Imprimatu E-mailez bidali

Sakanako garapenari buruzko diagnosia

 

Oixe Sakanako astekarian agertutako textua, bere 109. zenbakian (2003ko uztailaren 11a).

Aurreko aste bukaeran, Sakanako garapenari buruzko jardunaldiak izan ziren, Sakanako Garapen Partzuergoak antolatuta. Ostegun eta ostiralean. partzuergo eta garapen lokalari buruzko hitzaldiak izan ziren, eta, ondoren, mahai inguruak. Hauetan jendearen parte hartzea handia izan zen, eztabaida aberasgarria sortuz.

Larunbatean, Sakana, nolakoa nahi dugu? galderari erantzuna ematen saiatu ziren Sakanako Mankomunitatean bildutakoak. Lanean aritu den lan taldeak eta ikertzaileek ibarreko diagnosis aurkeztu zuten. Lehentasunak markatu eta ekintza plana egiteko asmoa zego-en, baina, denbora faltagatik, irailerako uztea erabaki zen. Lan horren ondoren, Sakanaren garapenari buruzko behin-betiko diagnosia aurkeztuko dute.

Diagnostikoa egiten lanean aritu den lan taldeak eta ikertzaileek helburu hauek zituzten: Sakanako errealitatea ezagutu, ibarrerako plan eragile-parte hartzaile bat garatzea, eta prozesu parte hartzailea. Ikerketako emaitzak Sakana bezain zabalak dira.

Jardunaldietako une bat

Sakanakoa izatearen sentimendua

Ikertzaileek uste dute badagoela ibarrekoa izatearen sentimendua edo kontzientzia. Hala ere, norberaren herriarekiko lotura oso handia da. Horrek ez du esan nahi ibarraren premiarik ez dagoela. Ikerketan, Sakana arloko zerbitzuen beharra eta herrien arteko oreka falta nabarmendu dira. Sakana aztertzean, 3 zati nabarmendu dituzte: Irurtzun (Iruņaren gertutasuna nabari duena), Etxarri-Aranatz. eta Altsasu. Ibarrean jaiek eta institutuek egiten dute bateragile lana ikerketa horren arabera. Horrekin batera, Sakana kontuan hartu gabe erabakiak hartzen direla ere jaso zen. Eta horren adibidetzat, industri guneak jarri ziren.

Sozioekonomia: metalgintzaren nagusitasuna, emakumeen langabezia...

Sozioekonomiari buruz, ikerketan jasotzen da ia-ia ez dagoela langabeturik Sakanan. Hori bai, emakume langabetuen arazoa, lanaren egonkortasun eza eta lan kontratu finkoen eskasia azaldu ziren. Sektoreka, lehen sektorearen atzerakada azpimarratu du ikerketak. Sektore horretan ustiapen eredu berriak sortzen ari direla ere nabarmendu zen. Bigarren sektorean, metalgintza nagusi dela argi gelditu zen. Horrek arlo horretan espezializatzea eta Sakanan industria aniztasun eskasa egotea ekarri du. Enpresa txiki eta ertainak gehiengoa dira, nahiz eta herri batzuetan multinazionalak erreferentzia bakarra diren. Hirugarren sektoreari dagokionez, ikerketa horretan jasotzen denez, turismoa garatu gabe dago oraindik.

Etxebizitza eta heziketa

Baina, horrekin guztiarekin lotuta, etxebizitza eta heziketa daude. Ikerketak jasotzen duenez, Sakanan etxebizitza eskuratzea zaila da. Zergatik? Salneurriak handiak direlako, instituzioen laguntza eskasa delako, eta egonkortasunik ez dagoelako. Azken hori, batez ere, emakumeen artean. Hezkuntzari lotutakoekin jarraituz, ikerketan jasotzen denez, Sakanan dagoen eskaria baino askoz unibertsitari gehiago daude. Bestalde, Sakanako ikastetxeek eskaintzen duten formazioa ez dator bat ibarreko enpresen premiekin.

Hiriekin dugun hartu-emana

Sakanako diagnostiko horretan arlo sozioekonomikoan, ikerketak nabarmen agertzen du sakandarrek hiriarekin dugun hartu-emana. Nonbait, hirira ibarrean ez ditugun zerbitzuen bila omen goaz. Alde batetik, ongi pasatzera. Eta bestetik, erosketak egitera.

Haurtzaindegi eta erresidentzien beharra

Zerbitzu publiko eta azpiegituren gaian, sakandarrok ez omen dugu jarrera bateraturik. Nabarmen gelditu da zerbitzuen eskasia edo gabezia. Eta zenbaitetan baita desoreka ere. Gizarte zerbitzuetan 0-3 urteko haurtzaindegia eta adinduendako erresidentzien premia agerian utzi du ikerketak. Gainera, dauden gizarte zerbitzuak herri gutxi batzuetan bilduta daude.

