Webgunearen lehenengo orrialdera zoaz

Etxegarateko autobia egitea onesten dituen Foru Aginduak

AUTOBIDEA
ETXEGARATEN
  Nafarroako Aldizkari Ofiziala 96 zenbakia - Data 12/08/1998
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
2656/1998 FORU AGINDUA, uztailaren 21ekoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "N-1 autobia egitea, 395 k.p.tik 397 k.p.ra", proiektua, Elsamex, S.A. enpresa aholkulariak erredaktatua eta Bide Zerbitzuko Obren II. Atalak zuzendua, teknikoki onesten duena.

Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzaileak (1998-2005) epe horretan N-1 errepideko Altsasu-Etxegarate tartea bikoiztea aurreikusia dauka. Horrela, errepide nazional hori Nafarroako lurretan autobia bihurtzeari amaiera emanen litzaioke.

Egungo errepideko trafikoaren IMDa 11.597 ibilgailukoa da, horietatik % 37,50 astunak, 1997. urtean eginiko aforoetan lortutako datuen arabera; trazadurak, nahiz eta ezaugarri desegokirik ez izan, erdi-hirikoa den eremua zeharkatzen du eta partikularren sarbide edo jatetxe asko daude bertan. Horrek zaildu egiten du zirkulazio librea eta arriskua sortzen du komunikabide garrantzitsu honetan. Trazaduraren egungo galtzadak 7,00 metroko zabalera du eta 1,50 metroko bazterbideak.

Proiektuaren helburua da N-1 autobiako obren definizioa 2 kilometroko tartean gutxi gorabehera, Gipuzkoaraino luzatuz berriki bukatu diren Altsasuko bidegurutzeko obrak.

Proiektuaren arabera tarte bat, 300ren bat metrokoa galtzada bakoitzean, tunelpean eginen da, Murgilko muinoaren azpian, eta bi zubi izanen dira egungo N-1 errepidearen gainean. Horretaz gainera, lotune bat izanen da N-1 errepidearekin gurutzatzeko, Altsasuko herrian sartzeko trafikoa antolatuko duena.

N-1 errepidearen trazadura berriak autobideen ezaugarriak izanen ditu: bi galtzada, bakoitzak 3,75 metroko bi errei eta bazterbideak, 2,50 metrokoa kanpokoa eta 1,00 metrokoa barnekoa. Eginen den autobiaren ardatza N-1 errepidearen egungo galtzadatik bereizi eginen da, eta azken hau zerbitzu bide gisa utziko da.

Bidezoruaren sekzioak honako hauek dira:

Zati nagusian:

-M.B.C.ko 4 cm, PA-12 mota, errodaduran

-M.B.C.ko 6 cm, S-20 mota, tartean

-M.B.C.ko 7 cm, G-25 mota, oinarrian

-M.B.C.ko 8 cm, G-25 mota, oinarrian

-30 cm-ko zementu lurzorua, oinarripean

Adarretan:

-M.B.C.ko 6 cm, PA-12 mota, errodaduran

-M.B.C.ko 6 cm, S-20 mota, tartean

-M.B.C.ko 10 cm, G-25 mota, oinarrian

-30 cm-ko zagor artifiziala, ZA-40, oinarripean

Bidezorua E-3 kategoriako zelaiune baten gainean ezarriko da.

Drenajeko jarduketa nagusiak: fabrikako 8 obra, 1,80 metroko diametroa duten sekzio zirkularrekoak, eta 2 marka bizelular, 4,00 x 2,50 metroko neurrikoak.

Proiektuan azaltzen da ukitutako zerbitzuak berrezarri eginen direla, horien artean gasbidea, 30 kV-ko linea elektriko bat eta horniketarako kondukzio bat, bai eta oraingo bideen sarea ere.

Kontuan hartu da ukitutako eremuetako paisajearen eta estetikaren lehengoratzea, eta hori kontuan izanen da lur-berdintze eta lubeta ezponden diseinuan; ukituriko eremua berriz landareztatzeko proiektua ere bada.

Hori horrela, Bide Zerbitzuak adierazi eta proposatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "N-1 autobia egitea, 395 k.p.tik 397 k.p.ra", proiektua, Elsamex, S.A. enpresa aholkulariak erredaktatua eta Bide Zerbitzuko Obren II. Atalak zuzendua, teknikoki onestea.

2. Proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari hasiera ematea.

3. Aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean. Epe horretan edozeinek aurkeztu ahal izanen ditu, idatziz, egoki juzkatzen dituen ohar eta alegazioak, bai eta argitara emandako zerrendan egin ahal izan diren hutsak zuzentzeko behar diren datuak ere. Horretarako, interesatuek aztergai izanen dituzte lurzatien planoak Altsasuko Udaletxean eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide Zerbitzuko bulegoetan.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

5. Foru Agindu hau jakinaraztea Altsasuko Udalari, zeini igorriko baitzaio lurzatien planoen kopia bat, eta Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, Bide Zerbitzuari eta Desjabetzapen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren hogeita batean.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

 

Nafarroako Aldizkari Ofiziala 99 zenbakia - Data 19/08/1998


I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
2657/1998 FORU AGINDUA, uztailaren 21ekoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "N-I autobia, Altsasu - Gipuzkoako muga, 397. k.p.tik 402. k.p.ra" egiteko proiektua, Ingeniería Idom Internacional enpresa aholkulariak prestatu eta Bide Zerbitzuko Obren II. Atalak zuzendua, teknikoki onetsi eta jendaurrean jartzen duena.

Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzaileak (1998-2005) epe horretan bikoiztu gogo du N-1 errepideko Altsasu-Etxegarate tartea. Horrela, errepide nazional hori autobia izanen litzateke oso-osorik Nafarroako zatian.

Egungo errepideko trafikoaren IMDa 11.597 ibilgailukoa da, horietatik % 37,50 astunak, 1997. urtean eginiko neurketetan lortu diren datuen arabera; trazadurak, nahiz eta ezaugarri desegokirik ez izan, zenbait sarbide ditu finka partikular, industria eta jatetxetara. Horrek zaildu egiten du zirkulazio librea eta arriskua sortzen komunikabide garrantzitsu honetan. Egungo galtzada 7,00 metro zabal da eta bidebazterrak, 1,50 metro.

Proiektuaren xedea N-1 autobiako obrak zehaztea da, 5 bat kilometroko tartean, Gipuzkoako muga arte.

Proiektu honen prestakuntza 1996ko urrian lehiaketa bidez adjudikatzeko erabili zen pleguaren arabera, aldez aurretik aukerak aztertu ziren eta, horiek jendaurrean jarrita zeudenean, beste azterlan bat egitea erabaki zen, N-1 errepidaren trazadura osoa, Altsasuko lotunearen eta Gipuzkoako mugaren artekoa, kontuan hartuko zuena.

Eman ziren lau aukeretatik, 4 zenbakia zeramana onetsi zen azaroaren 25eko 5097/1997 Foru Aginduaren bitartez. Haren garapenari dagokio teknikoki onesteko proposatzen den proiektua.

Proiektu horretan, 4.882,459 metrokoa da luzera. Gaur egungo N-1 errepidearen hegoaldetik abiatzen da eta berrehun eta berrogeita hamar bat metro Gipuzkoan sarturik amaitzen. Tarte osoa saihesbidea da, baina Gipuzkoako tartean bikoiztu egiten da.

Bi lotune ditu: lehenak, Altsasukoak, autobia eta gaur egungo N-1, zerbitzu bide gisa, lotzen ditu trazaduraren tarteko puntu batean; eta bigarrenak, Zegamakoak, herri horretara doan errepidearekin lotzen du.

Proiektuak kontuan hartzen du autobiak moztutako bide guztiak konpontzea.

A-120aren ezaugarriak ditu trazadurak: bi galtzada, 3,75 metroko bi erreikoa bakoitza, bi bazterbiderekin: 2,50 metrokoa, kanpokoa, eta 1,00 metrokoa, barnekoa. Bi galtzada horien artean, erdibitzailea, 14,00 metro zabal, muturretako trantsizio tarteetan izan ezik.

Hauek dira bidezoruaren sekzioak:

Zati nagusian:

-M.B.C.ko 4 cm, PA-12 motakoa, gaineko geruzan.

-M.B.C.ko 6 cm, S-20 motakoa, tartean.

-M.B.C.ko 7 cm, G-25 motakoa, oinarrian.

-M.B.C.ko 10 cm, G-25 motakoa, oinarrian.

-30 cm-ko zementu lurzorua, oinarripean.

Adarretan:

-M.B.C.ko 6 cm, D-20 motakoa, gaineko geruzan.

-M.B.C.ko 12 cm, S-20 motakoa, tartean.

-20 cm-ko zementu lurzorua, oinarrian.

Bidezorua E-3 kategoriako zelaiune baten gainean ezarriko da.

Hauek dira proiektuan sartutako egiturak: Altsasuko lotunea, Alzania ibaiaren gaineko bidezubia, trenbidearen gaineko pergola eta bidezubia eta Zegamako errepidea, izen bereko lotunean.

