AHTren aurkako protesta Biarritzen

AHT GELDITU! ELKARLANAK PROTESTA KONTZENTRAZIOA EGIN DU BIARRITZEN EUSKADI ETA AKITANIAKO AGINTARIAK BILDU DITUEN "FORO LOGISTIKO ATLANTIKOARE"REN ATARIAN

AHT GELDITU! Elkarlanak eta Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak protesta kontzentrazioa egin dute gaur goizean, Biarritzen, Ibarretxe lehendakatria eta Akitaniako Erregioko presidente Alain Rousset bildu dituen "Foro Logistiko Atlantikoa"ren atarian. Protesta bilkura honen bidez, honako hau salatu nahi dugu:

  1. "Euskadi-Akitania Plataforma Logistikoa" erakundea salatu, itxurazko "jasangarritasun"aren mozorroarekin ingurumenean eta gizarte arloan inpaktu handiko azpiegitura erraldoiak bultzatzen dituelako: AHT, Jaizkibelgo Superportua, autobide sarearen etengabeko hedapena, e.a. Azpiegitrura plan erraldoi horrek merkantzien garraioaren hazkundea negozio den heinean mugagabeki bultzaztea du helburu. Gure lurraldea garraio plataforma handi batean bilakatu nahi dute, globalizazio ekonomikoaren zerbitzurako merkantzien erokeriazko mugikortasun horrek eta azpiegituren eraikuntzak dituzten kostu ekologiko, sozial eta ekonomiko larriak aintzat hartu gabe.
  2. AHTren egitasmoaren erantzule diren erakundeei honako hau exijitzen diegu:
    • AHT egitasmoa berehala gelditzea.
    • AHT nahiz bere ondorio ekologiko, sozial eta ekonomikoen inguruko informazio egiazko eta objektiboa zabaltzea.
    • Gure herriarentzat nahi dugun garraio, lurralde-antolaketa eta gizarte ereduaren inguruko eztabaida sozial sakonari bide ematea.

  3. Errotik gezurtatzen dugu AHTk errepideetako trafikoa arinduko duenik. AHTren aldekotasuna lortu nahian darabilten sasi-argudio horrek ez du funtsik: izan ere, merkantzien garraioari dagokionean AHTren mugak ezagunak dira eta Jaurlaritzak berak dio "Y"-an 1.100 kamioi garraiatuko liratekeela egunero, baina gaur egun 10.000 kamioi baino gehiago dira Biriatuko muga egunero zeharkatzen dutenak eta egungo hazkundearekin (urtero +%13) zazpi urte barru kopurua bikoiztu eta 20.000 kamioi lirateke. Bestela esanda, Biriatuko mugan urte batetik bestera ematen den kamioi kopuruaren hazkundea soilik bereganatu ahal izango lukeAHTk . Biadaiariei dagkienean, berriz, Jaurlaritzaren datuauei erreparatuz gero, AHTk EAEn egunero egiten diren joan-etorri motorizatuen %0'15 bakarrik bereganatuko lukeela ondorioztatzen da (hiriburuen artean egun egiten diren 47.000 joan-etorrietatik 6.000 hartuko lituzkeela dio); AHTk ezin du ordea populazioaren eguneroko desplazamenduen %97 diren eskualdearteko joan-etorriak bereganatu. Horiek hala, argi dago AHTk ez duela errepideetako butxadura arinduko. Garraioaren arazoari aurre egiteko ezinbestekoa da garraioaren hazkundea moteltze aldera neurriak hartzea. Erakundeen alderantzizkoa egiten dute, eta garraio politika hori zeharo jasangaitza da.

AHT GELDITU! ELKARLANAK MANIFESTAZIO NAZIONALA DEITU DU ABENDUAREN 15EAN ARRASATEN.

AHT GELDITU! Elkarlanak mobilizaziora deitzen ditu herritarrak egitasmoa gelditzeko. Abenduaren 15ean manifestazio nazionala egingo da Arrasaten, "Inposiziorik ez! AHT gelditu!" lelopean.

AHT-REN INGURUKO KONFERENTZIA AZAROAREN 17AN HERNANIN:

Datorren larunbatean, azaroaren 17an, AHTren inguruko Konferentzia antolatu du AHT GELDITU! Elkarlanak. Jardunaldian zehar egingo diren mahai-inguruetan eta hitzaldietan Akitanian eta Lapurdin AHTren linea berrien eraikuntzari oposizioa egiten dieten elkarteetako kideek eta Hego Euskal Herrian, Catalunyan eta Madrilen gizarteko arlo ezberdinetan aritzen diren hainbat ikerlarik parte hartuko dute. Hori dela eta, herritar guztiei jardunaldi honetan parte hartzeko dei egiten diegu, AHTren inguruko eztabaida bultzatzeko eta ekologian nahiz gizarte arloan ondorio bortitzak dituen azpiegitura erraldoi horrekiko oposizioa indartze aldera gogoeta berriak mamitzeko.

Etiketa(k):