AHTren Lanen hedapena salatzeko ekintza. Obretara manifa uztailaren 28an

AHTren Lanen hedapena salatzeko ekintza burutu da gaur goizean Lukun. 30 pertsona inguru obretara sartu eta lanak geldiarazi dituzte. 3 makina erraldoi geldiarazita prentsaren aurrean komunikatu hau irakurri da:

AHT Gelditu! Elkarlanaren protesta ekintza gaur AHTren obretan
AHT-REN LANEN HEDAPENA SALATU ETA OBRETARA MANIFESTAZIOA DEITZEN DU OBRAK BEREHALA GELDITZEA EXIGITZEKO

Abiadura Handiko Trenaren oposizioan hainbat talde biltzen dituen AHT GELDITU! Elkarlanak protesta ekintza bat egin du gaur eguerdiko 12etan AHTren obretan, Arratzua-Ubarrundia udalerrian “Euskal Y”-aren eraikuntza lanak hedatzen ari direla salatzeko eta lan horiek berehala geldiaraztea exigitzeko. Halaber, uztailaren 28an obretara manifestazioa deitu du AHT GELDITU! Elkarlanak, Urbinako plazatik arratsaldeko 18:00etan abiatuta, eta mobilizazio horretan ahalik eta jende gehiena biltzeko dei egiten du gainera, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Sustapen Ministerioari obra horiek berehala geldi ditzaten eskatzeko.
AHTren lanak iazko irailean hasi zituen Espainiako Sustapen Ministerioak Lukun (Araba), honelakoetan ohikoak diren kamera eta flash-ik gabe, mila aldiz salatu dugun administrazioaren informazio ezaren agerpen biribil bat emanik. Geroztik igaro diren 10 hilabete hautetan, aurrikusi zutena baino gutxiago aurreratu dituzte lanak, oposizio mugimenduaren eta herri kaltetuen aldetik topatu duten erresistentzia dela medio. Zalantzarik gabe, egunetik egunera indartsuagoa da AHT-ren aurkako herri dinamika. Horren adierazgarri dira urte luze honetan Euskal Herriaren luze zabalean burututako hamaika mobilizazio eta salaketa ekimenak. Baita ere Alegi, Atxondo eta beste hainbat herritan burututako herri galdeketak. Horregatik, hauteskundeak pasa arte itxaron dute, AHTren kontrako oposizioa handitzen ari dela eta makinak sartzeak ez lukeela onarpenik izango ohartuta.
Alabaina, gaurkoan AHT Gelditu! Elkarlanak gogor salatu egiten du Lukun bertan lur berriak suntsitzeari ekin diotela. Txikizioaren tamaina aintzat hartzekoa da egun, eta Miñao eta Erretanan berehala lur gehiago okupatzekotan dira bestalde. Gauzak horrela, Arratzua-Ubarrundia udalerrian AHTren obrak modu masiboan hedatu daitezke, kaltea atzeraezina bihurtuz.
Horrekin batera, AHT Gelditu! Elkarlanak salatu nahi ditu, besteak beste, nahitaezko lur-desjabetzapenak, hainbat herritan (Itsasondon, Elorrion...) AHTren proiekturako berriro hasi dituzten zundaketa-lan geoteknikoak, obra zati gehiagoren esleipen eta lizitazioak, Estatuko Gobernuaren Ordezkariak herri-kontsultak deitzen dituzten udalen kontrako mehatxuak, mendi-martxa informatiboetako partehartzaileen aurkako Ertzaintzaren bortizkeria eta herritarrei informazioa ukatzea. Guzti honek ipintzen gaitu alarma egoera batetan.
Hau dela eta, Abiadura Handiko Trena gelditu, inposizioa salatu eta herritarron nahia errespetatzea exigitzea premiazkoa da gaur. Bide honetatik, salatu egin nahi dugu Lakuako Gobernuko Garraio sailburua den Nuria Lopez de Gereñuk, erakusten ari den jarrera inposatzailea, adierazten duenean zenbait kaltetutako Udalek erakusten ari diren AHT-ren aurkako jarrerak ez dutela “Euskal Y-aren” eraikuntza geldituko eta galeraziko. Gainera, EAE-ko Arartekoa den Iñigo Lamarcaren irizpidearen kontra joanez. Azken honek, orain dela egun batzuk, Donostian defendatu bait du horrelako proiektuen aurrean Herri Kontsultak egiteko beharra.
Horregatik guztiagatik, egoeraren larriaz jabeturik, AHT GELDITU! Elkarlanak mobilizazioari eusteko eta datorren uztailaren 28an obretara egingo den manifestazioan parte hartzeko deitzen ditu herritarrak. Aurrez aurre ipini gaitezen, obren garapena geldituz; Antolatu eta kalera atera gaitezen; AHT-ren bultzatzaileek ezkutatzen ari diren informazioa jendarteratu dezagun; AHT nahiz haren eskutik inposatu asmo diguten garapen ereduaren inguruko eztabaida sozial zabala aldarrikatu eta bultza dezagun.Hau da, AHT-ren aurkako borrokan indarrak bil ditzagun.
Manifestazioa Urbinatik aterako da 18.00etan, lanak garatzen ari diren lekuraino joan eta abiapuntura itzuliko da berriro, mobilizazioa Urbinan ekitaldi batekin amaitzeko. Orain eta hemen posible da AHT gelditzea!

Luku, 2007ko uztailaren 11

AurrebistaEranskinaTamaina
AHTren_Obretara_Manifestazioa_uztailaren_28an_Urbinatik.pdf69.54 KB
Etiketa(k):