Hamabostaldi anti-desarrollista egiteko Deialdia: abenduaren 10etik 23ra

Txikizioa gelditu behingoz!!!

Abenduaren 10etik 23ra, euskal herri guztietan hamabostaldi anti-desarrollista egiteko proposamena zabaltzen du Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako Asanbladak. Hori dela eta, “Txikizioa gelditu behingoz!!!” da gaurkoan proiektu txikitzaileen aurkako jarrera duten lagunei eta taldeei helarazi nahi diegun mezua, hain zuzen ere egun horietan gure herrietan egitasmo suntsitzaileen aurkako eztabaida eta protesta ekintzak antolatzeko. Ekimen honek era guztietako proiektu erasokorren salaketa eta kapitalismoarekiko kritika erradikala uztartu nahi ditu. Hau da, hondamendi horri amaiera eman ahal izateko eredu ekonomikoa eta soziala errotik eraldatzea ezinbestekoa dela gizarteratu behar dugu. Hortarako, 15 egun horietan zehar ingurugiro erasoak salatzeko eta gizarte ereduarekiko kontzientzia kritikoa sustatzeko egokien ikusten dituzuen eztabaidak eta ekintzak egitea proposatzen dugu.

Alde askotatik datoz lurraren aurkako erasoak. Gaur egun, ingurumenari egiten zaion kaltea ez du inork zalantzan jartzen (ezta eskuin muturrekoenek ere), baina eragin kaltegarri hauek ekoizpen eta kontsumo modu kapitalistaren garapen globalaren ondorio zuzena direla, inork gutxik aitortu nahi du behar den indarrez. Halaber, ematen ari den gizarte harremanen eta jakinduria tradizionalen galerari ez diogu duen garrantzia ematen. Ondorioz, proposatzen diren irtenbideak sobera teknikoak eta partzialak izan ohi dira, gizarte eredu honek (konponketa batzuk tarteko) eta mundu mailako merkantzien etengabeko elkartrukearen emendatzeak nahiz desarroilismo mugagabeak aurrera jarraitu dezakeen sineskeria berrindartuz. Are okerragoa dena, eredu hau herrialde guztietara zabaldu behar dela sinestaraziz.
Egoera hontaraino bultzatu gaituzten botere politiko eta ekonomikoek (Estatuek eta enpresa haundi eta transnazionalek), azken urteetan, beraien betiko iharduerak “eko”, “bio” eta “berdez” mozorrotu dituzte, “jasangarritasunaren” iruzurra txoko eta iharduera guztietara hedatuz. Natura eta jendarteen aurkako betiko eraso moduei (nekazaritza industriala, harrobiak, bariante eta ingurabideak, autobia eta autopistak, ubideak, urtegiak, zentral termiko eta nuklearrak, zabortegiak, e.a.), “jasangarri” etiketadun propaganda ideologikoa egiten duten egitasmo berriak gehitzen dizkiote: agroerregaiak, transjenikoak, errauskailuak, zentral eolikoak, itsas-autopistak, superportuak, AHTak, aisialdirako “naturgune” artifizializatuak..., baita “jasangarri” deitzen ausartzen ez diren egitasmo erasokorrak ere, halanola neurri gabeko hirigintza, golf zelaiak, kirol portuak... Hau guztia aurrera eramateko egingo diren industrialde erraldoi, parke teknologikoak eta plataforma intermodal eta logistikoak ahaztu gabe. Itsuenak ere ikusi dezake honek guztiak dakarren eraikuntza sukarrak eta garraio hazkundeak, arazoa konpondu baino, larriagotzen duela.
Gure iritziz, eztabaidaezin jotzen den helmuga –hazkunde ekonomikoa, estatu sozialistek ere mitotzat eduki ohi dutena—, gizarte eredua bera, eta pertsona eta merkantzien mugikortasuna kolokan jartzen ez ditugun bitartean, arazoa handiagotzen joango da eta amildegian behera jarraituko dugu. Balizko erosotasun eta ongizate ergelak alboratuz, duintasuna eta benetako askatasuna berreskuratu nahi ditugu. Irtenbidea, globalizazio kapitalistaren dinamika lehiakor eta desarrollistarekin eten eta gertutasunean oinarritutako jendarte autonomoagoen bitartez lortzen ahal dugulakoan gaude.
Kapitalismoak dakarkigun suntsiketa eta pozoinketa orokorraren aurrean borrokatu beharra dago: lurra defendatu eta Estatu eta merkantziatik at dauden harreman berriak sortu. Helburu hori aurrean, modu xumeetatik hasi beharrean gaude. Hortarako, borroka hamabostaldi antidesarrollista baterako deia zabaltzen dugu, guzti honen inguruko eztabaidak eta ekintzak bultzatze aldera. Hortaz, hamabostaldi anti-desarrollistan era aktiboan ekiteko animatu nahi dugu, abenduaren 10etik 23ra bakoitzak bere inguruan dituen ingurugiro erasoak eta egitasmoz suntsitzaileak salatuz eta ezarri nahi diguten eredu desarrollistarekiko jarrera kritikoa sustatuz.

Bestalde, abenduaren 15ean egingo da AHTren aurka Euskal herri osoko hurrengo manifestazioa, AHT Gelditu! Elkarlanak Arrasaten deituta.

Hamabostaldi Anti-Desarrollista-ren egitaraua

Etiketa(k):