Alderdien jarrera salatu eta mobilizaziorako deia egin du AHT Gelditu! Elkarlanak

Berria. mikel carramiñana. Bilbo

Lanak gelditzeko eskatuko diete erakundeei, Bilbon martxoaren 1ean egingo duten manifestazioan. Abiadura handiko trenaren eraikuntzan eskumenak dituzten erakundeekin batzartzeko asmoa agertu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak iazko azaroan. EAJ, EA, PSE-EE eta EB-Berdeak alderdiei eskatu zieten, hain zuzen ere, trenaren eraikuntzak gizartean eragin duen «kezkari» buruz hausnarketa egiteko bilera. Alabaina, Ezker Batua izan ezik, gainerakoek «ohikoa duten nagusikeriaz jardun» eta erantzunik ez zutela eman azaldu zuen AHT ren aurkako taldeko Jon Artetxek, «behin eta berriro» saiatu diren arren. Era berean, EB-Berdeen «joko bikoitza» gaitzetsi zuen, teorian AHTren aurkako daudelako eta praktikan legebiltzarrean lanen alde bozkatu zutelako.

Alderdiekin batzartzeko saioen porrotaren berri eman eta AHT gelditzeko eskatzeko datorren astean egingo duten manifestaziorako deia egiteko agerraldia egin zuten atzo AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Eusebio Lasak, Jon Artetxek eta Mila Elorzak, besteak beste. AHTren lanak gelditu eta «Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren bidegabekeria salatzeko» elkarretaratzerako beharra gogorarazi zuten.

Manifestazioa martxoaren 1ean izango da, Bilbon, eta 19:00etan abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan protestaldia egin ondoren, Espainiako Gobernuak Moyua plazan duen ordezkaritzaraino joango dira.

INDARRAK BATZEKO ORDUA. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek deitoratu zutenez, administrazioek «eztabaida publikoa, adostasun soziala eta informazioa» baztertu egin dute. Trenaren lanak hasi dituztela-eta, «gizartearen errefusa» harritzekoa ez dela gaineratu zuen Mila Elorzak. Horrez gain, ELA sindikatuak protestak egiteko asmoa iragarri izanari zentzuzkoa iritzi zion: «Lanak martxan daudela, orain baita momentua». Horren harira, AHTren kontra dauden eragile guztiek indarrak batzeko ordua dutela uste du Elorzak.

Ildo berean, AHT gelditzea «gizartearen esku» dagoela esan zuen Eusebio Lasak: «Gizartearen gehiengoa trenaren kontra dago. Mobilizazioa da bide bakarra eta, horregatik, kalera atera beharra dago». AHT gelditu nahi duten guztiek lan egin behar dutela eta, gaineratu zuenez, «baita ELAk ere». Jon Artetxerentzat obren hasiera dela-eta «bizi dugun une kezkagarriaren adierazgarri da» sindikatu abertzaleak kalera ateratzeko aldarria egin izana.

Bestetik, Nuria Lopez Gereñuk herenegun aurkeztutako lurreko garraioaren kanpo kostuen inguruko ikerketari buruz aritu zen ere Artetxe. Jaurlaritzak zabaldutako datuak «aspaldikoak eta aurretik argitaratutakoak» direla esan eta, gainera, «erakundeek bultzatu izan duten eredu txarraren berri» besterik ematen ez dutela adierazi zuen. Azkenik, AHTk lurreko garraioaren arazoa ez duela konponduko azpimarratu zuen.

Gizartearen gehiengoa kontra dago; mobilizazioa da bide bakarra, eta kalera atera beharra dago»

Eusebio Lasa. AHT Gelditu! elkarlaneko kidea