Osasuna

Osasun arloko zerbitzuen inguruan, diagnosian jasotzen denez, haien arteko koordinazioa falta da Sakanan. Gainera, ibarra 3 osasun eskualdetan banatua egotean, eskualde bakoitzak bere zerbitzuak eskaintzen ditu, benetan Sakana zein zerbitzu eskaintzen diren jakitera heldu gabe. Ikerketak jakinarazten duenez, zerbitzu bat jasotzeko irizpide ezberdinak gure ibarrean. Gainera, zerbitzua jakin batzuk jasotzeko instantzia gehiegi bete behar omen dira.

Aisialdirako eskaintza eskasa

Azterketak jasotzen duenez, eskaintza eskasa da eta horregatik gazteak hirira doaz. Bestalde, taberna beste aukerarik ez omen dago Sakanan. Herri txikietan elkartea omen da aisialdia dinamizatzen duena. Bestalde, sakandarron parte hartze maila urria dela dio diagnosi horrek. Gaur egungoa indibidualismo garaia omen da. Bestela, gure ibarrean elkarte ugari omen daude, baina bakoitza bere txokoan gelditzen da, sakabanaturik. Azterketa horretan jasotzen denez, euskara bizitzaren arlo guztietan egotea bulkatu beharrekoa da.

Erakundeen papera eta gazteria

Erakunde, gazte, emakume, adindu eta etorkinen arloak ere aztertzen dira. Erakundeei dagokienez, Udalek eta Mankomunitateak izan beharko lukete proposatuko diren aldaketak aurrera eraman beharko luketenak. Nafarroako Gobernuarengandik babes gutxi jasotzen dela iruditzen zaigu. Nafarroako eskualdeen artean desorekak daudela uste da. Gobernua urrun sentitzen dela ere azaldu da.

Gazteriari dagokionez, agerian gelditu da ikuspegi bateraturik ez dagoela. Parte hartze handiagoa eskatzen zaie gazteei, txosten horren arabera. Eta lana, etxebizitza edo aisialdia gazteei eragiten dieten gaiak direla argi gelditu da. Bestetik, Sakanako emakumeek lana lortzeko zailtasunak omen dituzte. Gainera, emakumeek adinduak zaindu behar dituzte, gainerako betebeharrak egiteaz aparte. Adinduak aipatu ditugula, haiendako Sakanan zerbitzu gutxi daudela utzi du agerian txostenak. Horrekin batera, bakardadea ere nabarmendu dute ikertzaileek.

Etorkinak

Estatuko etorkinak 60 eta 70eko hamarkadetan etorri ziren, lan kontuak zirela eta. Lehen mundutik kanpoko pertsonen etorrerari buruz zabaldu den diskurtsoak zer esana eman zuen diagnostikoa egiterako garaian. Etorkin horiek lan mundurako eta etxebizitzarako sarrera nola duten ere mahai gainean izan zen. Horrekin batera, integrazioa lortzeko hizkuntzaren ezagutzaren beharra nabarmendu zen. Baita kulturen elkar ezagutza ere.

Irailean lehentasunak markatu eta ekintza plana zehaztuko da

Horiek guztiak, esan bezala, Sakanako egoeraren diagnosia egiterakoan azaldu diren gaiak dira. Sakanako Garapen Partzuergoak zabaldu duen bide horretan hurrengo urratsa lehentasunak markatzea izanen da. Hori irailean eginen da. Eta horrekin batera ekintza plan bat etorriko da. Han jasoko dena indarrean jartzearen ardura teknikari eta Sakanako erakundeena izanen da.

Jardunaldietako antolatzaileak azaldu dutenez, parte hartzea ez da handia izan. Hala ere, ibarreko herri gehienetatik, eta pentsakera ezberdineko jendea bildu da. Sortu den eztabaida eta ideia trukaketa oso aberasgarria izan omen da. Parte hartzaileek garbi zuten ibarrari eragiten dioten erabakiak Sakanan hartu behar direla. Horrekin batera, kanpoko dirulaguntzen menpe ezin dela egon azaldu zuten. Elkarlanerako deiak egin dituzte. Beraz, emaitzekin pozik daude antolatzaileak.

 

 

Orrialde honek hemen zegoen: http://www.sindominio.net/fundamento/index2.php?I=eusk&T=t7&P=9

Azken modifikazioaren data: 2003/11/15

CC 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual lizentzia
Web honek 'Creative Commons 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual' lizentziapean dago
(ikusi: http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0/es/deed.es)