AHTren Aurkako XII. Akanpada, Aramaion 2007-VII-27->VIII-5

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladak urtetik urtera antolatzen duen akanpada uztailaren 27tik abuztuaren 5era egingo da Aramaion (Ibarra auzoa), ingurugiroan nahiz gizarte arloan kalte larriak eragingo lituzkeen proiektu txikitzaile horren inposizioaren kontrako herri mugimenduari eta mobilizazioari indarra ematen segitzeko. Tailerrak, Mendi martxak, Hitzaldi-Eztabaidak, Batzarrak, Haurrentzako jokoak, Antzerkiak, Kontzertuak, ...
XII. Akanpada honetan parte hartzeko dei egiten diogu jende guztiari, “GELDITUKO DUGU!” lemapean Aramaioko herritarrekin AHTren oposizioan bat egiteko, eta, halaber, desarrollismoaren ondorio ekologiko eta sozial suntsitzaileen aurrean komunikazio kritikoa sustatzeko. Helburu hori aurrean, akanpadaren 10 egunetan zehar hainbat ekintza egingo dira –hala nola eztabaidak, tailerrak, ekintza informatiboak eta protestak, mendi ibilaldiak, antzerki zein musika emanaldiak--, gizarte kapitalista zalantzan jartzen duten pertsona eta gizarte talde desberdinen arteko harreman estuago batzuen aukera eskainiko duen topagune asanblearioa sortzeko. Bestalde, uztailaren 28an AHT GELDITU! Elkarlanak obretara deitu duen manifestaziora bilduko gara: Urbinako plazatik arratsaldeko 18'00etan abiatuko da mobilizazio hori, eta ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten dugu gainera, Arratzua-Ubarrundiako udalerrian duela zenbait hilabete hasitako “Euskal Y”-aren lehen eraikuntza lanen hedapena arbuiatzeko eta Eusko Jaurlaritzari nahiz Espainiako Sustapen Ministerioari lan horiek berehala geldi ditzaten exijitzeko.
AHTren gaia dela eta, oposizioa euskal gizartean sakonki errotzen ari da. Horren lekuko dira azken urtean inpaktu ekologiko eta sozial handiko azpiegitura honen kontra egin diren ekintza, mobilizazio eta adierazpen zenbatezinak. Edonondik, mamu bat dabil AHTren ibilbidean barrena. Horregatik, egungo egoeran urgentziazkoa da inposizioari aurre egiteko erresistentzia ekimen eraginkorrak bultzatzea, desobedientzia zibilaren eta ekintza zuzenaren ildotik mobilizazio eta borrokabide berriak saiatzea, oposizio honek nola antolatu behar duen eztabaidatzea, eta desarrollismoarekin batera egungo gizarte eredua errotik zalantzan jarriko duen herri mugimendura jende gero eta gehiago biltzea.
AHT gure herrian inoiz aurrikusitako azpiegitura erraldoiena da eta konponezinezko kaltea egingo dio Ama Lurrari. Aramaioko bailara, kasu, edertasun apartekoa duen udalerria izaki, AHTren itzelezko ingurumen-eraginen menpe, paisaiari emandako kolpe latzaren eta inpaktu akustiko gogorraren menpe geratuko litzateke, bere inguruaren esentzia zeharo aldaturik. Izan ere, Aramaion 1.405 metro luze eta 85 metro altuerako biadukto erraldoia eraikitzeaz gain, AHTk ingurugiro kalitate zalantzaezina duten hainbat ingurunetan izango lukeen eragin kaltegarria azpimarratu behar da: esaterako, Barajuen, Azkoaga, Zabola eta Suñako landaguneak oso degradatuak lirateke, eta AHTren inpaktu bortitza dela-eta, Untzilla eta Aramaio errekak, Garagartzako artadiak, eta Udalaitz aldeko natur intereseko guneak txikituko lituzke azpiegitura horrek. Bestalde, AHTk langa artifizial bat ezarriko luke lurraldean, haranak zatikaturik, eta tunelen zulaketatik ateratako hondakinen kopuru izugarria dela-eta, mendi magalak zakartegi bihurtuko lituzke. Horixe da, AHT egitekotan, Euskal Herriko hainbat herritan errepikatuko den triskantza. Halaber, obraren tamaina eskerga dela-eta, AHTk harrobien ustiakuntza areagotu eta berriak zabaltzea ekarriko luke berekin: inguru honetan aipagarria da Udalaitz mendiaren barrunbean harrobi berria egin asmo dutela, hainbeste eztabaida piztu arren.
Hori denagatik, Aramaioko akanpadara biltzeko dei egiten dugu, desarrollismo txikitzailea gelditu eta AHTren aurkako borroka gero eta gehiago zabaldu behar dugulako, lurrarekiko adiskidetasunaren eta elkarbizitza orekatu eta aske baten alde.
Bukatzeko, datorren uztailaren 24ean Nafarroan epaituko dituzten Itoitzekin Elkartasuna taldeko 19 kideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Itoitzeko herriaren suntsiketari oposizioa egiteagatik zigortu nahi dituzte, eta horrenbestez, Iruñeako epaitegiaren atarian goizeko 8'30etatik aurrera egingo den sostengu kontzentrazioan parte hartzeko dei egiten dugu, solidario guztiak aske utz ditzaten eskatzeko.

