AHT: arrapaladan okerreko norabidean

BERRIA. Rafa Diez Usabiaga. LABeko idazkari nagusia

Me dicen el desaparecido, fantasma que nunca está. Me dicen el desaparecido, que cuando viene ya se ha ido. Manu Chao-k abesten du eta AHTren inguruan ari zaigula dirudi. Izan ere, Abiadura Handiko Trenak zeharkatuko dituen bertoko herri gehien-gehienetan horixe izango da errealitatea saihesten ez badugu: trena igaro igaroko da baina heldu aurretik ospa egingo du. Erabilgarritasunik ez herritarrentzat, baliagarritasunik ez lekualdaketen gehiengoa diren eskualde arteko edo barnekoetarako. Ken diezaiogun mozorroa mamu horri. Ez da izango geldituko ez delako. Izan izan, bizilagunen bizi kalitatea murrizteko izango da: kutsadura akustikoa, biaduktu erraldoien eragina paisaian, bidexken itxiera, etxebizitzen garestitzea...

Energia eta dirutza xahutuko dituen egitasmoaz ari gara, gure orografia menditsura inondik inora moldatzen ez den azpiegitura suntsitzaileaz. Euskal Herrian trenbideak duen funtzio eskasa moldatzeko eta gaurkotzeko behar dugun trenbide sare eta mota ez da hau. Berriro ari gara estropezu egiten harri berberarekin. Egungo trenbide sarea gure beharrak aintzat hartu gabe diseinatu zuten Estatu frantses eta espainolak eta hamarkadatan ez da ia ezer inbertitu. Gobernuen egungo politikek eredu okerrerantz garamatzate: garraio zerbitzu publikoa ez da behar den bezala antolatuko euskal lurraldeari egokitzeko ezta benetako mugikortasun eskaria asetzeko.

Y-a, Nafarroako korridorea eta Lapurditik igaroko litzatekeen Akize-Irun lerro berria ez dira Euskal Herrian eta bertorako sortutako egitasmoa. AHT egitasmoak ez du zerikusirik beharrezko eskumenak bagenitu gizartearen beharrak asetzeko diseinatuko genukeenarekin, kudeaketa integrala eginez, intermodalitatea bultzatuz eta ingurumenari, arlo sozialari eta ekonomiari begira garraiobide adeitsu, orekatu eta errentagarrienak sustatuz. Errentagarrienak gizartearentzat eta ez eraikuntzako patronalarentzat.

Zerbaitek huts egiten du gobernuek arrapaladan ekiten dietenean lanei, modu klandestinoan, informazioa ezkutatuz, eztabaida soziala eta herritarren parte-hartzea ukatuz. Gehiengo sindikal eta sozialaren gainetik pasatuz eskumenak zentzurik okerrenean gauzatu dituzte, munta honetako gaia ohiko Òduela 4 urte jendeak bozkatu zuen...Ó horretara mugatuz.

Baten batek bere buruari galdetuko dio zergatik Y-ak zeharkatuko dituen herrietako lau biztanletik hiruk duten informazio gutxi edo batere ez, zergatik %35ek ez dakien ezta bere herritik igaroko dela ere, zergatik ez den parte-hartzeko biderik izan. Duela gutxi argitaratutako iritzi-ikerketa batek argi eta garbi utzi du: AHTren aurkako iritziak areagotu egiten dira informazio maila handitu ahala.

Gizartean AHTren berri zabaldu behar dugu, zer den eta zer ekarriko digun. Herritarren esku-hartzea eta erabakitzeko eskubidea, honelako gaietan ere, gauzatu egin behar dira, urrutiko bulegoren batean antolatutako zoritxarreko norabideak gure interesetatik urruti dagoen garraio eta gizarte eredurantz eraman eta betikotu baino lehen. Okerreko norabide horrek ohartu aurretik galaraziko dizkigu nekazal lurrak, bertoko ekosistemak eta inbertsio sozialerako aukerak ez ezik, identitatea ere.

Volando vengo, volando voy. Deprisa, deprisa, rumbo perdido. Musikak hor darrai. Egokitu dezagun erritmoa, eska dezagun AHT geldiaraztea Bilboko biharko manifestaziora joanez eta berandu izan aurretik, zuzendu dezagun norabidea.