RFF tren konpainiak martxoan ebatziko du AHT bidea egin edo oraingoa hobetu

Berria. Aitor Renteria. Angelu

Xedea hautatu ondoren kontzertazio ildoari atxikitzeko eskatu dio eztabaida batzordeak. Tren egitasmoari buruzko eztabaida publikoa bururatu ondoren, Frantziako tren sarea kudeatzen duen RFF konpainiak zalu hartu nahi ditu erabakiak. Christian Maudet RFFko ordezkariak atzo Angelun (Lapurdi) jakinarazi zuen martxoan ebatziko dutela oraingo bidea hobetzen duten edo AHT bide berria egitea hautatzen duten. RFFk iragarritako epea baino hilabete lehenago emanen du jakitera erabakia. Lau hilabetean Lapurdin egindako eztabaida publikoetan nehork ez du sustengatu gaurko bidea bikoiztea proposatzen zuen xedea.

AHT bide berria egitea hautatzen bada, erabakia RFFrena ez ezik, Frantziako Gobernuarena ere badela azpimarratu du Maudetek. «Hala ere, argiki adierazi nahi dugu eztabaida publikoa ez dela lehiaketa bat, eta ondorioz eztabaidan pausatu diren kezka eta proposamenak ez dira baztertuko, kontuan hartuko ditugu».

Preseski eztabaida publikoaren karietara lau hilabeteetan pausatu diren ohar eta ekarpenak kontuan hartzea eskatzen dio Yves Mansillon Frantziako eztabaida publikoa kudeatu duen batzordeko presidenteak RFFri.

Mansillon pozik agertu da eztabaidaren bilduma egiterakoan. Eztabaida aberatsa eta parte-hartzailea izan dela nabarmentzeko, kopuruak gogoratu ditu: 6.000 pertsona bildu dira bilkura publikoetan, 35 eragilek txostenak helarazi dituzte eta 1.200 galdera pausatu dira idatziz. RFFk ihardespena eman die galdera guztiei. «Gure iritziz, aski argitasunik ez duelako eman edo ez duelako erantzunik eman, 120 galdera berriz erantzuteko eskatu diogu RFFri» . Eztabaida batzordeko webguneak 30.000 bisitari ukan ditu lau hilabetez.

ADITU SUITZARREN TXOSTENA. RFFk osatu txosten ofizialaren baliagarritasuna zalantzan ezarri zuten eztabaida abiatzean ingurumenaren alde diharduen CADE taldeko kideek. Iraila hasieran eskatu eta abenduaren 5ean ezagutu zuten ikerketa independentea, hau da, Lapurdiko eztabaida publiko guztiak egin ondoren. Jean Pierre Chaussade Akitaniako eztabaida publikokoaren batzordeko presidentearen esanetan, «Suitzako aditu independenteen txostena berandu eskuratu arren, ez du eztabaidaren mamia aldatu eta ekarpen garrantzitsua izan da geroari begira, erabakiari begira».

Horrez gain, eztabaida publikoak bertze ekarpen garrantzitsu batzuk eragin dituela nabarmendu du Chaussadek. «AHT bidea egin edo ez, oraingo trenbideak hobekuntza nabarmenak ukanen dituela jakin dugu», azaldu du Chaussadek. Bordele (Frantzia)-Irun (Gipuzkoa) arteko ataleko hobekuntza lanetan mila milioi euro xahutuko dituzte 2020ra arte.

«Xehetasunak aipatzeko, jakin dugu saturaziorik ez dela izanen 2020 aitzin». Epe hori burutu aitzin RFFk saturazioa iragartzen zuen AHT bide berria egin ezean. Alta, suitzarren txostenak «baikorregia» iritzi dio RFFren zama eta bidaiari garraioari. Iragarritako kopuruak zuzendu eta errealitatera egokitzeko eskatu diote aditu suitzarrek.

Eztabaida batzordeak berezitu egin ditu Lapurdin eta gainerateko eremuetan izandako jarrerak. Mansillonen iritziz, AHT egitasmoaren aurkako taldeek oraingo bidea hobetzearen alde egin dute Lapurdin, bide berria edo oraingo bidea bikoiztea saihestuz. Ekologistak RFFk iragarritako kopuru «baikorregietan» oinarritu dira oraingo bidea aski dela sostengatzeko. Suitzarren txostenak arrazoia eman die arlo horretan. Honela dio txostenak: Bordele-Akize bidea aski da, hobekuntza lanak eginez, 2020ko jomugan aurreikusten den zama eta bidaiari kopuruari ihardesteko.

Preseski CADEk egungo trenen zama gaitasuna emendatzea proposatu du, 500 edo 600 tona eramateko gai bihurtuz. Abiaduraren mitoa salatu eta hurbileko garraioari lehentasuna ematea eskatu du CADEk.

Tren xedearen aldekoek, aldiz, AHT bidea egitea hobetsi dute. Horien iritziz, bide berria eginez oraingo trenbideak zamaketa eta hurbileko bidaiarien garraioa bermatzeko gaitasuna biderkatuko luke. Suitzarren txostenak jakinarazi zuen saturazio arriskua bazegoela, horrela arituz gero. Denbora berean, AHT trenaren ordez jario handiko trenak erabil daitezkeela onartu du.

AHTren aldekoek Landetako ekialdeko xedea hobesten dute, Bordeleko lotura bermatzeaz gain, Tolosako lotura egiten duelako. Preseski hori da Landetan eta Gironden (Frantzia) ekologistek gogorren gaitzetsi duten xedea.

«AHTren alde edo aurka egon, eragile guztiek bat egin dute errepide xedea saihestu eta tren zein itsaso bidezko garraioa hobestean, negutegi efektua murrizteko helburuz», adierazi du Chaussadek.

«Eztabaida publikoa ez da lehiaketa bat, eta egin diren ekarpenak kontuan hartuko ditugu, baztertu gabe»

Christian maudet

RFF tren konpainiako aditua
 

«6.000 pertsonak parte hartu dute, 35 eragilek txostenak egin dituzte eta 1.200 galdera jaso ditugu»

Yves Mansillon

Frantziako batzordeko presidentea

«Eztabaida publikoari esker jakin dugu ez dela tren saturaziorik izanen 2020 baino lehen»

Jean Pierre Chaussade

Eztabaida batzordeko presidentea