Urbinako gertaeren inguruko epaiketa epaiaren zain gelditu da

 Gaur goizeko 9:30 etan duela bi urte eta erdi Urbinako jazotako gertaerengatik AHTren aurkarien kontrako epaiketaren jarraipena burutu da.

 Gaurko saioaren hasieran egun hartan Ertzaintzak grabatutako bideoen zati batzuk ikusi dira. Horietako bat lurrazaletik grabaturikoa izan da eta bestea helikopterotik. Bideo horietan ez da manifestarien aldetik jarrera oldarkorrik agertu, baizik eta Ertzaintzak bortizki erasotutako eserialdi baketsuaren irudiak.

 Jarraian bi aldeen ondorioen tartea heldu da. Fiskaltzak bi urte eta erdirainoko espetxe zigor eskaerei eutsi die. Bere argudiaketan, eserialdi sinboliko baketsua,  bake publikoa hausten zuen ekintza antolatu eta jerarkizatu gisa definitu du, non manifestarien aldetik jarrera bortitzak izan omen ziren. Gainera, gertaerak jazo ziren plataforma “instalazio”tzat hartu du eta haren esanetan, kalifikazio horrek eserialdi “desorden publiko kontsideratzea ahalbideratuko luke”.

   Defentsaren hiru abokatuen ondorioak ekimenaren izaera baketsuan oinarritu dira bai eta bake publikoaren haustura ezaren arrazonamenduan. Izan ere, bertan ez zegoen ez instalaziorik, ez eraikinik, ez makinariarik ez eta pertsonarik ere. Gainera pertsonei eta jabetzei kalte eza azpimarratu da.

Bestalde, kasuen indibidualizazio eza nabarmendu da, auziperatuei akusazio orokorrak egin baitzaizkie. Zentzu honetan, akusatuen kontrako inongo frogarik aurkeztu ez dela argudiatu da. Azkenik, auziperatuen kontrako akusazioak eta Ertzaintzaren jokabidea zio politikoetan oinarritu dela gehitu da, hainbat pertsonak eserialdia burutu zuten plataforma ikur politikotzat hartua izan zelako.

  Epaiketa amaitzeko, auziperatuek azken hitza botatzeko eskubideari heldu diote eta zenbait aspektu nabarmendu dituzte: Protesta tresna gisa Desobedientzia Zibilaren defensa, manifestazioaren partehartzaileek eta auziperatuek jasandako kriminalizazio eta jazarpenaren salaketa, herri partehartzerik gabe burutzen ari den proiektu baten zilegitasun eza eta Ama Lurraren  defentsa interés ekonomiko eta espekulatiboen aurrean.

Bestalde, saioaren bitartean auziperatuei sostengua agertuz eta AHTren aurkako borrokaren aldeko aldarria eginez, hamarnaka lagun bildu diren elkarretaratzea burutu da.

Gaurko saioa bukatuta, epaiaren zain geratu dira auzipetuak.

Etiketa(k):