Lau Errege Magoen epaiketa. Donostia urtarrila 15

Lau pertsona epaituko dituzte datorren asteartean, urtarrilaren 15ean,  Donostian, kontsumismoaren eta desarrollismoaren aurkako protesta ekintza batean parte hartzeagatik.
Elkartasun kontzentrazioa egingo da goizeko 10etan  Atotxako Epaitegiaren aurrean (Calcuta plaza).Lau ekintzaile hauek, 2010ko urtarrilaren 5ean Errege Magoz jantzirik, porlanez betetako bi bidoitara kateatu ziren Irungo “Txingudi” merkatal-zentroko sarreran. Joan den irailaren 25ean Donostian egin behar zen epaiketa suspendituta gelditu zen, egun hartan akusazioaren lekuko gisa izendaturiko Ertzain bat oporretan egon eta epaitegira gerturatu ezin izan ez zuela eta. Ekintza harengatik, fiskaltzak 2'2 urteko espetxe zigorra eskatzen du auziperatu bakoitzaren aurka. Protesta haren bidez, “Errege Magoek” euren haserrea adierazi zuten egungo sistema ekonomiko xahutzailearen eta kontsumismoaren aurrean, baita AHT eta Jaizkibelgo superportua, Zubietako errauskailua, lurraldearen neurrigabeko urbanizazioa eta nekazaritza lurren hondamen larria ekartzen dituen desarrollismoaren ondorio “katastrofikoengatik” ere. “Horregatik --zioten Errege Magoek--, merkatalgune erraldoi honetan geldiune irmo bat egiteko erabakia hartu dugu, kontsumo eta asialdiko makro-zentro hauek egungo jendarte moldeak eragiten dituen gehiegikeria aseezinen eta egunerokotasun gogaikarriaren ikur direlako: nagusi dira hemen ibilgailu pribatuan mugikortasun bortxatua, zakarreriazko salgaien kontsumoa bultatzen duen kitzikadura, nortasunik gabeko ingurune geroz eta homogenoagoak jendartean areagotzen duen harremanen hustuketa… Egia aitortzeko, geroz eta itogarriago eta zentzugabeago gertatzen zaigu bizimodu modernoaren erritmo frenetikoarekin eta inposaketekin moldatzea, dena beti azkar egin nahi eta behar horrekin”.Errege Magoak suhiltzaileek askatu eta Ertzaintzak azkenean atxilotuak eraman zituen.

Esan bezala, datorren asteartean epaituko dituzte lau pertsona hauek Donostian. Leporatzen zaien delitua ustezko “coacciones y seguridad vial por concurso ideal” delako asmakizun bat da, 2'2 urteko espetxe zigorra eskatzen dularik fiskaltzat bakoitzaren aurka. 

Hori dela eta, goizeko 10etatik aurrera Epaitegiaren aurrean egingo den elkartasun kontzentraziora biltzeko dei egiten dugu, eta zuen inguruan deialdi honen berri emateko eskatzen dizuegu.


Etiketa(k):