AHTri desobeditzeak gartzela zigorra dakar

Kartel Urbina berreskuratuAHT Gelditu! Elkarlanetik, AHTaren aurkako mugimendutik, Gasteizko 2. Zigor Arloko Epaitegiak 2009ko urtarrilaren 17ko AHTaren aurkako manifestazio nazionalean gertaturiko egitateak zigortuz eman duen epaia salatu nahi dugu. Jarraitzen du... [Nota: Ekologistak Martxanek antzeko adierazpen bat ere argitaratu dute.]

2011ko urriaren 4a eta 14a bitartean sei pertsonen aurkako epaiketa burutu ondoren, Gasteizko 2 zki.ko Zigor Arloko Epaitegiak 40 hilabetetako kartzela zigorra eta 660 eurotako isunarekin zigortzen ditu auzipetuak (zehazki, pertsona bati urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, beste 4 pertsonari 7 hilabetetako kartzela zigorra eta honez gain, 4 pertsonari isuna). Gainera Ertzain bati 815 eurotako erantzukizun zibila ordaindu beharko zaio.

Honen aurrean gogoratu nahi dugu, milaka pertsona batu zituen martxa bukatu ondoren, ehunka manifestari AHTa igarotzeko egindako plataformara joan eta era baketsuan bertan eseri zirela, eremu horretan ez zegoen inolako makinaria ezta obra materialik, lurra besterik ez.

Momentu horretan, eta inolako aurre abisu gabe, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen pilotak botaz eta porrarekin joaz, ehunka manifestari identifikatu zituzten, ehunka manifestari kolpatu zituzten eta 8 pertsona atxilotu. Are gehiago, AHTaren aurkako mugimendua zigortzeko asmoz, auzia Entzutegi Nazionalera bideratu zuten, azkenean Gasteizko epaitegien eskumena zela erabaki bazuten ere.

Akusatuek beren jarrera baketsua zela aldarrikatu dute behin eta berriz, eta Ertzaintza izan zela, inongo arrazoi gabe, manifestarien aurka oldartu zena. Epaiketan zehar argiak izan dira Ertzaintzako kideek izan dituzten kontraesanak, zeintzuek bideo polizialen bidez manifestariek bortizki jardun zutela frogatu nahi izan duten. Baina fiskalak ere bideoan akusatuak ezagutu ezin zitezkeela adierazi zuen. Gainera gogoratu nahi dugu, nola defentsaren testiguek esan zuten Urbinan 2009ko urtarrilaren 17an gertatu ziren desordena bakarrak Ertzaintzak sortu zituela protesta sinboliko eta baketsu baten aurka indarkeriaz joz.

AHTren aurkako borrokan desobedientzia eta ekintza zuzena tresna zilegitzat ditugun heinean, AHT Gelditu! Elkarlanak babes eta elkartasun osoa adierazten die sei auzipetuei, egun hartan Urbinan errepresio poliziala pairatu zuten guztiei, eta orokorrean, borrokaren urte luzeetan proiektu honen aurka aritzearren ondorioak jasan dituzten guztiei. Gaur, urtarrilaren 17a den honetan, 3 urte betetzen dira Urbinako egitateetatik eta orain arte egin dezakegun balorazioan zera azpimarra genezake: AHTaren aurkako mugimendua behin eta berriz zigortzen ari direla, eta batez ere, makro proiektu honen aurkako desobedientzia zibila zigortzen ari direla. AHTaren sustatzaileak, benetan auzipetuak izan beharko liratekeenak, proiektu erraldoi hau inposatzeko bidean gogoz aritu dira, eztabaida soziala lapurtu eta gure hitza eta erabakia isildu eta itotzeko mugimenduaren aurka kriminalizazioa eta indarra erabiliaz.

Hala ere, egun daukagun egoera sozioekonomiko larri honekin, langabezia eta prekarietate maila altuekin, obra hau gelditzeko beharra dagoela aldarrikatzen dugu. Orain arte AHTaren aurrekontuaren %17a besterik ez da egin, eta horregatik AHTa gelditzeko aukera ezin hobea dugula uste dugu; hobe delako gastaturiko %17 hori galtzea, beste %83a proiektu honetan ardura gabe xahutzea baino, lurraldea suntsitzen duen proiektu batean, gizarteari onurak ekarri baino, hau etengabe odolusten duen proiektu batean, eta lurralde eta gizarte desorekak handitzen dituen proiektu batean % 83a ardura gabe xahutzea baino.

AHT Gelditu Elkarlana

Etiketa(k):