ARTOZKI ERRESISTENTZIAN

(03-10-5) IRARI BIZIRIK NAHI DUTELA ALDARRIKATU DUTE 2.500 LAGUNEK AGOITZEN

Itoizko urtegiak urpean hartuko omen dituen herrietatik zutik gelditzen ziren azken biak, Artozki eta Munian, kupidagabe txikitu dituztela salatu dute gaur 2.500 lagunek Agoitzen. Itoizko Solidarioen deiari erantzunez, Irati ibaia, bailara eta herriak bizirik nahi dituztela oihukatu dute manifestatzaileek. Agoizko udaletxean itxita ziren bizilagunek amaitutzat eman dute protesta, eta Itoizko Solidarioak taldeak urtegiaren egitasmoa erabat gelditu arte borrokan jarraituko duela berretsi du.
Manifestazioa 13.15ean abiatu da, euripean. Pankarta nagusia (herriak bizirik) Irati bailarako hainbat bizilagunek eraman dute. Solidario talde batek hileta elizkizuna antzeztu du, azken hilabeteetan eraitsi dituzten herriak gogoan (Gorritz, Ezkai, Nagore, Orbaitz, Itoitz, Artzi, Artozki eta Muniain). Guardia Zibilak gertutik zaindu du manifestazioa. Ibilbidean zehar, Itoizko urtegiaren aurkako eta herri bizien aldeko oihuak izan dira nagusi.

Amaierako ekitaldian, Itoizko urtegiaren burugabekeria eta Irati bailararen kolonizazioa salatu dute Solidarioek: "Hemen, ezbaian jartzen dugu sortzen ari garen gizarte eredua. Ez dakigu inoiz inork bere gain hartuko ote duen Itoizko urtegiaren esperpentuaren erantzukizuna, baina guk ez dugu gezur eta iruzur gehiago onartuko. Miguel Sanzek salgai jarri du gure lurraldea. Hemen dagoeneko ez du Nafarroako Gobernuak agintzen, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak baizik. Gure haranen gaineko erabakiak Zaragozan hartu ziren; Zaragozan erabakiko da ura Pitillasera edo Sartagudara iritsiko den, eta Zaragozan erabakitzen ari dira nor bizi daitekeen hemen eta nor ez. Uraren kudeaketa EKHk erabakitzen du, ez Nafarroak. Bere lurraldea defenditu beharrean, Nafarroako Gobernuak bertako herriak txikitzen eta poltsikoak bapo betetzen ari da".

Era berean, Itoizko urtegiaren egitasmoa erabat gelditu arte borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute Solidarioek: "Hemen gazte jende ugari dago, Artozkiko eta Irati bailarako beste hainbat herrietako seme eta alaba ugari. Gazte horiek etorkizun bat izan dezaten nahi dugu. Horregatik, eta bizia maite dugulako, bukaeraraino borrokatuko gara. Inork ez dezala pentsa herriak bota dituztelako etsiko garenik. Ez dugu atsedenik hartuko obra zentzugabe eta handinahi hau erabat gelditu arte".

Manifestazioa jai giroa amaitu da, musikarekin eta Iñakiren askatasunaren aldeko oihuekin -Itoizko urtegiko kableak mozteagatik dago preso Iñaki-.

Bestalde, gaur jakin dugu langile batzuk Artozkiko eliza zenaren kanpai hautsia, Nafarroako Gobernuaren txikizio egarriaren azken sinboloa, erretiratu dutela.

IRATI BIZIRIK
IÑAKI ASKATU
JO TA KE, ITOITZ GELDITU ARTE

Informazio gehiago http://www.euskalerria.indymedia.org webgunean.

::: Erresistentzia ordena kronologikoan (argazki eta kronikak) :::

::: Itoizko Solidarioen komunikatua :::


:: Beste hedabideen kronikak ::

Prentsa

::: Diru laguntza :::

Erresistentziak laguntza ekonomikoa behar du. Egin ezazu zure ekarpena ondoko kontuan: Caja Navarra 2054/0220 64 00000 4297.5



Informazio gehiago:
|SOS Itoiz| |Itoizko eraispenari eta erresistentziari buruako informazioa | |Erresistentziaren Historia |