AHTren kontrako alegazioak jartzeko epea abuztura mugatzea salatu du EAE-ANVk

BERRIA. Erredakzioa. Bilbo

Espainiako Sustapen Ministerioa eta Jaurlaritza «maltzurkeriaz» jokatzen ari direla esan du. Abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuari alegazioak aurkezteko epea abuztuan zabaltzea salatu du EAE-ANVk. Udaletako langileak edota geologoak eta teknikariak oporretan daudenean alegazioak jartzeko prozedura abiatzea «maltzurkeriaz jokatzea» dela esan du EAE-ANVk.

EAE-ANVko hamar alkatek egin zuten salaketa, atzo, Arrasaten (Gipuzkoa): Angiozar (Bergara, Gipuzkoa), Antzuola, Aramaio, Arrasate, Atxondo, Elorrio, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Izurtza eta Urretxukoek. Horiekin bat egin zuten Aduna, Alegia, Bergara, Ezkio-Itsaso eta Itsasondokoek. EAE-ANVko alkateek gogor salatu zuten Espainiako Sustapen Ministerioaren eta Jaurlaritzaren jarrera.

Arrasate-Elorrio, Abadiño-Durango-Zornotza eta Zaratamo zatietako obretan zerikusia duten udalek oraintsu jakin dute berehala zabalduko dela proiektuaren gauzapenerako ondasunen okupazio beharrak zehazten dituzten txostenari alegazioak egiteko epea; hau da, garraio azpiegitura egiteko egin beharreko desjabetzeek kalte egingo dieten herritarrek abuztuan aurkeztu beharko dituzte beren alegazioak. Kaltetuek hamabost eguneko epea izango dute alegazioak prestatzeko.

«Ziur gaude alegazioak egiteko epea sasoi honetan zabaltzea ez dela kasualitatea, oporren erdi-erdian, udaletxeak hutsik daudenean, lurjabeak oporretan joan direnean, eta itxita daudenean alegazioak egiteko beharrezkoak diren abokatu, ingeniari, geologo eta bestelako teknikarien bulegoak», adierazi zuen Asier Agirre Aramaioko alkateak.

EAE-ANVren ustean, alegazioak aurkezteko epea opor sasoian zabalduta, defentsa egiteko eskubiderik gabe uzten ditu kaltetuak. «Honela ulertzen al dute Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak kaltetuek entzunak izateko duten eskubidea? Zer deritzo honi Nuria Lopez de Gereñu andreak? (Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburua)».

Horrelako jarrerarekin, Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza «maltzurkeriaz» jokatzen ari direla uste du EAE-ANVk. «Ez dute onartzen Euskal Herriko garraio azpiegitura handienaren inguruko eztabaida serio eta sakonik, non azpiegitura, garraio edo ingurumen adituek beraien iritziak kontrajartzeko aukera izango duten». Kaltetuek egin ditzaketen alegazio teknikoei eta legalei «beldurra» dietela azaldu zuen.

Herritarrek defendatzeko aukera izan dezaten alegazioak aurkezteko epea luzatzeko eskatu zien EAE-ANVk Espainiako Sustapen Ministerioari eta Jaurlaritzari. Alegazioak aurkezteko, herritarrei laguntzeko prest daude EAE-ANVko alkateak.

EHNE-K EPEA ZABALTZEA ESKATU DU. EAE-ANVk
egin bezala, EHNE baserritarren sindikatuak alegazioak aurkezteko epsea hamabost egunetik sei hilabetera zabaltzea eskatu zuen, era horretara, kaltetuek «defentsarako benetako aukera» izan dezaten. Alegazioak egiteko epea abuztura mugatzeak agerian uzten du Sustapen Ministerioaren eta Jaurlaritzaren jarrera, EHNEren ustean.

Alkateak

Araba

Aramaio: Asier Agirre.

Bizkaia

Atxondo: Dabid Cobos.

Elorrio: Niko Moreno.

Izurtza: Lorea Muñoz.

Gipuzkoa

Aduna: Arantza Aburuza.

Alegia: Aitor Sarasola.

Angiozar (Bergara): Mila Elorza.

Antzuola: Pedro Iturbe.

Arrasate: Ino Galparsoro.

Bergara: Agurne Barruso.

Eskoriatza:
Pedro Lasagabaster.

Ezkio-Itsaso: Jose Ignacio Etxezarreta (Herrikideak plataforma).

Itsasondo: Xabier Iturriotz.

Leintz Gatzaga:
Eusebio Villar.

Urretxu: Iñaki Zabala.

Etiketa(k):