Urumea porlanez betetzeko desjabetzarik ez!

Gaur goizeko 8:30etan AHTren aurkako kontzentrazioa egin dugu 20 bat lagunek  Donostiako Udaletxearen aurrean, AHTak Martutenen kalteturiko lurren nahitaezko desjabetzen akten altxamendua errefusatzeko.  "Urumean porlan gehiago ez! AHT Gelditu!" "¡Expropiaciones forzosas no! ¡Parad el TAV!" zioen pankartaren atzean bilduta, AHTren aurkako aldarrikapenak oihukatu eta jendartean esku-orri informatiboak banatu ditugu.

Desjabetzei dagokinean,  Donostiako Udalak kalteturiko hiru lur-sail publikoren desjabetze aktak udaletxean sinatzeari uko egin diola aipagarria da, Sustapen Ministrioko ordezkariei desjabetze akten sinadura horiek lur kaltetuetan bertan egin ditzaten eskatuz. 

Ikus ere AHTren Donostiarako sarreraren "Fase provisional" delakoarendako Martuteneko desjabetza hauen inguruan egin dugun salaketa.

AHTren aurkako Donostiako taldea.

Banatutako eskuorri informatiboa:

AHT GELDITU!
URUMEAN PORLAN GEHIAGO EZ!

AHTak Martutenen kalteturiko lurren nahitaezko desjabetzen akten altxamendua egiteko agindu du Espainiako Sustapen Ministerioak ekainaren 13 e
ta 14ean Donostiako Udaletxean. Hori dela eta, AHTren aurka eta desjabetzen aurkako aldarria egiteko elkartu gara udalaren aurrean.

AHTak lurra suntsitu eta baliabide publikoak interes pribatuen mesedetan xahutzen ditu, hain zuzen ere jendartearentzat lehentasunezkoak diren hainbat premia sozial asetzeko ezinbestekoak diren baliabideak alperrikalduz.

Gainera, AHTren Donostiako sarbidea nola edo hala lehenbaitlehen egite aldera darabilten inprobisazioa agerian jarriz,  Martuteteneko baserritar kaltetuak erabateko indefentsio egoeran utzi ditu Sustapen Ministerioak: izan ere, lurren desjabetzak AHTren “behin-behineko egitasmo” baten arabera egiteko agindu du.  “Behin-behineko” egitasmo horren obrak ustegabean bete-betean harrapatu eta berehala lurrera botatzekotan dira Goiatz-Berri baserria, nahiz eta baserri hori aldezaurretik ez zen inoiz AHTren egitasmoak kaltetua izan.

Goiatz-Berri baserriaren egoera tamalgarriak Urumean gertatzen ari dena erakusten digu: Autobiaren eta Bigarren Gerrikoaren eraikuntzaren ondorioz hainbat lur eta lore-negutegi galdu ondoren, oraingoan baserri-etxea bera suntsituko du AHTren “behin-behineko sarbide” batek.  Halaber, aipagarria da Agirretxe baserriarena: duela bizpahiru urte Martuteneko ibarraren erdian bizi ziren landetxea utzi eta bertan behera bota behar izan zuten Bigarren Gerrikaoren Urumeako biadukto eskergaren itzalpean egoteak ekarritako bizibaldintza kaxkarren ondorioz, baita hainbat lur galdu ere Autobiatik Astigarragara eraikitako lotuneak harrapatuta, eta orain AHTren Donostiako “behin-behineko” sarbidea igaroko da altxa berri duten etxearen ondo-ondotik ustekabe batean...

Egin kontu, AHTren “behin-behineko” obra hori egiteko Martutenen desjabetu behar dituzten lurren kopurua 150.000 metro karratu zabalerakoa baita,baserri-lurrak gehienak.

Nekazaritzako lurrekin batera, Urumea ibaia da obra honek gehien kalteturikoa. Desjabetza hauek AHTren “Hernani-Astigarraga” zatian kokatzen dira, non Urumea ibaia hiru aldiz zeharkatuko duen 1’025 Km luzeko eta hormigoizko 76 pilare izango dituen Hernani-Ergobia biaduktoa eraiki nahi duten. Urumeako ibarrean dauden lur bigun eta buztintsuak kontuan hartuta, obra horiek sakonkean zimendatu beharko dituzte, ibaiaren ingurun ea birrinduz.

Hori gutxi balitz, Ergobian biaduktoa hori porlanezko plataforma handi batean amaitzen da, 40 metro zabal eta 140 metro luzekoa: bada, porlan-puska hori “Astigarragako etorkizuneko Geltoki berriaren Sarrera” dela dioskute planoek... Esan nahi baita: “behin-behineko Fasea”ren ondoren AHTren bultzatzaileek “Behin-betiko Proiektua” eraikitzeko asmoa dutela, Urumea ibaia eta ibaiertzak erabat suntsituz.

¡TXIKIZIOA GELDITU!
¡BIHOTZA PORLANEZ BETETA DUZUE!

Etiketa(k):