Aramaio herriari eskerrik asko bihotz bihotzetik

Abiadura Handiko Trenaren aurkako aurtengo kanpaldia amaitu da Aramaion. Herri zoragarri honek aukera eta espazioa eskaini digu, ehundaka lagunei hamar egunez han bildu ahal izateko. Inoiz baino arrakastatsuagoa izan da akanpada aurten jende kopuruari eta parte hartzeari dagokienez. Hiru milatik gora otordu goxo sukaldatu eta dastatu ahal izan dugu AHTren aurka indarrak nola bildu eztabaidatzen genuen bitartean. Izan ere, aldarrikatu ohi dugun jendarte eredu berri bat praktikan jarri dugu. Autoorganizazioa posible izateaz gain oso ongi funtzioanatzen duela frogatu dugu diruaren erresumaren jokamoldeak alde batera utziz. Asanbladaren bitartez hartu ditugu erabakiak egun hauetan eta era kolektiboan antolatzeko normalean erakusten dugun delegazioa instituzioekiko hautsi egin dugu tarte batez bada ere.

Aramaioko inguru paregabeak ezagutu ditugu mendi martxen bitartez. Nekez irudikatu dezakegu Anboto eta Orixol azpiko bailara liluragarria kilometro luzeko eta larogei metro altuerako biadukto batek zeharkatuta. Bertakoak ez daude batere pozik. Beraiei ezer galdetu gabe egitasmoa eta honek dakartzan desjabetzak aurrera dihoaz. AHTk onurak baino kalte itzelak, ekarriko dizkielakoan daude Aramaioko biztanle gehienak.

AHT azpiegitura txikitzaile eta zentzugabekoen gailurrean badago ere, lotura asko ditu beste gehiegikeriekin. Esate baterako, harrobi berriak gehitu beharko lizkiekete orain daudenei behar adina porlana lortu ahal izateko. Kobate inguruko harrobiak sortutako suntsiketa eta desertifikazioa hurbiletik ikusi genuen. Gainera, bi bailara ederrak desagertuko lirateke AHTren lanek sortuko lituzketen hondakinen zabortegien azpian.

Txikizio guzti honen oinarrian kapitalismoa dago. Diru eta botere kopuru itzelak kudeatzen dutenen menpe dago gure jendartea (Bilderberg taldea alegia). Herri eta estatuen gaineko boterea duten talde ekonomikoek beraien tresna psikologikoak dituzte pertsonok beraiek nahi duten lekutik bideratzeko. Identitatea kentzen digute, hustu egiten gaituzte, eta ondoren konpetibitatea eta norberakeria besarkatzera bultzatzen gaituzte. Balore hauen bitartez, pertsonak alienazioaren eta etsaiaren hatzaparretan erortzen gara. Jendartearen partea den pertsona izateari utzi bere burua saltzen duen kontsumitzaile irrazioanala bilakatzeko.

Baina herritarrok ere baditugu gure tresna psikolojikoak sistemaren zapalkuntzari aurre egiteko. Konsziente izatea, lehendabiziko urratsa da. Ondoren blokeoak eta ezintasuna gainditu, indarrak bildu eta bakardade asko batuz bakarrik ez gaudela jabetu. Era honetan, gainditzen gaituen egoera gainditzea lortuko dugu.

Kutsadura elektromagnetikoari buruzko hitzaldiak mugikorra alde batera uzteko gogoa bat baino gehiagori sortu zion , gero eta frogatuagoa baitago inguratzen gaituzten aparailu elektromagnetikoen uhinen eta minbiziaren arteko harremanak.

Oaxakako herritar indijenoen antolakuntza, borroka eta errepresioaren berri izan genuen. Iparraldeko herrion ekoizpen eta kontsumo ereduak, Hegoaldeko herriei eragiten dien zor ekolojikoaz ere hitz egin genuen. Gainera, erritmo honetan, gaur egun erabiltzen ditugun energia iturriak ordezkatuko lituzkeen energia iturri berriztagarririk ez dagoelaren konklusiora iritsi ginen. Mugimendu agroekolojikoaren garrantziaren inguruan bat egin genuen.

Leizarango autobiaren aurkako borrokaren garaian parte hartu zuten bost lagunek garaiko esperientziaren berri konpartitu zuten hantxe bildu ginenekin. Oso baliogarria izan zen egindako azierto eta akatsak elkarrekin hausnartzea.

Legutiano herrira ere joan ginen Comsa eta Cycasa enpresen AHTren lanetan inplikazio salatzera. Gure asmoa ez zen inondik inora ere udalarekin sartzea. Izan ere ontzat jotzen dugu herri honen alkatearen jarrera lur desjabetzen aurrean, aktak sinatzeari uko egin baitzion.

Larunbatean Zeledon jeitsieran Gasteizera eraman genuen AHTren zirkoa. Azken baserritarra kaiolan zihoan AHTren egitasmoa aurrera eramanez gero gerta zitekeenaren ikur gisa. Oraindik gelditzeko garaiz gaude. Aramaio herriari eskertzeko erarik egokiena AHTrik gabeko Aramaio baten alde egitea da. AHT ez dadila igaro ez Aramaiotik ez inondik.

HERRIAK BIZIRIK AHT RIK EZ!!!!

Etiketa(k):