Urumeako ubidean bertan makinaria astuna pasatzeko ibia eraiki nahi dutela salatu du Eguzkik

AHT-n ari den enpresa batek Ur Agentziari baimena eskatu dio; ekologistok, berriz, baimena ukatzea nahi dugu

Excavaciones Aballa enpresak Urumean barrena ertz batetik bestera makinaria astuna pasatzeko moduko ibi bat eraikitzeko baimena eskatu dio Ur Agentziari. Eguzkik, berriz, baimena ukatzeko eskatu du.

Ibia Urumeako BGKren baitan egongo litzateke, hau da, bere balio ekologikoak direla-eta Batasunaren Garrantzizko Leku izendatu duten naturgunearen baitan. Zehazkiago, Zikuñagako presatik behera, Hernaniko udalerrian.
Ubidean bertan eratuko lukete, eta ubideko obra ez ezik, ibai ertz batean zein bestean 35 X 5 metroko sarbideak eraikiko lituzkete, ahal dela, ibaitik bertatik ateratako materialekin, baimen eskaeran nabarmendu dutenez. AHTko Urnieta-Hernani tarteko lanetan ari diren makina astunek erabiliko lukete, besteak beste, lur mugimenduetatik ateratako 350.000 metro kubiko garraiatuko lituzketen hamaika kamioik. Baimen eskaerak ez du zehazten ibiak noiz arte iraungo lukeen.

Abiadura Handiko Trenaren sustatzaileak ederki asko saiatu dira, ba, proiektuak ingurunean nahitaez izango duen neurrigabeko kaltea nola edo hala itxuratzen. Bada, saio hori biluzik utzi du ibia eraikitzeko eskaera gordin mozorrogabe honek. Eta zergatik gordintasun mozorrogabe hori? Ibiaren beharra ez zegoelako aurreikusita. Antza denez, ibia eraikitzea da makinaria astuna lanetara eramateko alternatiba bakarra, betiere eskaeran irakur daitekeen arabera, baina orain arte ez omen dira konturatu.

Ibia aurreikusita ez zegoenez, ingurunean sor ditzakeen kalteak ere baloratu gabe zeuden, eta baloratu gabe jarraitzen dute. Izan ere, eskaerak ez du horri buruzko ezer aipatzen. Alabaina, begi-bistakoa da ibi horrek kalteak sortuko lituzkeela. Milaka kamioi eta hondeamakina ibaian barrena alde batetik bestera pastatzen, noiz arte ez dakigula, barrera efektua sortuko luke, faunaren kaltetan. Esaterako, izokinaren kaltetan (eta ez ahaztu erakunde publikoek espezie horren defentsan dirutza inbertitu dutela) edo bisoi europarraren kaltetan (Abiadura Handiko Trenaren inpaktu txostenak berak ohartarazi du Urumean, Hernani eta Astigarraga bitartean, hori eta babestu beharreko beste espezie batzuk bizi direla). Ibai ertzetako hainbat zuhaitz ere botako lituzkete, jakina.

Bitxia da. Abiadura Handiko Trenaren proeiktuak Hernanin Urumea gaineko zubi bat aurreikusten du. Zubi horren bi pilare ibaian bertan eraiki nahi dituzte, eta, lehen aipatu dugun bezala itxurak egin behar direlako edo, inpaktu txostenak kalteak leuntzeko neurriak proposatu ditu. Zehatz-mehatz, zera: pilareen eraikuntza abendu eta urtarril hasiera bitartean eta apiriletik udaberria bukatu bitartean geraraztea. Zertarako? Lehen aipatutako izokinari, saguzarrei eta beste espezie batzuei kalte ez egiteko.

Beraz, bi pilare horiek eraikitzeko tentuz ibili beharra omen dago; ibia egiteko, berriz, kuidadorik ez. AHT zeharo proiektu zentzugabea da. Ibiaren entzugabekeria ere, bereziki adierazgarria, gehitu beharko ote diogu?

Eraso berri honek behartzen gaitu ekainaren 2an Hernanin egingo den giza katean parte hartzera.
                                                 EGUZKI
                                           2012ko maiatzean

Etiketa(k):