AHTren Aurkako Asanbladak datorren larunbatean Irun-Hendaia artean egingo den manifestaziora deitu du

MUGA GUZTIEN GAINETIK AHT GELDITU!

Datorren apirilaren 14ean, larunbatarekin, Ipar Euskal Herriko AHTren aurkako herri mugimenduarekin batera Irun-Hendaia artean egingo den manifestazioan parte hartzeko deitzen du AHTren Aurkako Asanbladak, euskal gizartean AHTren inguruan dagoen desadostasun zabala adierazteko eta joan den martxoaren 8an Gobernu frantsesak Lapurdin Abiadura Handiko linea berria eraikitzeko harturiko erabaki larriari erantzuteko. Izan ere, Lapurdin TGVrentzat Abiadura Handiko linea berri bat eraikitzeko proiektuaren birjaurtitzeak kontrako jarrera tinkoa piztu du Ipar Euskal Herrian, eta gure borroken bateratzea garrantzitsua da AHTren inposizioari aurre egiteko. Horrenbestez, Bidasoaren bi aldeetako herritarrek egitasmo desarrollista eta txikitzaile honen aurkako borrokan indarrak batzeko aukera emango duen manifestazio honetan ahalik eta jende gehiena biltzeko dei egiten dugu. Hegoaldetik arratsaldeko 5etan abiatuko da manifestazioa FICOBA Erakustazokatik, eta iparraldeko manifestariekin Santiagoko zubian bat egin ondoren, elkarrekin Hendaiako tren geltokian amaituko dugu.

AHTren proiektua Euskal Herriak bere osotasunean jasaten duen arazo bat izateak bere larritasuna adieratzen du, eta erantzuna antolatzeko orduan eragingarri suerta daiteke. Gobernu frantsesak eta “Euskadi-Akitania lobby”-ak Ipar Euskal Herrian ezarri nahi duten egitasmoari gagozkiola, honako ondorio hauek nabarmendu nahi ditugu:

  1. Bistakoa da AHTren eraikuntzak Lapurdiko barnealdean inguramenarekiko sarraski izugarrizkoa ekarriko lukeela. Egitasmoak gutxi gorabehera 60 kilometro egiten ditu Lapurdiko barnealde osoa zeharkatuz, Bidaxuneren iparraldetik hasi eta Behobiaraino, Uztaritzetik barrena. Aipatu beharra dago hainbat herritan ondorio larriak eragiteaz gain, natur interes zalantzaezina duten inguruneetan ere kalte gogorrak eragingo lituzkeela, Senpereko basoetan eta Larrungo mazizoaren alboetan dauden natur espazioetan kasu, Senperetik Biriatura AHTren ibilbidea mendien hegalari atxikitzeko asmoa agertu baitute.
  2. AHTren geltoki berria Uztaritzen kokatuko litzateke eta horrek Lapurdiko barnealdea kolonizatzeko eta garapen urbanistikorako nahi beste lur erabilgarri izateko interesa nabarmentzen du batipat, “ohatze-olgeta” motako garapen urbano gehiagorekin nahiz golf zelai eta saltoki handi gehiagorekin negozio inmobiliarioa sustatzeko. AHTren Uztaritzeko geltoki horrek, Lapurdi barnealdeko ondare natural eta paisajistiko aberatsa metropolietako exekutiboei begirako etxebizitzak garatzeko eremu bihurtuko luke erabat, lurralde honek bizi duen suburbanizazio prozesua azkartuz.
  3. “Frantziak AHTren arloan munduko liderra izaten jarraituko du”, esan zuen martxoaren 8an Frantziako Garraio ministro Dominique Perben-ek, Bordeletik Irunera AHTren bide berria egiteko erabakiaren harira. Espainiako lehendakari Zapaterok zera zioen, ordea, otsailaren 14ean: “Espaina izango da AHTren garapenean mundoko lehen estatuta” (10.000 kilometroko sarea eraki nahi du 2020rako!). Gauzak horrela, azpiegituren gurpil zoroan murgildu gaituzte: AHT, Pirinioetan zeharreko 2x2 edo nafar autobidea, A-64 zein A-8 autobideen eta Hondarribiko aireportuaren zabalketa, Jaizkibelgo Superportua, Gaintxurizketako plataforma logistikoen garapen handia, Donostialdetik Biriatura aurrikusitako Kanpo Autopista berria Oiartzungo bailaratik... Desmasia horiek kontuan hartuta, AHTren aurkako borroka turbokapitalismoari eta desarrollismo suntsitzaileari aurre egiteko modu bat dela pentsatzen dugu. Eredua guztiz eutsiezina da, garraioa maila gutzietan areagotzea sustatzen delako eta azpiegiturek gizartean, ingurumenean eta ekonomian eragiten dituzten kalteak larritzen jarraituko dutelako.

 

Horregatik guztiagatik, datorren larunbatean Irun-Hendaia artean egingo den

AHTren aurkako manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten dugu,

euskal gizartean hainbeste eztabaida piztu duen proiektu anti-ekologiko eta anti-sozial

hori gobernuek geldiaraz dezaten exijitzeko.

AHTren AURKAKO ASANBLADA (Tlfnoa: 695715510)

Etiketa(k):