2008an hasiko dira AHTren Iruñeko geltokiaren lanak

IRUÑEA

Nafarroako Parlamentuak atzo egin zuen osoko bilkuran, beste gai batzuen artean, Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berriaren proiektuaz eztabaidatu zuten. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, dagoeneko gai honen gainean ohikoak diren auziak jorratu zituzten: finantziazioarena eta «euskal Y»arekiko loturarena.

Abiadura Handiko Trenak Iruñean izango duen geltoki berriaren eraikuntza, gaur egun Sanduzelai auzoan dagoenaren eraistea, zona horren berritzea eta geltoki berriaren inguruan hainbat etxebizitza eta azpiegitura osagarri aurreikusten dituen proiektu handi baten barnean kokatzen da. Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio sailburu Alvaro Mirandak jakinarazi zuenez, datorren urtean hasiko dira horiek guztiak eraikitzeko lanak.

Sailburuaren hitzetan, abiadura handiko korridoreko lanek ez dituzte Nafarroako azpiegitura lan horiek baldintzatuko, eta bi urte eta erdiren buruan amaituta egongo direla aurreratu zuen.

457 milioi euroko proiektua

Mirandaren hitzetan, proiektu osoak 457,5 milioi euroko kostua izango du, eta 2,3 milioi metro karratutik gorako azalera hartuko du orotara.

Gaur egungo tren geltokia Iruñeko Sanduzelai auzoan dago, eta hori eraisteaz gain, bertatik abiatzen den eta hiria inguratzen duen 18 kilometro inguruko trenbidea ere desagertu egingo da. Horrez gain, proiektuak inguru horren ordenazio berria ere aurreikusten duela azaldu zuen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio sailburuak. 1.125 etxebizitza, berdeguneak eta zerbitzuetarako guneak eraikiko dira bertan.

Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren geltoki berria Iruñea, Zizur Nagusia eta Zizur Txikiko lurretan altxatuko da, eta horrez gain, beste hainbat eraikin osagarri izango ditu inguruan: zerbitzugune handi bat, «ekimen bioteknologiko eta biomedikoak garatuko dituen Ramon y Cajal izeneko Teknologi Parkea eta Elortz ibaiaren inguruan eta, horri estuki lotuta, garatuko den kirol eremu «oso zabal» bat, besteak beste.

Horrez gain, «Donejakue Bideko Bizitegi-Parkea» izeneko eremu horretan 7.000 etxebizitzatik gora eraikitzea ere aurreikusten dela jakinarazi zuen Alvaro Mirandak.

Konbenio ekonomikoaren auzia

Osoko bilkurak aurrera jarraitu ahala, ordea, proiektu horren finantziazioari dagokion auzi nabarmenena azaleratu zen berriz. Miranda kontseilariak Gobernu espainolari eginiko eskaintza gogorarazi zuen; hau da, proiektu horretara bideratutako diru kopurua, Nafarroarekin duen konbenio ekonomikotik deskontatzea, EAErekin hitz emana duen bezala. Jakina da proposamen horrek Madrildik jaso zuen ezezkoa, eta hori dela-eta, hamar urteren buruan abiadura handiko trenik ez duen Estatu espainoleko erkidego bakarra izango direlako «beldurra» agertu zuen.

CDNko Carlos Perez Nievas ere bide beretik mintzatu zen, eta PSOEko Gobernuari ez diola «urrundik ere» Nafarroako abiadura handiko sareari heltzeko inolako asmorik antzematen adierazi zuen.

Onartu al zuen «euskal Y»arekiko lotura Aznarrek?

“Euskal Y”arekiko loturaren gainekoa izan zen Nafarroako Parlamentuko atzoko bilkurako auzi nagusia. Mirandak berak baieztatu zuen Aznarren Gobernuak “Euskal Y”arekiko lotura aurreikusia zuela, baina PSNko Lizarbek lotura hori 2004ko gobernu aldaketaren ondotik onartu zela ihardetsi zion, UPN «historiaren zati bat berridatzi nahian» dabilela salatuz. Proiektuari trabak jartzen ari direnak UPN eta CDN direla ere ziurtatu zuen, helburu «elektoralista» hutsekin. -