Bidegabekeriaren trenbidea

Berria. mikel carramiñana. Abadiño

Bilbotik Donostiarako tren sarea berritzeko, adineko bikote baten baserria eraitsiko dute Abadiñon. Kalean utziko dituzte apirilean, etxe duinik erosteko ematen ez duen ordainarekin.Durango zeharkatzen duen trenbidea lurperatzeko lanetan ari dira hil hauetan, eta, aldi berean, Bilbotik Donostiarako trenbidea bikoiztu eta lantegi berriak egiteko obretan ari dira Abadiñoko Lebario auzoan. 2004ko irailaren 23an publikatu zuten EHAAn Garraio Sailaren proiektua eta, horrekin, bikote abadiñar baten amesgaiztoa hasi zen.

Administrazioak trenbide sarea moldatzeko nahitaezko desjabetzeak egiteko ahalmena duela esaten du, besteak beste, aldizkariak. Horrez gain, desjabetuko zituzten herritarren izenak ageri ziren bertan, tartean, Emilio Iturriagagoitiarena.

Lantegi berriek hartuko duten eremuan landa lurrak dira nagusi, salbuespen bakar batekin, Txosna baserriarena. Juli Uriarte emaztearekin bizi izan da Emilio egungo trenbidearen aldamenean haren gurasoek 1923an eraiki zuten etxean. Sinestezina dirudi, baina Patxi Iturriagagoitiari ere, Emilioren aitari, baserria bota zioten 1922an, Bilbotik Donostiarako trenbidea berritzeko, hain zuzen ere.

Apirilaren 2an, 09:30ean, gurasoen baserria bota zutela 85 urte igaro ondoren, Emilio eta Juliren etxea desagerraraziko dute makinek. Etsipenak jota hitz egin arren, azpiegiturak hobetu beharra onartzen du bikoteak: «Horren kontra ezin dugu ezer egin, guri kalte egiten badigu ere, baina bizimodu duina izateko etxea besterik ez dugu eskatu hasieratik». Hala ere, galera handiagoak izan dituzte trenaren ondorioz, alaba trenak harrapatuta hil baitzitzaien etxe aurrean, 1981ean, 23 urte zituela

Emiliok 80 urte dauzka eta Juli emazteak 76. Garraio eta Herri Lan Sailak 213.000 euroko kalte-ordaina ordaindu die, pezeta zaharren 35 milioi. Etxebizitzaren egungo salneurriak ikusita, «nekez» erosiko dute euren adinagatik beharrezkoa duten etxea. Konponbide bakarra eta mingarria dute etorkizunari begira: «Semearekin joan beharko naiz ni, eta emaztea, berriz, alabaren etxera». Ez dute elkarrengandik banandu nahi, mende erdia egin dute bata bestearen ondoan. Oroimenak ez dio hutsik egiten Juliri: «Aurten 51 urte egingo ditugu elkarrekin».

KONPONBIDERIK EZ. Duela hiru urte, Garraio Sailak hala agindu zienean, lurzoruaren okupazio akta sinatu zuten: «Beste aukerarik ez genuela eta lasai egoteko esan ziguten, kalte-ordaina negoziatuko genuela eta arazorik ez zela egongo». Besteak beste, Alberto Carrillo Jaurlaritzako perituarekin eta Abadiñoko alkate Javier Uriarterekin batzartu ziren ordaina zehazteko. Hasieran «270.000 euro eskaini zizkiguten eta 2005eko ekainaren 8ko bileran, berriz, 300.000 euro». Gutxiegi zela erabaki zuten.

Elkartzen erakundearen arabera, EAEko etxebizitzen batez besteko salneurria 330.000 eurokoa da. Txosna baserriak, gainera, 168 metro koadro ditu, egungo etxebizitza berriek baino dezente gehiago. Bikoteak arkitekto teknikari bati eskatu zion prezioa jartzeko, eta hark 588.000 eurotan jarri zuen.

«Hala ere, inoiz ez dugu hainbeste eskatu, erdibidekoa baizik, 360.000 euro». Inork ez zien ohartarazi hurrengo eskaintza 156.000 eurokoa izango zela eta, 2005eko urriaren 6ko bilera azkena izango zela. Bilerako akta ikusi du BERRIAk eta alde biek «balio justua negoziatzen jarraituko zutela» argi azaltzen du. Ondoren, baina, Administrazioaren berririk ez zuten izan, harik eta ordaina bere kabuz finkatu eta kaleratzeko agindua jaso zuten arte. Laguntza eske dabiltza, baina «alferrik» dela uste dute. Iruzur egin dietela sentitzen dute, «bidegabekeria nagusi» dela.

AHT kalean salatuko dute bihar, Bilbon

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak abiadura handiko trena «inposatu» nahi dutela salatzeko eta «AHT geldi dezatela exijitzeko», elkarretaratzea egiteko deia zabaldu zuen atzo AHT Gelditu! Elkarlanak. Protesta iluntzeko 19:00etan abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren Kale Nagusiko ordezkaritzatik eta, gero, Espainiako Gobernuak Moyua plazan duen egoitzaren aurrean bilduko dira. Tren berria gelditzea «gizartearen esku» dagoela gogorarazi eta, horretarako, trenak kalte egingo dien guztiak kalera ateratzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen AHTren aurkako plataformak. Euskal Herriko gehiengo soziala eta sindikala AHTren aurka dagoela eta gizarteak «onartezinezko azpiegitura hau gelditzeko garaiz» dagoela esan zuen.