11. Komunikatua (2003-06-20)


PRENTSAURREKOA

Itoitzekiko Elkartasuna taldeak komunikabideei Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean, Foruen estatuaren azpian, egitekoa zen prentsaurrekora luzatu die deia.

Bertan Itoizko herritik, eraisketa bukatu aurretik, kaleratu dituzten azkeneko hiru lagunek eta taldeko abokatu batek hartu dute parte.

Bunkerrean hiru egunez izandako lagunek erresistentziako egun hauetan Foru Zaingoak eta eraisketa enpresak izandako arduragabekeria eta ausarkeria salatu dituzte. Hauek inprobisazio, kontrol eza eta burugabekeriaz jokatu dute, kanporaketa eta eraisketa erresistentzian zihardutenen amesgaizto bihurtuz.

Suhiltzaileen parte hartzea bere bizitza arriskuan ikusi zutelako eskatu zutela azaldu dute, Foru Zaingo eta eraisketa enpresaren profesionaltasun eta gaitasun tekniko eza ikusita.

Hirugarren laguna, Jakue etxeko bizilaguna, bi egun t'erdi igaro zituen bere etxean inor ohartu gabe; bitan irten behar izan zuen bere ezkutalekutik hondeamakinak, kontrolik gabe, ingurua eraisten ari zela ikusirik. Foru Zaingoek, ez zutela bitartekarien hitza sinestu nahi, eraikina botatzearekin egiten zuten mehatxu.

Nafarroako Gobernuak Itoitzen kanporaketa egiteko erabili den bidea espreski salatu da: kontrolik gabeko eskuhartzea hustutzearen arriskua areagotuz, honela ekintzaileek suhiltzaileen parte hartzea eskarazteko. Horretarako interbentzioaren izendapena aldatzen dute: "hustutzea" "erreskate" bihurtzen dute, beraien bizkarra babestuz ezbehar baten aurrean. Asteartea funtsezko eguna izan zen kanporaketan: Nafarroako Gobernua, Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Foru Zaingoa eta suhiltzaileen arduradunak premiazko bileran elkartu ziren "arazoaren" soluzioa bilatzeko.

Taldeko abokatuak ekintzan parte hartu zutenen testigantza jasotzen ari dela jakinarazi du eta, bidezkoa izatekotan, epaitegian dagokion salaketa jarriko duela hustutzea zuzendu duten Nafarroako Gobernuko arduradun politiko, burutu duten Foru Zaingoen buru eta eraisketa enpresaren ordezkarien kontra.


HERRIAK BIZIRIK-ITOITZ GELDITU

ITOITZEKIKO ELKARTASUNA TALDEA