AHT-a gelditzea badago!

GARA. Iritzia

Kapitalismoak makroproiektuak behar ditu. Abiadura handiko trenak, plataforma logistikoak, autobide gehiago, superportuak, errauste plantak, zentral termikoak edo nuklearrak... behar dituzte kapitalistek lapurretan jarrai dezaten. Eta egungo agintarien helburua, hazkunde ekonomikoaren, lehiakortasunaren, aurrerakuntzaren, modernotasunaren eta iraunkortasunaren izenean, Europako multinazionalen merkatu kapitalista hau bultzatzea da. Aldiz, guztiz beste aldean gauden herritar xehearen gehiengo handia garenon bizi baldintzek txarrera egingo dute.

AHTren egitasmoa obra faraonikoa da, bere eraginak, aurrekontuak eta dimentsioak adierazten duten bezala. EAEn euskal Y deitzen duten AHT proiektuaren 194 kilometro egingo lituzketen obrak hasi dituzte. 6.000 milio euro baino gehiago xahutuko dira herritarren benetako beharretarako baliabide ekonomiko hauek erabili beharrean. Pentsatu herrietako naturan AHTk eragingo duen txikizioan. Bertako ekonomian, nekazaritzan, lurraldearen orekan ere... kalte larriak eragingo lituzke. Uste dugu ezinbestean garapenak ez duela ezberdintasuna areagotu behar eta ingurumenaren mugak errespetatu behar dituela. AHTren aldekoek diote milaka kamioi eta auto errepideetatik aterako dituztela eta hori guztiz gezurra da. Gero eta zirkulazio handiagoa dago eta garraiobide gehiago egiten dituzte. Uste dugu, ordea, garraioaren eskaerari mugak jarri behar zaizkiola.

AHTren aldeko erabakia demokratikoa dela diote, baina ez da. Dena herriarentzat, baina herria kontuan hartu gabe. Informazioa zabaldu baino gehiago, publizitate kanpainak egiten dituzte. «Esan bay AHTari» zioen batek, baina non esan daiteke bai? Ala ez? Informazioa, eztabaida eta erabakia ukatzen dizkiote herriari, eta propagandak ezkutatu ezin duen AHTren inposizioan tematzen dira.

Guztiagatik, AHTren aurkako antolakuntza eta borroka iraultzailerako deia egiten du. AHT kapitalisten proiektua da, kapitalismoaren beste ondorio bat. Horregatik, uste dugu, AHTren kontrako oposizioa kapitalismoaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borrokarekin lotu behar dela. Kapitalismoa bukatu ezean horrelako edo antzeko proiektu eta interesak eguneroko amesgaizto izango dira Euskal Herriko gehiengoaren baldintza sozialek okerrera eginez. AHTren aurkako borrokan pauso garrantzitsua litzateke larunbat honetako bezalako mobilizazioez gain langile klasearen borroka metodo eraginkorrena praktikan jartzea: paroak eta grebak. AHTren aurka dauden sindikatuek oinarrizko lana lukete hemen. Emaitzak txarrak izango al lirateke? Ez al luke Euskal Herriko langile eta gazteen kontzientzian eragin garrantzitsua izango etorkizuneko borroketarako AHTren aurkako eta kapitalismoak sortzen duen zapalkuntza sozialaren aurkako deialdi batek? Baietz uste dugu, nola da ba posible bestela kapitalismoaren aurka egitea? Institutu, unibertsitate eta sektore kaltetuenetan hasi liteke borroka hau indarren arabera aurrera jarraituz. Datozen asteetan “Euskal Herria Sozialista”k proposamen konkretuak egingo ditu borroka honen inguruan.

Iker Otermin eta Manu Odriozola “Euskal Herria Sozialista” aldizkariaren izenean