EGITARAUA:

Ostirala 27:
19'00: Bertso-Poteoa Aramaion, Iker Agirre, Manex Agirre, Jokin Labayen eta Ander Solozabal bertsolariekin.
22'30: Akanpadako batzarra

Larunbata 28:
11'30: Charla sobre la lucha en defensa del barrio El Cabañal en Valencia.
18'00: AHT-REN OBRETARA MANIFESTAZIOA URBINA-TIK, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta (akanpadatik 16'30etan autobusa).
23'30: Antzerkia eta musika: Valentziako “Show del alimaña” eta “ZONA 0”.

Igandea 29:
10'00: AHTk Aramaion kalteturiko inguruetara IBILALDIA: Azkoaga-Zabola-Suña-Barajuen (3 ordu oinez)
16'30: Antzerki ekintza tailerra: aurkezpena eta martxan jartzea (tailer hori akanpadan zehar egun gehiagotan landuko da)
18'30: Pablo Sastre eta Itziar Madina idazleekin solasaldia “Gauzen presentzia” eta “Beste eguzkia” liburuen inguruan (Sastiña ermitan).
23'00: Antzerkia: “Nunca” “Inoiz ez”, Betiko Berberak taldearen eskutik.

Astelehena 30:
11'00: Charla-debate sobre “Experiencias de autoorganización política, en los últimos 30 años, en la Barcelona metropolitana”, con los coautores del libro “De la resistencia al contrapoder” (Ed. Virus).
16'30: Txalaparta tailerra (Axier)
16'30: Charla sobre “La guerra del agua, dominación capitalista y mercantilización del territorio” (Autónomos Murcia).
18'30: AHTren aurkako borrokari buruz batzarra: egoeraren azterketa eta aurrera begirako proposamenak.
23'00: Kontzertua: “Sociedad Corrupta” (Aramaio) eta beste...

Asteartea 31:
10'00: MENDI MARTXA Leze-Txiki eta Kobate aldera (3 ordu oinez)
10'30: Tailerra: zintzilikako ekintzak egiteko eskalada teknikak.
17'00: Tailerra: Protesta ekintza baten prestaketa.
19'00: “Los pies en la tierra. Reflexiones y experiencias hacia un movimiento agroecológico” liburuaren aurkezpena eta solasaldia (Kultur Etxean).

Asteazkena 1:
Goiza libre
17:00: AHTren aurkako intsumisioa: EuskoTren eta RENFEri ez-ordainketa egiteko desobedientzia ekimenaren aurkezpena.
19:00: “Eremu elektromagnetikoak eta osasuna” gaiaren inguruan hitzaldia, Patxi Gonzalezen eskutik (Kultur Etxean).
23'00: Kontzertua: “Volando Boys”.

Osteguna 2:
9'30: Egun osoko MENDI MARTXA: Izpizte-Orixol .
16'30: Taller: “Técnicas para sobrevivir emocionalmente a la opresión del sistema” (Julia Martinez y Marifran)
19'00: Hitzaldia: “Kapitalismoaren ondorio psikologikoak” gaiari buruz, Nekane Juradoren eskutik (Kultur Etxean)
23'00: Antzerki inprobisatua.