Proiektuan kontuan hartu da ukitutako zerbitzuak berriro ezartzea, horien artean, Iberdrola, S.A.ren linea elektrikoak, telefono instalazioak eta Sakanako Mankomunitatearen hornidurako kondukzio bat, baita orain arteko bideak ere.

Eraikitze proiektu honetan, ingurugiroaz egin den azterlanetik abiatuta, obrak egitean kontuan hartuko diren neurri zuzentzaileak zehaztu, definitu eta baloratu dira, eta ez da ahantzi paisajea eta estetika bere lehengora ekartzea lurrerauzketa eta lubetetan.

Hori horrela, Bide Zerbitzuak adierazi eta proposatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

AGINDU DUT:

1. Teknikoki onestea "N-I autobia, Altsasu - Gipuzkoako muga, 397. k.p.tik 402. k.p.ra" egiteko proiektua.

2. Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari ekitea.

3. Aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera, 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea. Epe horretan, edozeinek aurkeztu ahalko ditu bidezkotzat jotzen dituen ohar eta alegazioak, baita, idatziz, argitara emten den zerrendan izan daitezkeen okerrak zuzentzeko datuak eman ere. Horretarako, interesatuen eskura egonen dira lurzatien planoak Altsasuko eta Olaztiko Udaletxeetan eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide Zerbitzuaren bulegoetan.

4. Foru Agindua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitara ematea.

5. Foru Agindu hau Altsasuko Udalari jakinaraztea, zeini lurzatien planoen kopia bat bidaliko baitzaio. Halaber, Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, Bide Zerbitzuari eta Desjabetzapen Atalari ere jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren hogeita batean.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

 

Nafarroako Aldizkari Ofiziala 98 zenbakia - Data 17/08/1998


I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 1998ko uztailaren 6koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "N-1 autobia. Altsasu-Etxegarate tartea" proiektuaren izapidaketari hasiera eman eta Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

I.-Aurrekariak.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, iragan maiatzaren 15ean, "N-1 autobia. Altsasu-Etxegarate tartea" proiektuari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial gisa izapidatzeko.

II.-Deskribapena eta hirigintzako balorazioa.

Proiektu sektorialeko obrak Altsasu eta Olaztiko mugapeetan eginen dira; bi herri horiek berrikusten ari dira Hirigintza Planeamenduko Arau Subsidiarioak.

Altsasuko mugapean ukituko diren lurzoruak urbanizaezinak dira, batzuk "oihan" kategoriakoak eta beste batzuk "generiko" kategoriakoak. Oihan lurzoruak, egungo errepideak ere zeharkatzen dituenak, ez lituzke aztertutako aukeretako edozeinek soilik ukituko, autobiako obrak egiteko beste soluzioren bat eman izan balitz, hark ere ukituko zituzkeen, ezinbestean.

Lurraldeari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 31. artikuluak, lurzoru mota honentzat, "obra publikoen exekuzio, mantenimendu eta zerbitzurako beharrezkoak diren eraikuntza eta instalazioak" baimentzeko aukera ezartzen du. Egin asmo diren obrak, onura publikoa ekarriko dutenak ezbairik gabe, aipatu Legearen esparruan sartzen dira, eta Proiektu Sektoriala onestearen ondorioz, Foru Lege bereko 62. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Altsasuko Arau Subsidiarioak horren zehaztapenei egokituko zaizkie, alegia, une honetan egiten ari den berrikusketan zehaztapen horietara egokitu beharko dituzte arauak.

Beste horrenbeste esan daiteke Olaztiko mugapean ukituko diren lurzoruen gainean, eta horiendako ere Altsasuko kasuan azalduriko soluzio bera eman daiteke.

Horretaz gainera, Altsasuko mugapean gas kondukzio bat dago, Altsasuko lotuneko ekialdeko glorietatik hurbil pasatzen dena, proiektaturiko autobidearen zati nagusia zeharkatuz eta proiektuan aurreikusitako beste elementu batzuk ukituz.

III.-Ingurugiroaren arloan kontuan hartu beharrekoak.

Proiektua ezartzeko eremuaren ingurune fisiko eta soziekonomikoa azterturik, ez da topatu ingurugiroaren ikuspegitik aparteko balioa duen berezitasunik; honako alderdiotan gutxitu beharko da eragina: Sorozarretako zuhaiztia, hau da, zuhaitz zaharreko hondar hariztia, josteta erabilpen finkatukoa; Altzania ibaia, ur bazterreko landareak eta arrain fauna dituena; Aralar inguruko eta Altzaniako mendi-hegal zuhaizdunak; Murgil mendia; zenbait etxebizitza eta bi jatetxe; abeltzaintzako ustiategi batzuk, belardiak dituztenak, eta Erkudengo ermita.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura bidali beharko den Eraikuntza Proiektuan, I.E.A.n proposaturiko aurreneurri eta neurri zuzentzaile zein konpentsatzaile guztiez gainera, honako alderdiak ere kontuan izanen dira:

a) Bereziki zainduko da Altsasuko, Erkudengo ermitako eta atsedenguneetako inguruneen eta abarren diseinua.

