Urruñatik Hernanirako mendi-martxarako deialdia

AHTaren aurkako Asanbladaren MENDI MARTXARAKO DEIALDIA. Urruñatik Hernanira uztailak 27tik – 29ra.

Kaixo denoi!

Urte askoan AHTaren aurkako Akanpadaz gozatzeko aukera izan dugu. Iaz, hamaseigarren Akanpada antolatu genuen Hernanin eta Akanpadak iraun zuen aste horretan, hamaika modu desberdinen bitartez, AHT eta azpiegitura handien kontra aritu ginen, kalte ugari jasotzen ari den herri honetan.

Urtebetean gertaera asko bizi izan ditugu. Bururatzen zaigun lehenengoa Barcinaren tartazuena izango da, baita obren izugarrizko aurrerapena, krisiarengatik gobernuen diru falta, AHTaren aurkako ekintzaileen epaiketak, eta herrietako aurkako taldeen lana ere... Argi dago desarrollismo txikitzailearekin ez goazela inora.

Aurtengo udarako, aurreko urteetako formatua aldatzea aproposa iruditu zaigu eta Iparraldetik Hegoalderako hiru eguneko mendi martxa borrokatzaileari ekingo diogu. Gainera, AHTaren aurkako Asanbladaz gain, Iparralde eta Hegoaldeko lurraren aldeko eta beste jendarte baten aldeko taldeek eta pertsonek ere antolakuntzan parte hartu dute. Denon artean, uztailaren 27tik 29ra, AHTaren eta gainerako azpiegitura handien aurkako aldarrikapen anitza garatuko dugu.

Urruñatik abiatuko gara eta, edonorentzako egokia den ibilbide paregabean oinez, Irun, HondarribiJaizkibel eta Lezo zeharkatu eta Hernanira ttipi-ttapa iritsiko gara. Bidean, hitzaldiak, solasaldiak, kontzertuak,  antzerkia, poesia emanaldia eta otorduak egingo ditugu eta, Akanpadetan gertatzen zen bezala, elkarbizitza eta harremanak lantzeko gunea sortuko dugu. Berriro ere gune autogestionatua sortzen saiatu, eta beste jendarte eredua praktikan bultzatuko dugu.

Hau guztiarengatik eta aipatzea ahaztu zaigun guztiarengatik, Mendi Martxa honetan parte hartzeko animatzen zaituztegu!

Lurra maite dugulako, AHT eta azpiegitura handiak gelditu!

Etiketa(k):