Ez AHTrik, ez lurren nahitaezko desjabetzerik

BERRIA. Iritzia

Udako oporraldiaz baliatuz, Espainiako Sustapen Ministerioak AHTren hainbat zatitan lurrak nahitaez desjabetzeko aginduak argitaratu ditu abuztuaren 8 eta 9ko BOEn, eta 15 eguneko epe laburra zabaldu du alegazioak egiteko. Aginduek honako udalerri hauek denak harrapatzen dituzte: Eskoriatza, Arrasate, Elorrio, Abadiño, Izurtza, Iurreta, Durango, Zornotza, Lemoa, Galdakao, Zaratamo eta Basauri. Era berean, orain aste pare bat Aramaion lurrak nahitaez desjabetzen hasteko agindu zuen Ministerioak. Espainiako Gobernuaren jokabidea ozenki salatu behar dugu, AHTk kalteturiko biztanleen eta udalerriak babesik gabe uztea nahi duelako.

Hori dela-eta, AHT gelditu! Elkarlana taldeak deituta, bihar, 11:00etan, alegazioen entrega masiboa eta protesta-elkarretaratzea egingo dira Bilbon Espainiako Gobernuak duen Ordezkaritzan (Moyua plazan dago hori). AHTren Aurkako Asanbladek bat egiten dugu ekimen horrekin eta jende guztiari alegazioak izenpetzeko dei egiten diogu. Horretarako, alegazio eredu desberdinak landu dira eta nahi duenak gure web orrian aurki ditzake: www.sindominio.net/ahtez.

Alegazio horietan honako hau aldarrikatzen da:

1.Elkartasuna adieraztea, jabetza nahitaez kentzeko espedientean kalteturikoei.

2.- Sustapen Ministerioari gure desadostasuna helaraztea, jabetzak kentzeko espedientea hasteko moduak eta alegazioak egiteko abuztuan zabaldutako hamabost eguneko epeak babesik gabe uzten dituelakokalteturiko jende eta erakundeak .

3. Sustapen Ministerioari prozedura bertan behera uzteko eskatzea, ukitutako herritarren eta udalerrien eskubide eta interesen defentsa eraginkorra izan dadin.

4. Administrazioak desjabetzeko duen boterea soilik justifikatu ahal izango da interes publikoaren tamaina ondasun kolektiboak sakrifikatzeko adinakoa denean. Alabaina, AHTren interes soziala zalantzan jartzen dugu, ingurumenari, nekazaritzari, ekonomiari, lurraldearen orekari eta, beraz, gizarte osoari eragingo lizkiokeen kalte larriez gain, populazioaren gehiengoarentzat erabilgarritasun oso eskaseko azpiegitura litzatekeelako. Euskal gizartearen zati handi bat AHT proiektuaren kontra agertu da. Gainera, udalerri ertain eta txikiak alde batera utzita, herri horiek sufritu behar izango dute azpiegitura horrek dakarren ingurumenaren eraso eta desertifikazio sozio-ekonomikoa, nekazal sektorearen bideragarritasunarentzako ondorio larriekin, baserri guneak, landak eta nekazaritza lurrak suntsitu eta moldatzean. Gainera, AHTren eraikuntzan egin beharreko inbertsio ikaragarriak kalte egingo dio gizartearen gehiengoari. Biztanleriak ez du neurri horretako garraio azpiegiturarik behar, eta euskal gizartearen garraio arloko eskaerak ez dauka zerikusirik AHTrekin.

5. Kurioski, Espainiar Konstituzioaren 9. artikuluak dioenez, botere publikoek herritarren parte-hartzea bermatu eta erraztu ere egin behar dute. Hortaz, uda garaian informazio publikorako epea zabaltzearen erabakia zeharo maltzurra da; izan ere, erabaki horrek jendeak parte hartzeko duen bide bakarra erabiltzea erraztu beharrean, zuzenean oztopatzen baitu. Nabarmenki, prozedura horretako edukia eta abuztuko oporraldira mugatutako epe estuak, inposaketaren eta burututako egitateen politikarekin bat egiten dute. Ezin da onartu, ordea, gero eta gehiegikeria gehiago egiten dituen administrazio baten menpean egotea gizartea. Gogor salatzen dugu administrazioaren eta herritarren artean leizea zabaltzen duela prozedura horrek. Are gehiago, parte-hartze eta kontsultarako sistemen erabateko birplanteamendua eskatzen dugu, herritarrek benetan parte hartzeko eta erabakietan beren eragina izateko aukera izan dezaten. AHTk eragina duen herrietan, bizilagunek beren erabakiak modu autonomoan hartzeko aukera izan behar dute, eta gisa horretan hartutako erabakien errespetua bermatu behar da. Horrenbestez, gizartearen demokratizaziorako bidean, AHTren inguruan hartutako erabakien aurrean maila lokaleko beto eskubidea aldarrikatzen dugu, kalteak izango dituztelakoan dauden herriek eta populazio guneek defenditzeko aukera izan dezaten.

Bukatzeko, Ministerioak egin dituen hainbat lege-urraketa aipatu eta berriro AHTren egitasmoa geldiarazteko eskatzen dugu, gizartean eztabaida zabala bultzatu eta egungo garraio eta gizarte ereduaren eraldaketa sakon bati ekiteko.

Azaldutakoagatik, jende guztiari bihar Bilbon egingo den alegazioen entrega masibora eta elkarretaratzera biltzeko deia egiten diogu, Espainiako Gobernuak aginduriko lurren nahitaezko desjabetzeen prozesua deuseztatzea exijitzeko.

Mikel Alvarez.