Hasi da AHTren aurkako kanpaldia

Gaur txangoa egingo dute AHTk hondatuko dituen Urbinako eta inguruetako txokoetara. Guztia prest dute Urbinan (Araba) Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako kanpaldiaren egitarau zabalari ekiteko. Atzo goizean, herriko plazan atondu duten karpa antolatzen aritu ziren AHTren Aurkako Asanbladako kideak, eta lehenengo bisitariei harrera egin zieten.

Berria.info

Gaur goizean egingo dute lehenengo txangoa. AHTk hondatutako inguruneak bisitatuko dituzte. Horretarako, Urbinako eta inguruko herrietako biztanleen laguntza izango dute. Txangoa egin ondoren, sagardo dastaketa egingo dute. Arratsaldean, berriz, hitzaldia eta eztabaida antolatu dute.

Kontrainformazioaz eta gizarte borrokaz arituko dira Kataluniako Directa astekariko kidea, Gasteizko Hala Bedi Irratiko kide bat, eta Ekintza Zuzena aldizkariko beste kide bat. Gauean kontzertua izango da, Pateando Porkeria eta Al infierno en goitibera taldeekin. Bihar, 10:30ean, nekazaritza eta serigrafia ikastaroak izango dira, eta 15:30ean ogia egiteko ikastaroa.

Arratsaldean, bizikleta martxa egingo dute Gasteizen. Eguna amaitzeko La mexicana clandestina taldeak joko du.