AHTren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Durangaldean

GARA. DURANGO

Abiadura Handiko Trenaren aurkako mobilizazio dinamika indartuko da datozen egunetan Durangaldean. Ostiralean mobilizazio eguna deitu dute, eta goizean, geldialdiak eta elkarretaratzeak egingo dituzte Durangoko irakaskuntzan. Kontzentrazioak 19.00etan errepikatuko dira eta kotxe karabanak izango dira aipatu herrian, Abadiñon eta Elorrion. San Blas egunean, bestalde, manifestazioa egingo da Abadiñon.

Durangoko AHT Gelditu! Elkarlanak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo aipatu ekimenak ezagutzera eman eta proiektua eraikitzen ari diren enpresen jarrera arbuiatzeko. Azken horien harira, ama lurra «suntsituz», giza beharrizanetarako izan daitekeen dirutik, nahiz «globalizazio eta deslokalizazio ekonomikorako baliogarria»den proiektu baten bidez aberasten ari direla salatu zuen.

Iragan ostiralean Sustapen Ministerio espainolaren menpe dagoen Adifek egindako bi adjudikazioz mintzatu zen, egitasmoen kalteak gogoraraziz. Proiektu horiek Durangaldea zeharkatuko dute. 3,52 kilometro izango dituen Abadiño-Durango zatian hiru hondakindegi aurreikusita daudela aipatu zuen. 4,44 kilometroko luzera duen Elorrio-Arrasate zatian, berriz, bi tunel eraikiko dira. Udalaitz menditik barrena joango denak hiru kilometro pasatxo izango dituela zehaztu zuen. Lur mugimenduek lurrazpiko uretan eragingo dituzten kalteez ere ez zen ahaztu.

“Euskal Y”aren egitasmoa gauzatzeko instituzioak ematen ari diren pauso erabakigarrien aurrean «ezin gara erantzunik eman gabe gelditu», ohartarazi zuen bertako AHT Gelditu!k.