AHT Gelditu: Frantziaren erabakiak euskal Yaren porrota erakusten du

AHT GELDITU! Elkarlanaren komunikatua, gobernu frantziarrak hartu duen erabakia dela eta:

AHT GELDITU! Elkarlanaren ustez, Bordeletik Hendaiara Abiadura Handiko trenbidea eraikitzeko asmoa 2030 urtetik goitik atzeratzeko Frantziako gobernuak hartu duen erabakiak “Euskal Y”-aren egitasmoa porrot egiten ari dela erakusten du. Porrota, “Euskal Y”-a Europarekiko Abiadura Handiko loturarik gabe gelditu delako, eta aldi berean, Nafarroako lotura nahiz Gasteiz eta Burgos arteko zatian ere Adifek Abiadura Handiko egitasmoak eperik gabe atzeratzea erabaki duelako. Hau da, oparotasun garaiak amaitutzat emanda, bai Frantziak eta bai Adifek zein Espainiako gobernuak AHTa bere gain har ezin dezaketen xahuketa bat dela onartu behar izan dute, AHTa beste erremediorik gabe egungo errealitatean lekuz kanpo dagoela berretsita. Hortaz, obrak geldiarazi eta egitasmo osoaren birplanteaketa zorrotz batekin erantzun behar liekete Eusko Jaurlaritzak, Nafar Gobernuak eta Sustapen Ministerioak AHTren inguruan egunetik egunera pilatzen ari diren zalantza ekonomiko, tekniko eta finantzieroei. Alabaina, jakina da ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoela: zinez, AHTren auzian Ana Oregi kontseilariak eta Luis Zarraluqui Nafarroako bere homologoak agertu nahi duten ustezko “objetibotasuna” ezin disimula daitekeen maskarada lotsagarria suertatzen ari da. AHTren egitasmoarekin jarraitzeko ez daukate argudiorik eta bi gobernuok egite kontsumatuen politikaren alde ari dira jokatzen, ostrukaren politika eginez. Hala, Jaurlaritzak Gipuzkoako zatiekin aurrera darrai eta horrez gain Bilbo eta Gasteiz arteko adarrean Adifek izoztu dituen eraikuntza lanak ere bere gain hartu nahian antzezpen ahoberoa eskeini digu Madrilgo kongresuan. Hartara, EAEn ezertarako balioko ez duen izugarrizko AHT sarearekin aurkituko gara urte batzuren buruan, herritarrek ekiditen ez badugu behintzat. Izan ere, AHTren egitasmoarekin errore oso larriak egin dira etaardurak argitzeko ordua iritsi daEAEn Nafarroan bezalaxe.

Frantziako gobernuaren erabakira berriro etorrita, Bordele eta Irun arteko AHT egitasmoaren etendurak argi erakusten du inolako justifikaziorik zein ekonomia eta gizarte arloan bidegararritasunik ez duen makro-azpiegitura inposatzen ari zaizkigula. Erabaki horrek “Euskal Y”-ari bete-betean eragiten dio eta Eusko Jaurlaritzak urte hauek guztietan erabili duen manipulazioa eta iruzurra agerian uzten du bestalde, haren esanetan AHTren Europarekiko lotunea “nazioarteko hainbat akordio”tan bermatuta baitzegoen. Egia, ordea, Eusko Jaurlaritzak azken hogei urteetan mugazgaindiko lotunearen asmoa birritan kolokan jarri duten zalantzak maltzurki ezkutuan gorde dituela da, horrekin batera egitasmoaren kostu sozial, ekonomiko eta ekologikoaren inguruan gezurretan ibili eta AHTren kontrako mugimendua iraintzen aritu den bezala.

AHT GELDITU! Elkarlanaren ustez, AHTa berehala gelditu eta betirako gelditu beharra dago. Arrazoiak asko dira AHTa abian inoiz jarri behar ez dela esateko. Azpiegitura hori ekologikoki suntsitzailea eta ekonomikoki zentzugabea da. AHTa energia zurrupatzaile handia eta lurraldearen txikitzailea da, zaratatsua, eta herri txiki nahiz hiri ertainen kaltetan hirigune handien zentralizazioa areagotzea dakar berekin. Hipermugikortasuna sustatzen du eta elitista da: herritarren gehiengoak oso gutxitan baino --inoiz ezpada-- erabili ohi ez duen garraiobidea da, gutxiengo batek soilik erabiltzen duelarik maiztasunarekin. Gainera, AHT eta azpiegitura-lan erraldoiak egungo krisiaren eragile bat dira, baliabide publiko kopuru itzelak inolako errentagarritasun ekonomiko eta sozialik ez duten makro-proiektuetan alperrikaltzen baitira. Honi dagokionean, gogor salatzen dugu Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua eta Sustapen Ministerioa AHTrekin egiten ari diren xahuketa, eta Hego Euskal Herrian AHTren obrak geldiarazteko tenorean gaudela aldarrikatzen dugu, “Euskal Y”-aren kasuan egin beharreko gastu osoaren %70a egitea falta baita oraindik, eta Nafarroan eraikuntza-lanak hasi besterik ez direnez.

Horregatik guztiagatik, AHT GELDITU! Elkarlanak hausnarketa egiteko eta AHTren obrak behingoz gelditzeko aukera berri hau alperrik galdu ez dezaten galdegiten die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako gobernuari eta Espainiako Sustapen ministerioari. Eskakizun honek jende askoren iritziarekin bat egiten duelakoan gaude gainera.

Bukatzeko, Iparraldeko herritarrak eta CADE Ingurumen Defentsarako Elkarteen Koordinadora zoriondu nahi ditu AHT GELDITU! Elkarlanak. Ipar Euskal Herriko AHTren aurkarien bozeramale Victor Pachonek Senperen berriki egindako mobilizazioan adierazi zuenez, “AHTren aurkako gure borroka neurrigabekeriaren eta xahuketaren kontrako nahiz garapen umilago baten aldeko borroka zabalago baten parte da. Gaurkoa ez da beraz harrokeriarekin azken hitza guretzat hartzeko unea, borrokaren zentzua bere osotasunean atzemateko unea baizik”.

Hartara, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, lurraren aldeko eta AHT geldiarazteko herri borrrokari eusteko garaia da. Eta ildo honetan, datorren uztailaren 25tik abuztuaren 1era Mugitu! Mugimenduak antolatuta egingo den AHTren aurkako bizikleta martxa desobeditzailean parrtehartzeko deitzen dugu,  Altsasutik abiatu eta Donostian amaituko den mobilizazio berri honekin bat eginez.

AHT GELDITU! ELKARLANA

Etiketa(k):