b) Murgilko tuneleko ahoen luzapena egiteko aukera aztertuko da, horiek ahalik eta hobekien integratzeko paisajean, eta naturalizagarriak ez diren soluzioak, hala nola gunitatuak, e.a., ekiditearren. Bereziki, hegoaldeko ahoan zuloa egiteko hondeatutako lur guztia berriz ezarri beharko litzateke, eta zuhaitzak berriz ere sartu.

c) Dekantazio putzuen eta tunelak zulatzeko hozte uren berrerabilpenaren lau multzoetako bakoitzaren diseinua eta kokapena eginen da, horien operatibitate etengabea berma dadin, baita lohiak kendu eta garbiketa egiten denean ere.

d) Lohien dekantazio maila, zabortegira eramateko hezetasun onargarria eta uraren uhertasun onargarria zehaztuko da, ubide naturaletara isurtzeko baimena eman ahal izateko.

IV.-Ondare arkeologikoan duen eragina.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostena sartu da, N-1 autobiaren Altsasu/Etxegarate tarteak ondarean duen eraginaren azterlanari dagokionez. Txosten horretan adierazten da obrak kontrolatzeko prozedura, aipatu azterlanak proposaturiko neurri zuzentzaileen araberakoa, honako hau izanen dela:

a) Aurretik arkeologi prospekzioa egitea, proiektuan zehaztu gabe egoteagatik bere garaian aztertu ez ziren eremuetan, hala nola, beste bide batzuekin egiten diren lotuneak eta, guztien gainetik, harrobi eta zabortegiak.

b) Aurreikusitako trazadura guztian jarraipen arkeologiko estensiboa egitea, azaleko prospekzioan eskuraturiko datuen egiazkotasuna ziurtatzeko.

c) Jarraipen arkeologiko intentsiboa egitea obran bertan, arkeologi aztarnak izan ditzaketen eremuetan, baldin eta errepidea egiteko lanek konpon ezin daitekeen eragina sortu behar badute. Hauek dira aipatu eremuak:

-3,900 k.p.tik 4,100era, inguru horretan San Martin Ulaiarko herri hustua baitago.

-4,500 k.p.tik 5,500era, Erkudengo herri hustuaren eremutik iraganen baita.

-6,000 k.p.tik 6,250era, Angustinako herri hustuaren eremutik iraganen baita.

Lan horiek arkeologiako enpresa batek egin beharko ditu, obrak hasi baino lehen nahiko denbora tartearekin beti ere, beharrezkoa izanez gero babes ekintzaren bat egin ahal izateko.

Azkenik, eta obra horietan agertu den ondare arkeologikoko elementuren bat suntsitu edo aldatu behar bada obrak burutzeko, ezinbestekoa izanen da Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren adostasun txostena.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak 1998ko uztailaren 2an emandako adostasun txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "N-1 autobia. Altsasu-Etxegarate tartea" proiektuaren izapidaketari hasiera eman eta Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. Proiektu hori Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari aditzera ematea aurkezturiko proiektuan sartu beharko dituela Erabaki honen azalpen zatiko III. atalean (Ingurugiroaren arloan kontuan hartu beharrekoak) aipaturiko zehaztasunak.

3. Ondare arkeologikoaren babesa eta kontserbazioa bermatu ahal izateko, obren kontrola eginen da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostenean aipaturiko prozeduraren eta baldintzen arabera. Txosten hori Erabaki honen azalpen zatiko IV. atalean (Ondare arkeologikoan duen eragina) agertzen da.

4. Halaber, eta obrak burutzerakoan, kontuan izanen dira bertan dagoen gas kondukzioa eta uki daitezkeen gainerako azpiegitura eta menpekotzak.

5. Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Proiektu Sektoriala zein Ingurugiroko Eraginaren Azterlana jendaurrean jartzea hilabete batez, eta proiektuak ukituriko toki entitateei entzutea ematea, epe berean.

Jendaurreko tramitea betetzeko, espedientea aztergai izanen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), jendea hartzeko orduetan, eta epe horrek dirauen bitartean bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkeztu ahalko dira.

6. Erabaki hau igortzea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura eta Hezkuntza eta Kulturakora, bai eta Altsasu eta Olaztiko Udaletara ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

 

 
Azken modifikazioaren data: 2002/9/29