GAUR HASIKO DA AHTren AURKAKO AKANPADA ARAMAION

- Bihar AHT GELDITU! Elkarlanak deituta Urbinatik obretara egingo den manifestaziora bilduko dira kanpalditik - Asteburu honetako egitaraua

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladak urtetik urtera antolatzen duen akanpada gaurtik abuztuaren 5era egingo da Aramaion, ingurugiroan nahiz gizarte arloan kalte larriak eragingo lituzkeen proiektu txikitzaile horren kontrako herri mugimenduari eta mobilizazioari indarra ematen segitzeko. Hori dela eta, XII. Akanpada honetan parte hartzeko dei egiten diogu jende guztiari, "GELDITUKO DUGU!" lemapean Aramaioko herritarrekin AHTren oposizioan bat egiteko eta desarrollismoaren ondorio ekologiko eta sozial suntsitzaileen aurrean komunikazio kritikoa sustatzeko.

Helburu hori aurrean, akanpadaren 10 egunetan zehar hainbat ekintza egingo dira hala nola eztabaidak, tailerrak, ekintza informatiboak eta protestak, mendi ibilaldiak, antzerki zein musika emanaldiak--, gizarte kapitalista zalantzan jartzen duten pertsona eta gizarte talde desberdinen arteko harreman estuago batzuen aukera eskainiko duen topagune bat sortuz. Bestalde, bihar larunbatean AHT GELDITU! Elkarlanak obretara deitu duen manifestaziora bilduko gara kanpalditik: Urbinako plazatik arratsaldeko 18'00etan abiatuko da mobilizazio hori, "Euskal Y"-aren eraikuntza lanen hedapena arbuiatzeko eta Eusko Jaurlaritzari nahiz Espainiako Sustapen Ministerioari lan horiek berehala geldi ditzaten exijitzeko.

ASTEBURU HONETAKO EGITARAUA:

Ostirala 27:

19:00: BERTSO-POTEOA Aramaion, Iker Agirre, Manex Agirre, Jokin Labayen eta Ander Solozabal bertsolariekin.

22'30: AKANPADAKO BATZARRA

Larunbata 28:

11'30: HITZALDIA, Valentziako El Cabañal auzoaren defentsan egiten ari den borrokari buruz.

18:00: AHT-REN OBRETARA MANIFESTAZIOA URBINATIK, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta

23:30: ANTZERKIA ETA MUSIKA: Valentziako "Show del alimaña" eta "ZONA 0".

Igandea 29:

10:00: AHTK ARAMAION KALTETURIKO INGURUETARA IBILALDIA: Azkoaga-Zabola-Suña-Barajuen (3 ordu oinez). Ibilaldian salatuko dugunez, AHTk konponezinezko kaltea egingo dio Ama Lurrari. Aramaioko bailara, kasu, edertasun apartekoa duen udalerria izaki, AHTren itzelezko ingurumen-eraginen menpe, paisaiari emandako kolpe latzaren eta inpaktu akustiko gogorraren menpe geratuko litzateke, bere inguruaren esentzia zeharo aldaturik. Izan ere, Aramaion 1.405 metro luze eta 85 metro altuerako biadukto erraldoia eraikitzeaz gain, AHTk ingurugiro kalitate zalantzaezina duten hainbat ingurunetan izango lukeen eragin kaltegarria azpimarratu behar da: esaterako, Barajuen, Azkoaga, Zabola eta Suñako landaguneak oso degradatuak lirateke, eta AHTren inpaktu bortitza dela-eta, Untzilla eta Aramaio errekak, Garagartzako artadiak, eta Udalaitz aldeko natur intereseko guneak txikituko lituzke azpiegitura horrek. Bestalde, AHTk langa artifizial bat ezarriko luke lurraldean, haranak zatikaturik, eta tunelen zulaketatik ateratako hondakinen kopuru izugarria dela-eta, mendi magalak zakartegi bihurtuko lituzke. Horixe da, AHT egitekotan, Euskal Herriko hainbat herritan errepikatuko den triskantza.

16'30: ANTZERKI EKINTZA TAILERRAREN AURKEZPENA: tailer hori akanpadan zehar egun gehiagotan landuko da, hain zuzen ere abuztuaren 4ean Gasteizko kaleetan egingo dugun KALEJIRAN AHTren aurkkao protesta era irudimentsuan komunikatzeko.

18'30: PABLO SASTRE ETA ITZIAR MADINA IDAZLEEKIN SOLASALDIA "Gauzen presentzia" eta "Beste eguzkia" liburuen inguruan (Sastiña ermitan)

23'00: ANTZERKIA: "Inoiz ez", Betiko Berberak taldearen eskutik.

AHTren AURKAKO ASANBLADA

Tlfno: 695715510

Etiketa(k):