Amaitu dugu baina ez etsi: AHTren Aurkako Asanbladak agur dio

AHTren Aurkako Asanbladaren adierazpena [pdf]:

AMAITU DUGU BAINA EZ ETSI: AHTren AURKAKO ASANBLADAK AGUR DIO

Testu honen bidez AHTren Aurkako Asanblada orokorra osatzen dugun taldeok, urte luzeetan alboan izan zaituztegun guztioi, borroka koordinazio tresna hau amaitutzat jotzen dugula jakinarazi nahi dizuegu. Erabaki honek gure indarren eta borrokaren egoerari buruzko hausnarketan du oinarri. Hala ere, herrietako taldeok, pertsonok eta beste kolektibo batzuk AHTri EZ oihukatzen eta beste jendarte ereduaren alde lanean jarraituko dugu. Eta AHTren Aurkako Asanblada orokorraren izena oraindik ere erabiliko dugu, pendiente ditugun epaiketa guztiak bukatu arte.

Historia pixkat egin dezagun. AHTren Aurkako Asanblada 1993an jaio zen eta haren sorrera ulertzeko Leizarango autobiaren aurkako mugimendua, Itoitzekiko Solidarioak, garai horretako zenbait borroka antikapitalista eta beste hainbat kontutan hartzea ezinbestekoa dugu. Hortik datozkigu zenbait ezaugarri, adibidez asanbladaren izaera autonomoa, sasi-alternatibarik ez onartzea, gure buruak antikapitalista, antidesarrollista eta asanbleario moduan definitzea, eta era horizontalean antolatzea.

Hastapenetan, Asanbladak proiektuaren eragin sozial, ekonomiko eta ekologikoei buruzko informazioa zuzenean (mendi martxak, hitzaldiak, txostenak, esku orriak) zabaltzeari ekin zion, desobedientzia eta ekintza zuzena bultzatuz eta proiektuaren muina eta honen arduradunen asmoak salatuz. Honekin batera, erreferentzia garrantzitsua bilakatuko diren AHTren aurkako udako akanpadak martxan jarri ziren, aurrenekoa 1996an.

Urteak aurrera joan ahala, gero eta sektore sozial zabalagoak agertu ziren AHTren aurka eta, horren ondorioz, 2001. urtean -Y grekoaren behin-betiko onarpena eta gero- AHT Gelditu! Elkarlana plataforma guztion artean osatu genuen.

Obren hasierari lotuta (2006an) hainbat une erabakior izan genituen: hasiera bera, honi erantzuteko Urbinako erresistentzia gunea, obretara egindako martxak, errepresio polizial zein judiziala eta ekintza irudimentsu eta anitzak (helegiteak, desjabetze kontrako planteak, sabotaiak, manifestazio jendetsuak, kateatzeak, zuhaitzetan egindako ekintzak..).

Hauek izan ziren borrokaren une indartsuenak. 2009. urtetik aurrera mugimendua nabarmen baretu zen bailara askotan eta zenbait talde desagertu ziren. Beherakada hau ulertzeko hainbat faktore aipa ditzakegu: proiektua oso aurreratua ez egon arren, tokian tokiko suntsipenak sortutako etsipena; errepresioa; gatazka urte askotan luzatzea; taldean izan ditugun barne arazoak eta Euskal jendartean bizi dugun desmobilizazio orokorra. Ahuldade egoera honetan asanblada orokorrak bere koordinazio funtzioa galdu du eta bertan behera uztea erabaki dugu.

Honek ez du esan nahi borroka amaitutzat jotzen dugunik. Alde batetik, AHTren aurkako herrietako asanbladak, talde antidesarrollistak eta borrokan ibilitako norbanakoak lanean dihardute. Bestetik, AHTren aurka ari diren hainbat kolektibo badira: AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu! Mugimendua, eta CADE, besteak beste. Horrez gain, borrokaren ondorioei aurre egin behar diegu eta baditugu amaitu gabeko zenbait auzi, hala nola, Txingudi eta Megaparken burututako ekintzak eta Itsasondoko meategiaren okupazioa, eta etor litezkeenak.

Asanblada orokorrak beste borroka batzuen ikasketak jaso zituen bezala, espero dugu jarraituko duten borrokei guk ere hainbat ekarpen egin izana. Alferrikako negoziaketetan sartu gabe, AHTari ezetz borobila eman genion (AHTrik ez eta kitto!); honen jarraipen gisa, “ez hemen, ez inon” leloa bere egin dute hainbat mugimenduk. Gure jardueran ere arazoa AHTan kokatu beharrean, jendarte ereduan kokatzen dugu, AHTa horren ikurra dela. AHTa sistema kapitalistaren ardatzetako bat izanik, urte askoan proiektu honi aurre egiteak eta kontran borrokatzeak sistemari mina eragin dio. Sistema honek beste hainbat adibide ematen dizkigu: autopistak, harrobiak, frackinga, industriaguneak, parke eoliko erraldoiak, transgenikoak, pinudiak, goi tentsioa eta abar luzea. Proiektu hauen kontra ari diren askok desarrollismoa osotasunean ulertzen dute gaur egun, eta guztion arteko elkartruke eta laguntzarako zubiak sortu ditugu.

Gure artean ikasitakoa ere oso aberasgarria izan da. AHTaren proiektua oraindik ere martxan egon arren Asanbladaren borroka ez da antzua izan (obren atzerapenak, gure artean sortutako sareak, akanpadetako esperientziak, eztabaida mamitsuak, desobedientzia eta ekintza zuzena; ikaspen ugari eta anitzak).

Guzti hau esan ostean, gure partetik, maila pertsonal zein lokalean, AHTaren kontra eta txikizioaren aurka jarraitzeko konpromezua hartzen dugu. Eta euskal jendarteari, sistema hau suntsitu arte eta lurra kapitalaren hatzaparretatik askatu arte, kalera eta borrokara ateratzeko deialdia egiten diogu.

AHTrik EZ! Ez Hemen Ez Inon!
Txikizioa gelditu!

AHTaren Aurkako Asanblada
2012ko azaroaren 24a

Etiketa(k):