Italiako atxilotuekin elkartasun kontzentrazioa Miribillan

EZ hemen, EZ VAL SUSAn,... NO TAV  AHTrik EZItalian AHTri EZ esateagatik atxilotu duten jende pilarekin elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egin dugu Bilbon, Italiako saski-baloi taldeak Miribillan jokatzen zuen partidoaren aurrean. Eskuorria banatu dugu testu honekin:

ITALIAKO ATXILOTUEKIN ELKARTASUNA
Urtarrilaren 26an Abiadura Handiko Trenaren zenbait aurkari atxilotu zituzten Italian. Pertsona hauek Susa haranean proiektu honen aurkako borrokan aritzen ziren. Zehazki, joan den udan egindako erresistentzia ekintzengatik atxilotu zituzten. Hori dela-eta, AHTren Aurkako Asanbladak erabateko elkartasuna eman nahi die atxilotutako pertsonei, une honetan behin-behinean espetxeratuta daudenei, eta etxeak eta zentro sozialak miatu zizkietenei.

Susa haraneko jendeak, urte luzez, bere burua antolatu du eta proiektu honen aurkako oposizio gogorra sortu du, proiektu hau gauzatuz gero haien ingurunea eta bizimodua suntsituko liratekeelako. Aurkakotasun hori erakusteko, era askotako ekintza kolektiboak egin dituzte. Ekintza horietan haraneko bizilagunik gehienek parte hartu dute. Gatazka hau aspaldikoa da, eta uda honetan gogortu egin zen, AHTren eraikuntzaren aurkako pertsonek modu kolektiboan erosi zuten lursail batean obrak hasi nahi izan zituztenean.

Politikariak eta eraikitzaileak berriro ere erasoan abiatu ziren, haran honi entzungor eginez, bertako biztanleek EZETZ borobila eman baitiote AHTri. EZ horrek ez du proiektuan aldaketarik onartzen kalte ekologikoa gutxitzeko. EZ hori haraneko antolaketa eta bizitza mantentzeari BAIETZA da, jendeak bizi den lurraldeari buruzko iritzia eman ahal izateari BAIETZA.

Horren aurrean, hemen gertatu zaigun bezala, estatuaren, Europaren eta enpresen estrategia ez entzutea eta inposatzea da. Eta hori nahikoa ez bada, errepresioa erabiltzea. Orain arte, Susa haranean lehenengo bi estrategiak ez dira nahikoak izan, horregatik azkena erabili behar izan dute. Hain zuzen ere, aipatutako atxiloketa horiek egin dituzte eta 32 lagun behin-behinean espetxeratu dituzte. Sarekada honek ez du aurrekaririk borroka honetan. Borroka hau masiboa eta pilatzailea da, ez bakarrik haran honetan (erresistentzia gordinena jarri duena) baizik eta Italiako zenbait hiritan ere bai.

Honen aurrean, errepresio-estrategia horren aurka agertu nahi dugu argi eta garbi. Atxilotu dituzten eta espetxean dauden pertsona guztiei elkartasuna erakusten diegu, eta AHTri ez esaten dioten pertsona guztiei (Susa haranean nahiz beste inon) babesa eman nahi diegu.

ABIADURA HANDIKO TRENIK EZ!!!
ITALIAko ATXILOTUAK ASKATU!!!
LURRAK DEFENDATU!!!