Ostirala 3:
11'30: Hitzaldi-eztabaida: Energia berriztagarriei buruz, Fernando Mijangos-ekin (Kultur Etxean).
18'00: Zine Txiroa: “Nork nori zor? ” (Jose Manzaneda, 2006): dokumentala proiektatuko da (28 min.) eta gero solasaldia Martin Mantxorekin (Ekologistak Martxan), Kultur Etxean.
19'30: TXAN Magoaren ikuskizuna
23'30: KONTZERTUA: “Kagando Blando ” (Iruñea) Komando Baserri (Otxandio), Mal de Ojo (Tolosa), y Asto Pituak (Iruña)

Larunbata 4:
11'00: Sexualitate Tailerra (Txabi Sanchez).
11'30: Hitzaldia eta solasaldia: “Leitzarango autobiaren lekzioak: herri mugimenduaren esperientzia eta hausnarketa” gaiaren inguruan, Lurraldea Koordinakunea eta Autobiaren Aurkako taldeetako kide ohiekin (Kultur Etxean)
19:30: AHTren aurkako KALE ANTZERKI EKINTZA ETA KALEJIRA Gasteizen. Irteera Gasteizko Gaztetxetik. Akanpadatik autobusa 16'30etan (Bueltan: autobusa 23'15etan Gasteizko autobus geltokitik).

Igandea 5:
12'30: Jendarteko herri kirolak (Udaletxeko plazan).
17'00: Akanpadaren balorazio batzarra.
19'00: Erromeria “Xero Xiete” musika taldearekin (plazan).

___________________________________

AKANPADALEKUA: Aramaio (Ibarra) Gasteiztik 30 kilometrotara (Legutioko bidetik) eta Arrasatetik 7 kilometrotara dago.

TOPAGUNE AUTOORGANIZATUA: AHTren aurkako akanpada topagune asanbleario eta autogestionatua da. Bertan biltzen garen lagun guztien artean txandakatzen dira mantenimendu lanak (otorduak, garbiketa...)

JATORDUETARAKO BONOAK: Akanpada osoa (10 egun): 50 euro // 5 egun: 30 euro (bertan salgai)
Janaria barazkijalea da, beganoa ere nahi baduzu. Behi esnea baserrikoa, eta janari gehinea nekazaritza ekologikotik eta agroekologikotik dator.

AFARI ZERBITZUAREN ORDUTEGIA: arratseko 8'30etatik 9'30etara zerbituko da.

EZ DA JARRERA SEXISTARIK ONARTUKO

ABELTZAINTZA EREMUA: Aramaio abeltzaintza eremuan dago; txakurrak eramanez gero ardura handiz ibiltzea eskatzen da.

ARAMAIORA JOATEKO AUTOBUSAK:
Autobuses Arriaga (Tlfnoa: 900501277 – 945282787 -9452855000)
Gasteiz>Aramaio. Astelehenetik ostiralera: 8'30-13'10-16'20-19'30
Arrasate>Aramaio. Astelehenetik ostiralera: 7'00-10'00-11'00-12'00-15'15-17'20-18'30-19'00-21'10
Aramaio>Gasteiz. Astelehenetik ostiralera: 7'15-12'15-15'30-18'45
Aramaio>Arrasate. Astelehentik ostiralera: 7'50-9'10-10'15-11'15-13'45-17'00-17'35-19'15-20'10
OHARRA: Arrasatetik autobus zerbitzu ugari dago Gasteiz, Bergara, Eibar eta Donostia aldera (autobuses PESA : tlfno 902101210)

Informazio gehiago lortu, proposamen bat egin, edota AHTren aurkako borrokan era aktiboan koordinatu nahi baduzue, harremanetan jar zaitezte:

AHTren AURKAKO ASANBLADA
Tlfnoa: 695715510 ahtez@sindominio.net Apdo 3243 Postakutxa. 20080-Donostia

Este articulo en castellano XII Acampada contra el TAV

Etiketa(k):