8. komunikatua (2003-06-18) Erresistentziako 3. eguna Itoitzen

Itoitzekiko Elkartasuna taldeko bitartekariak herritik are gehiago urrutiratu zituzten bart gauerdian. Garai batean harria txikitzeko erabiltzen zen oruberaino joanarazi zituzten, herritik 500 bat metrora. Guardia Zibilak, GAR taldeek eta Foruzaingoak ez dute atsedenik hartu gau osoan: Itoitz erabat inguratuta eta kontrolpean izan dute. Herriaren inguruan plastikozko zinta bat jarri dute, eta kazetariei ere ez diete utzi barruan sartzen. Ondorioz, hirugarren erresistentzia egun honetan ezin izan da inor hurbildu Jakue eta Bernatena etxeetara.
Bitartekariak beste ahalegin bat egin dute, baina berriro kanporatu dituzte. Azkenean Alduntzako gainean gelditu behar izan dute, Itoitz herritik pare bat kilometrora. Handik ezin zuten ikusi zer gertatzen ari zen herrian. Bistan dago horixe izan dela hasiera-hasieratik polizi indarren helburua: lekuko guztiak kanporatzea, inork ikus ez zedin zer egiten ari ziren foruzainak. Foruzaingoaren jokaera beldurgarria bezain arriskutsua izan baita: Bernatena etxeko bunkerra mailu neumatiko batekin zulatzen saiatu dira, barruan zeuden lagunak ateratzeko asmoz. Hori ikusirik, ekintzaileek suhiltzaileen eskuhartzea eskatu dute, nahiz eta animoz eta osasunez ongi dauden, oraindik zenbait egunez jarraitzeko moduan.
Bunkerrean kateatuta dauden bi lagunen bizia arriskuan zegoela ikustean, Itoitzekiko Elkartasuna taldeak prentsaurreko bat eskaini du Alduntza gainean gizarteari SOS deia egiteko. Prentsaurreko horretan gaur goizean Itoizko etxeetatik beren kabuz atera diren bi ekintzaile mintzatu dira. Bi lagun horiek kinka larrian ikusi dute euren burua, eta artean barruan gelditzen ziren beste hiru pertsonen bizia arriskuan egon zitekeela ohartarazteko atera dira. Komunikabideen aurrean, gogor salatu dute Foruzaingoaren eta "Perez del Rio" enpresa txikitzailearen basakeria; izan ere, makina astunak erabili dituzte hormak botatzeko, kontuan hartu gabe handik oso gertu jendea zegoela loturik eta mugitu ezinik.
Agerraldi berean, bunkerrean gorderik segitzen duten bi ekintzaileak inolako babesik gabe gelditu direla eta haiek kanporatzen saiatzea oso arriskutsua dela ohartarazi dute Itoitzekiko Elkartasuna taldeko bitartekariek.
Prentsaurrekoa ematen ari ziren bitartean, Guardia Zibilak erabat inguratu du Agoizko Angiluerreka elkartea, eta plazan zeuden zeinbat lagun identifikatu ditu.
Ordu berean, bere etxean ezkutaturik zegoen Itoizko biztanle bat aurkitu du Foruzaingoak. Foruzainek bortxa handiz atxilotu dute eta ondoren komisaldegira eraman dute. Hala ere, Foruzaingoko zenbait arduradunek ukatu egin dute ekintzaile hori preso hartu dutela.
Gertaera hauek guztiak direla eta, Itoitzekiko Elkartasuna taldeak protesta zaratatsua egingo du gaur, arratsaldeko 8etan, Agoitzen.

Informazio ematen jarraituko dugu

OHARRA: Hemendik aurrera gure komunikatuak hurrengo helbideen bitartez banatuko ditugu soilik: www.sositoiz.com eta www.euskalherria.indymedia.org

Atxilotuak askatu! Itoiz bizirik! Amalurra defenda dezagun!!! Itoizko
Solidarioak