonaldeko bizilagunek etengabe jasan dute polizia jasarpena: kontrolak, katxeoak eta oposizio kideen ibilgailuen eta Angiluerreka elkarteko (bitan) sute ezin susmagarriagoak.
Urtegiaren kontrako manifestazio eta ekintzen aurka errepresio haundiz erantzun dute, baita obrak egiten hasi aurretik ere. Atxiloketa eta epaiketa ugari izan dira eta 10 lagun kartzelan egon dira dagoeneko.

ITOITZ: GAUR EGUNGO EREDU DESARROILISTA ETA TXIKITZAILEAREN BERMATZAILEA

Lehenago ikusi dugun moduan, ura kapitalismoak aurrera egiteko beharrezkoa duen garapen ekonomikoaren faktore mugatzaile nagusienetakoa bihurtu da. Horregatik nahi dute garrantzi estrategikoa duen oinarrizko baliabide hau faltan ez izatea eta ekoizpen eta kontsumo guneetara bideratzea. Baliabide honen kudeaketak agerian uzten du administrazioek lurralde zehatzetan ezarri nahi duten garapen mota eta dakarren eragina.

Gaur egungo garapen ereduan nekazal lurrak garraio eta energia azpiegitura erraldoien oinarri material gisa edo lehengaiak lortzeko erabiltzen da (nekazaritza intentsiboa, ura,...) gero eta haundiagoak diren hiriguneen mesederako.

Itoizko urtegia-Nafarroako ubidearen kasuan, balio ekologiko eta lurrarekiko kultur ohitura aberatsak dauzkaten Pirinioaurreko haranak urperatu egin behar dira nekazaritza intentsiboan, turismoan eta hirigune-industria garapenean oinarritutako interes ekonomikoen onurarako.

Itoizko uraren bitartez ez dute soilik Nafarroako erdialde eta erribera garatu nahi, baizik eta mediterraneoko kostaldea ere -nekazaritza intentsiboa, kimikoa, oso mekanizatua eta nekazal industria talde haundien kontrolpean dagoena, etorkinen lan eskua esplotatzen duena. Nekazal eredu honek bertako herrien beharrak asetzea baino elikagaiak urrutira bidaltzea du helburu bezela. Hau dela eta, garraioaren menpekoa da, honek dakarren energia xahutzearekin.

Nekazal ustiapen familiar asko talde hauen esanetara geldituko lirateke eta nekazariak langabeziara joan edo soldataren truke egin beharko lukete lan. Nekazaritza eredu honetaz gain, eskubiderik gabeko lan esku merkean oinarritutako nekazal elikagaien industria garatuko litzateke.
Itoitz-Ubidea bikotearen bitartez ez da bakarrik Iruñerriko hiri-industria garapena bultzatzen, baita etengabeko hazkuntzan dauden Bartzelona eta Valentziako metropoliena ere. Iruñerria asko zabaltzen ari da eta sortzen ari diren auzo eta bizitegi eremuetako ezaugarriek, familia bakarreko eta elkarri atxikitutako etxebizitzak, lorategiak eta golf zelaiak, ur beharrak izugarri haunditzen dituzte.
Turismoa izango litzateke Itoitzen etekinen helburuetako bat, bai Mediterraneoaren kostaldean (masa turismoa), bai urtegiaren inguruan, zonaldeko natur aberastasuna eta ur kirolek erakarriko luketen turismo "berdea" sortuz. Turismo mota hau inguru honi falta zitzaion bakarra litzateke, dagoeneko urtegiaren eraikuntzagatik nahiko kaltetua dago eta.

Azpiegitura hidrologiko hauek lurraldearen desoreka haunditzen dute. Urperatutako haranetako bizilagunek alde egin beharko lukete, 60. hamarkadako industri "boom"-aren exodo jarraiari bukaera emanez. Bitartean, Iruñerria eta Mediterraneo kostaldeko hiriguneetako biztanlegoak gainezka egingo du, bizimodu eta kultura eredu "urbanita" bultzatuz, natura eta ohiko kulturaren arteko harremana erabat desagertuz. Kultura "kosmopolita modernoaren" garaia da, bateratzaile eta alienatzailea, bizitzaren balio kapitalista elkartasunaren gainetik jartzen duena, ideologi eredu autoritarioa nagusitzen duena giza taldeen partaidetza eragotzi nahian.

Itoizko kasuan, badago beste arrazoi bat ere, uraren "eskasia" erabili nahi izan dela hizkuntza eta kultur ezberdineko komunitateak, mendialdea eta Nafarroak erribera, bata bestearen kontra jartzeko, erriberako interes ekonomikoei lehentasuna emanez ideologia espainazalea Nafarroan finkatzeko asmoz.