AHT GELDITU! ELKARLANAREN OHARRA FOMENTO MINISTERITZAREN ADJUDIKAZIO BERRIAK SALATZEKO ETA TOLOSAKO LARUNBATEKO MANIFESTAZIOARA

Inposaketaren estrategia zabaltzea ez da bidea. Datorren larunbatean denok Tolosara!

AHT Gelditu! Elkarlana-k gogor kritikatu nahi du Fomento-ko Ministeritzak eman duen urrats berria Arrasate-Elorrio eta Abadiño-Durango-ko tramuak AHT eraikitzeko adjudikatuz. Berriz ere, erabaki berri honekin argi gelditzen ari da Madril eta Gasteizko Gobernuek inposaketaren bidetik aurrera egin nahi dutela, gizartea eta herri kaltetuen partehartzea eta iritzi nagusia makroproiektu honen aurka alboratuz eta ezkutatuz.. Inongo zalantzarik gabe, Urbina, Gasteizko 19 Kontzeju eta Itsasondon egindako Herri Kontsultek erakusten dute herritarrak informazio objetiboa eduki ondoren gaiaren inguruan eztabaidatu ezkero gehiengo zabala AHT-ren kontra posizionatzen dela.

Hala ere, Fomento eta Jaurlaritza harrokeria izugarriarekin jokatzen ari dira ondorio sozial, ekologiko eta ekonomiko lazgarriak edukiko dituen azpiegitura txikitzaile hau, jendartearen iritziaren gainetik, lehen bai lehen eraikitzeko. Urrutira joan gabe, 2007ko Estatu eta EAE-ko aurrekontuetan 500 milioi euro baino gehiago ipini dituzte Y grekoa bultzatzeko.

Dena dela, azken hilabeteetan AHT-ren aurkako mugimenduak egin dituen mobilizazio indartsuak erakusten ari da egunetik egunera jende gehiago jarrera hartzen eta kalera ateratzen ari garela burugabekeri hau gelditzeko eta benetako eztabaida partehartzailea bultzatzeko. Gainera, uste dugu oraindik garaiz gabiltzala AHT gelditzeko, kapaz bagara Ibarretxe eta Zapateroren Gobernuaren negozio interesen aurrean euskal herritarren indarra eta nahia aurrez aurre ipintzeko. Azken finean hau izango da hurrengo hilabeteei begira AHT Gelditu! Elkarlanak indartuko duen bidea. Dudarik gabe, orain arte egin dugun moduan lanak, mobilizazioak eta borrokak eramango gaitu PNV-EA-EB-ren Hirukoa eta PSOE-ren Gobernuen Inposaketa geldiaraztea.

Berriz ere, makinaria guztia martxan ipiniko dugu gure aurrean daukagun AHT gelditzeko pultsua sendotzen joateko. Bide honetatik, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak datorren larunbatean, otsailak 3, eguerdiko 12.30etan, Triangeluko plazatik aterata antolatu duen manifestazioan daukagu hurrengo hitzordua.. Hau dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanetik dei egiten diogu herritar mugimenduari eta oro har euskal herritarrei bertan parte har dezaten, AHT proiektua berehala gelditzea exigitzeko.

Oraindik garaiz gaude AHT gelditzeko!

Gure eskuetan dago AHT gelditzea!

Herriz herri antolatu eta erantzun!