Jadanik Urbina gaude!

AHT GELDITZEKO MUGI GAITEZEN!

Urbinako herritarrek joan den uztailaren 16ean herri galdeketa egin dute, AHTren inguruan biztanleen artean dagoen desadostasun irmoa adierazteko. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen Ministerioaren jarrera guztiz inposatzailea dela salatzen dute, eta AHTren proiektua erabateko informazio-ezarekin ezarri egin dietela. Horrez gain, Eibar-Gasteiz autopistarekin batera AHTak ingurumenean eragingo lukeen erasoa beldurgarria da, lurra alderik alde txikituz.

Abiadura handian nora goaz? Ez da harritzekoa jende askok AHTri ezetz esaten badio: egitasmo horrek ingurugiroari, nekazaritzari, ekonomiari, lurralde orekari eta, ondorioz, gizarte osoari eragingo lizkiokeen kalteen larritasunari zor zaio oposizio hori. Bienbitartean, Jaurlaritzak demagogia hutsa eta propaganda manipulatzailea egiten ditu “iraunkortasuna”ren kontuarekin, proiektu txikitzaile guztiak zuritzeko. Desarrollismoaren eragin suntsitzaileak, ordea, geroz eta nabarmenago ageri zaizkigu, baita Euskal Herrian ere: AHT, autobide gehiago, zentral termikoak, superportuak, energia xahuketa gehiago, kontsumo gehiago, hondakin gehiago, errauskailuak... Zoroen kontua da naturak ezarritako mugak aintzat hartzen ez dituen ekonomia eta gizarte eredu esplotatzaile honek etengabean aurrera jarrai dezakeela pentsatzea.

Horregatik, gure borrokak AHT gelditu eta jendartean kapitalismoarekiko jarrera kritiko eta erradikal bat zabaldu nahi du, egungo gizarte ereduaren eraldaketa sakon bati ekiteko, desarrollismo ekonomikoaren ondorio suntsitzaileak gerarazteko, eta herritarrei erabakietan berdintasunean parte hartzeko ahalmen osoa itzultzeko.

Hori denagatik, uztailaren 21etik 30era Urbinan eratu den AHTren aurkako akanpadan parte hartzeko gonbitea luzatzen diogu jende guztiari, AHTren oposizioan bertako herritarrekin bat egiteko eta proiektu txikitzaile hori gelditzeko borroka gero eta gehiago zabaltzeko. Guztion konpromezuarekin lortuko dugu!!

AHTren AURKAKO AKANPADA
(Urbinan gaude)