AHTrik EZ! Behar ez dugunetik murriztu dezatela

Gaur egun, kapitalismoaren finantzen sorgin-lapikotik okerrerako edozer gauza atera daitekeela bistakoa denean, herritar-klaseek krisialdiaren ondorioz arazo gero eta larriagoak pairatuko ditugun susmo txarra eduki eta jadanik pairatzen ditugun lan-baldintzen kaxkarragotzeagatik, murrizketa sozialengatik, guztiaren ezegonkortasuna eta prekariotasunagatik, nahiz etorkizunaren gaineko gutxieneko segurtasun faltagatik, protesta egiteko aukera baino ez daukagu. Ez da harritzekoa, bada, merkantzien harrokerioazko ugaritasuna, luxua eta zarrastelkeria pobreziarekin, giza-desberdinkeriekin, gerrateekin eta goseteekin nahasten dituen mundu aldrebes honetan, kapitalismoak amildegiaren ertzera eraman gaituen sentipena hedatzen ari da jendartean, agintariek beti “aurrera jauzi handi bat emateko” dei egiten diguten arren. Horrenbestez,  egoera honetara ekarri gaituzten erakunde ekonomiko eta politikoek errespetagarritasun izpirik gabe eta interes publikoaren izenean aritzeko onespenik batere gabe geratzen ari dira.

Esan gabe doa, ordea, eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoa nola Euskal Herrian jada luze eta zabal sustatu diren beste hainbat politika erasokor eta espoliazio modu modernorekin uztartzen den. Honi dagokionean,   garaia da AHTak eta azpiegitura-lan erraldoien eraikuntzak berekin aberastasuna, enplegua eta ongizatea dakarten sinesmen okerraren aurrean behingoz begiak zabaltzea, proiektu txiktzaile horiek zinez kapitalismoaren ihesbidearen porlanezko ikur baitira, desoreka sozialen areagoketa ezezik lurraren suntsiketa ere dakartenak berekin. Azpiegituren gaia dela eta, egin kontu:

  • Garraio eta komunikazio azpiegitura handi horiek globalizazio ekonomikoaren eragile nagusiak dira, eta lurralde osoak konurbazio eta metropolietan bihurtzeaz gain, nazioarteko merkatua finantza eta industria korporazio handien menpe jartzea ahalbidetu dute, harik eta merkatuaren, lehiakortasunaren eta etekinaren logikak gizarte-bizitzaren arlo guztiak nahaspilatu, munduko bazter guztiak lohitu eta natura osoa ustiaketa ekonomikorako gai bilakatu duten arte.
  • Dirua azkar pilatzeko aitzakiak baino ez dira bestalde neurri handi batean azpiegitura lan horiek –hala nola AHTa zein autobide eta autopistak, superportuak, errauskailuak, zentral terminoak, tentsio altuko lineak, edota makro-espetxeak, beste adibide askoren artean—, itzelezko negozioak mugitzen baitira horien eraikuntzan; eta ondorioz, kapital pribatuaren logikari jarraiki, gobernuek ere inberstio izugarriak xahutzen dituzte ekonomia eta enpresa-interes jakin batzuei mesede egitearren. Hemen PSE-PSOEren gobernu autonomikoak 2.521 milioi euroko gastuak agindu ditu orain arte Gipuzkoan AHT eraikitzeko (soilik aurtengo aurrekontuetan 380 miliio bideratu ditu, 2011 urtean baino %27 gehiago); UPNren gobernuak, berriz, Nafarroako aurtengo inbertsio pubiko osoaren erdia (134 milioi) AHTren eraikuntza-lanetan hasi berri dituen trsikantzak zabaltzeko bideratu ditu; eta Espainiako gobernuak, bestalde, 1.000 milioiko mailegua eskatu berri dio Europako Inbertsio Bankuari Bizkaian AHTren obrekin aurrera jarraitzeko. Jakina, AHTren obrako diru-xahuketa hauek ondorio sozial oso larriak ekartzen dituzte gero, hainbat eta hainbat ekonomia, gizarte eta kultur arloko beste jarduerentzat eta gizarte-premiarentzat ezinbestekoak diren baliabideak zurrupatuz.
  • Azkenik, lanpostuen sorrera gezur handi bat da: “Euskal Y”-aren obra, kasu,  enplegu prekarioaren eta langileen gain-esplotazioaren ikur da, non 12 ordutik gorako lanegunak egin eta langile ugari hiltzen ari diren lan-baldintza kaxkarren ondorioz, administrazio publikoen ezikusiaren laguntza konplizearekin. Halaber, argigarria da Espainiaren kasua, Europa osoan Abiadura Handiko Trenbide kilometro gehien dituen eta aldi berean langabezia maila altuena duen estatua baita.

Hori denagatik, eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoari erantzuteko grebarekin bat egiten dugun bezalaxe, AHT eta proiektu txikitzaileen aurkako nahiz lurraren defentsaren aldarria egungo borroka sozialaren muinean txertatu beharra dagoela adierazi nahi dugu. Hau da, herritarren erantzunak ez du gure ustez erreforma laboralaren auzira mugatu behar, gaur egun behar-beharrezkoa delako kapitalismoarekiko jarrera kritikoa hartzea eta lurraren aldeko herri-borrokek jendarte-eredua aldatzeko bidean duten garrantzia azpimarratzea beti. Izan ere, konponbideak inondik sortzen  badira, horiek bizimodu arras desberdin batzuren gogoak bultzaturiko herri-mugimendu batetik helduko direlakoan gaude, zeinak erakunde manipulatzaileek eztabaidaezintzat ematen dituzten hazkunde ekonomikoaren, aurrerapenaren eta garapenaren lelo sakratuak zalantzan jarriko dituen.  Era honetan baino ezingo zaio gizartearen eta ekonomiaren berrantolaketari lurrarekiko errespetuan eta eredu deszentralizatu nahiz ekitatiboen gainean ekin.

Martxoaren 29an denok kalera!

AHTren aurkako Donostiako taldea.