AHT GELDITU! Elkarlanaren Legutioko prentsaurrekoa

AHT Gelditu! Elkarlanak Legutioko udaletxean eskainitako prentsaurrekoaren inguruko informazioa

AHT-ren OBRETARA MANIFESTAZIOA UZTAILAREN 28an URBINAN

AHT-k zuzenean kaltetutako herrietako udal, kontzeju eta gizarte eragileetako ordezkariek Abiadura Handiko Trena gelditzea exijitzen dute eta AHT Gelditu! Elkarlanak datorren larunbaterako Urbinan antolatutako manifestaziora joateko deia luzatzen dute.
Oraingo honetan AHT-k zuzenean kaltetutako herrietako udal, kontzeju eta gizarte eragileetako ordezkariek lagunduta, AHT Gelditu! Elkarlanak Arrazua-Ubarrundia udalerrian AHT-ren eraikuntza lanak hedatzen ari direla salatzen du eta dei egiten die herritarrei datorren larunbatean Urbinan antolatu duen manifestazioan parte har dezaten. Manifestazioaren helburua inposaketa errefusatu eta Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Sustapen Ministerioari AHT-ren egitasmoa berehala geldi dezaten exijitzea izango da.

Gehiengo sozial eta sindikalak behin eta berriro erakutsi du AHT-rekiko aurkakotasuna. Izan ere, AHT-k ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larriak eragingo ditu eta egitasmoa inolako informaziorik eta herritarren parte hartzerik gabe jorratu dute. Eta behin eta berriro exijitu du egitasmoa geldi dezatela, informazio egiazko eta objektiboa zabal dezatela eta eztabaida sozial zabalari bide eman dakiola. Horren adierazgarri dira azken urteotan Euskal Herriaren luze zabalean burututako hamaika mobilizazio eta salaketa ekimenak, baita herri ezberdinetan AHT-ri buruz egindako herri galdeketak ere.

Zentzu horretan, nabarmendu beharra dago, Urbinako kontzejuko eta Gasteizko 20 kontzejuetako herritarrek ezetz esan ziotela egitasmo honi herri galdeketa banatan. Eta Gasteizko beste 20 kontzejuk bat egin zutela beren herrikideen ezezkoarekin. Beraz, gaurdaino, Araban AHT-k zuzenean kaltetutako kontzejuen gehiengoak ezetz esan dio egitasmoari, gainontzekoei beren iritzia adierazteko aukerarik eman ez zaielarik.

Aitzitik, egitasmoaren arduradunek herritarren eskaerari entzungor egiten eta inposaketaren bidean urrats berriak egiten jarraitzen dute.

Hala, beste behin ere, salatzen dugu, halako egoeran egitasmoaren eraikuntza lanei ekitearen akats larria zuzentzen saiatzetik urrun, Espainiako Sustapen Ministerioa duela hamar hilabete Arrazua-Ubarrundia udalerrian hasitako lanak masiboki zabaltzekotan dela: Lukun hasi dira dagoeneko lur eremu berriak suntsitzen, eta Miñao eta Erretanan eraikuntza enpresek lur berriak okupatu dituzte. Eta orduan bezalaxe, isilpean egin asmo du, egitasmo honen inguruan praktikatutako informazioaren ezkutatzea nabarmen utziz beste behin ere.

Eta horrekin batera, gogor salatzen ditugu obra zati berrien lizitazio eta adjudikazioak; azkena, joan den asteartean bertan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Ordizi-Itsasondo zatiarena. Gogor salatzen ditugu behartutako desjabetzeak, baita azkenaldian burututako zundaketak eta ikerketa topografikoak egin ahal izateko lurren okupazioak, haietako asko ilegalki egin ere, Aramaion gertatu bezala. Gogor salatzen ditugu Espainiako Gobernu Ordezkari Paulino Luesmak herri galdeketekin konprometitutako instituzioei egindako mehatxuak, baita herri galdeketen debekuak ere, Aramaiokoa kasu. Eta azkenik, gogor salatzen dugu Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburu Nuria Lopez de Gereñuren jarrera inposatzailea, izan ere, berriki, kaltetutako herrien egitasmoaren aurkako jarrerak ez dituela AHT-ren eraikuntza lanak inolaz ere baldintzatuko esan baitu.

Gertaera horiek guztiek, AHT-rekiko oposizio sozialarekiko erabateko mespretxuaren nahiz egitasmoaren bultzatzaileen aurreranzko ihesaldi itsuaren erakusgarri izatearekin batera, egoera ezin larriago baten aurrean kokatzen gaituzte. Premiazkoa da AHT-ren eraikuntza lanak berehala geldi ditzatela exijitu, inposaketa errefusatu eta herritarren borondatea errespeta dezatela exijitzea.

Horregatik, dei egiten diegu herritarrei mobiliza daitezen eta, zehazkiago, datorren larunbateko manifestazioan parte har dezaten. Manifestazioa Urbinatik eraikuntza lanetarantz abiatuko da arratsaldeko 18:00etan, Urbinara bueltatu eta bertan amaitzeko.

Geldi ditzagun orain! Galaraz dezagun eraikuntza lanek aurrera egitea! Atera gaitezen kalera, jendartera dezagun AHT-ren bultzatzaileek ezkutatu asmo duten informazioa eta aldarrika eta bultza dezagun AHT-ren nahiz harekin batera inposatu asmo diguten garapen ereduaren inguruko eztabaida sozial zabala! Finean, bil ditzagun indarrak AHT-ren aurka!

Hemen eta orain posible da AHT gelditzea!

Etiketa(k):