AHTren eta jaurlaritzaren porlan-politikaren aurkako protesta eta parodia deitzen dugu abuztuaren 30ean Patxi Lopezen exekutiboak Miramar Jauregian ospatuko duen gobernu kontseilua dela eta.

Abuztuak 30 asteartearekin, Patxi Lopezen exekutiboa Miramar Jauregian urteko lehen gobernu kontseilua egiteko bilduko da. Dakizunez Eusko Jaurlaritzak porlanarekiko etengabeko obsesioa agertu du eta AHT bezalako azpiegitura-lan handiei lehentasun osoa ematen die.

Bihotza porlanez beterik duten gizon gris hauek Euskal Herria eta gure bihotza porlanean ito nahi dituztela salatu nahi dugu parodiaren bidez.

Zatoz eguerdiko 12etan Donostiako Boulevard-eko kioskora grisez jantzita.
Protesta-parodia-ibilaldia Kontxako pasealekuan zabaldu ostean, eguerdiko 13:30etan Miracontxatik gora bidea hartu eta Miramarrera eramango dugu protesta, AHTren eta azpiegitura-lan handien errefusa Patxi Lopezen gobernu-taldeari zuzenean adierazteko.

-------------------------------------------------------------------------------------------------------
Deialdi osoa eta komunikatua:
Abuztuak 30 asteartearekin, AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak deituta, Jaurlaritzaren porlan-politika salatzeko asmoz protesta-ibiladia eta parodia egingo dira Donostian, egun hortan Patxi Lopezen exekutiboa Miramar Jauregian urteko lehen gobernu kontseilua egiteko bilduko dela-eta. Eguerdiko 12etan Boulevard-eko kioskotik abiatuko den ekimen honetan, manifestari guztiak kolore grisez mozorrotuko gara Jaurlaritzaren porlan-politika txikitzailea parodiatzeko –mozorro grisak atontzeko hitzordua goizeko 11etatik aurrera izango da Kioskoan--; eta gure salaketa Kontxako pasealekuan barrena herritarrei zabaldu ostean, eguerdiko 13:30etan Miracontxatik gora bidea hartu eta Miramarrera eramango dugu protesta, AHTren eta azpiegitura-lan handien errefusa Patxi Lopezen gobernu-taldeari zuzenean adierazteko. Hori dela eta, “Zuen porlanean itoko zarete! Obra txikitzaileak gelditu! AHTren obrak gelditu!” lelopean egingo den protesta-ibiladian eta parodian partehartzeko dei egiten dugu.

Ekimen honek Jaurlaritzaren porlan-politika salatzea du helburu, porlanarekiko etengabeko obsesioa agertu eta AHT bezalako azpiegitura-lan handiei “lehentasun osoa” ematen dielako, obra txikitzaileak egitea bere agintaldiaren nortasun-ikur bihurtuz. Hala, jendarteak bizi duen egoera sozial eta ekonomiko larriari eta hainbat gizarte-premiaren asetzeari nahiz ingurumenari eragin zaizkion kalteen konponketari bizkar ematen dien artean, “euskal Y-aren obretan 1.200 milioi eurotik gorako gastua duten kontratuak” esleitu ditu bere agintaldiko lehen urtebete ta erdian, eta lehendakariak diozkunez, “AHTren obretan gastu handienak hurrengo urteetan izango dira, 2013 eta 2014ean seguraski”, Gipuzkoa osoa bide batez AHTren obren Museo handi batean bihurtzeko mehatxu eginez.

Jaurlaritza zementitisak jota dago eta errekor guztiak gainditu ditu, bestalde, Donostialdeko Lurralde Zatikako Plana (LZP-PTP) delakoarekin 14.000 alegazio bere aurka jaso dituenean. Plan hori porlanaren eta azpiegitura-lan handien etengabeko ugalketaren filosofia berdinean oinarritzen da, AHTrekin batera beste hainbat egitasmo txikitzaile barneratzen dituelarik, hala nola A-8 Autopistaren Donostiako Bigarren Ingurabidea Errenteriarik hasi eta Oiartzungo bailaran barrena Ipar Euskal Herriraino luzatzeko asmoa, Lezo-Gaintxurizketako nekazaritza lurretan garraiorako platataforma logistikoen hedapena, Jaizkibelgo kanpo kaia, Zubietan eraikitzen ari diren errauskailua zein makro-espetxea eta Gipuzkoan inoiz egin den industria-poligonorik handiena egitea, baita Irungo Olaberria auzoan zentral termiko bat eraikitzeko xedea ere. Hori dena gutxi balitz, Ernesto Gasco zinegotzi eta garraio sailburu-ordeak Donostian alferreko Metro bat eraikitzeko kanpainan murgildu du Jaurlaritza, edonondik begiratuta ere surrealista dirudien proiektu hori kasik mistikoa izanik bere sustatzaileentzat; bada, Metroaren kontuarekin batera AHTaz jardungo du Ernesto Gascok gobernu kontsiluaren egun berean Miramarren ospatuko den EHU-UPVren Udako Ikastaro batean.

Jakina, porlanezko dieta neurrigabeko horren arrazoia eraikuntza-enpresek Estatu espainiarrean egiten dituzten negozio itzeletan dago, non Sustapen ministro Pepe Blancok harropuzkeriaz esana duen: “Guk bi urtetan Obamak seitan baino diru gehiago jartzen dugu azpiegituretan”. Zinez, iruzurti batzuk dira, eta ideologia progresistez hanpatuta errepikatzen dituzten handikeriekin txundita gauzkate:

gaurregunean, kapitalismoaren gehiegikerien aurrean nonahi protestak pizten ari direnean eta krisialdiak halako “pelotazo”en bidegaragarritasun ekonomikoa buruz-behera jarri duenean, hemen Euskal Herria porlanez mukuru bete nahi duten “hazkundearen eta porlanaren adikto” horien ikusmen miopeaz zuritzen dira egunetik egunera pairatzen ditugun naturizidioa eta baliabide publikoen xahuketa itzelak, eta garapenzalekeria horren ondorio suntsitzaileak gortina berdeekin eta ongizatezko promesa kontsumistekin disimulatzen dituzte gero.

Hortaz, AHTren zentzugabekeria ekologiko, sozial eta ekonomikoa berriro salatzera goaz, eta azpiegitura erasokor horrek lurrari eragindako urradura eta txikizioen aurrean, argi eta garbi esaten dugu lurraldearen hondamenean oinarrituriko eredu desarroillista baten eta garaiotako prepotentzia politiko eta ekonomikoan ikur izango direla datozen belaunaldientzat. Kalte asko eginda daude, baina oraindik ez dugu ikusi kontu honen bukaera: etorkizuna ez da hormigoi gehiagorekin eraikitzen!

Horregatik denagatik, lurraren defentsan borrokari eusteko eta abuztuaren 30eko protesta-ibilaldian eta parodian partehartzeko dei egiten dugu, baita deialdi honen berri zabaltzeko eskatu ere.

mugitu!mugimendua 

Tlfnoa: 654480589  http://mugitu.blogspot.com

Etiketa(k):