Akanpadako larunbateko kronika

Atzo, Uztailak 29, bazkaldu eta gero Arriatsuko kafe tertulian 30 pertsona inguru elkartu ginen “AHT eta krisia” gaia jorratzeko asmoz. Bertan, egungo eredu ekonomikoaren argipen batzuk eman zituen Hilariok eta zerk eragin duen momentuko egoera, besteak beste hormigoiaren gehiegikeriak eragindakoak, eta sistema dagoen egoeran egonda nola aurrera ateratzen diren AHTa, PTPa, erraustegi proiektuak… noren kontura?.
Arratsaldeko 18:00tan Hernaniko udaletxeko areto nagusian Juantxo Estebaranzek hitzaldi parte hartzailea eskaini zuen, “Lemoiz, Chernobil, Garoña, Fukushima: borroka antinuklearren iragana eta orainaldia”. 30 pertsona inguru gerturatu ziren. Juantxo gatazka nuklearraren garapenari buruz aritu zen, istripu entzutetsuenak…, energia honen arazoez ere mintzatu zitzaigun eta amaierako debatea zabaltzeko Fukushiman gertatutakoaz eta egungo energia nuklearraren egoera azaldu zituen.
Aldi berean, arratsaldeko 18:00tan, umeentzako txontxongiloak izan ziren Tilosetan. Herriko 35 ume gutxi gora behera azaldu ziren El Tenderetek eskainitako “Hamaika Gatazka” antzezlana ikustera.
Arriatsura bueltatu ginen afaltzera eta gaueko 23:00tarako kontzertuak hasi ziren Kontrakantxa gaztetxean. Lehenik, Abadegi taldeak txalaparta fusioaz bete zuten legua (Urolaldetik), Deseginek punk-rockaz gozatzeko aukera eman zuen (Usurbildik) eta dantzan jarraitu nahi zutenentzako Dj Talok itxi zuen gaua.
Gaur goizean, umeentzako tailerrak egon dira 12:00tan Plaza Berrin inguratu direnentzat.
Bihar berriz, bizikleta martxa abiatuko da akanpalekutik goizeko 9:30ean Urumea bailaran barrena Donostiara iristeko. Ibilbidean zehar AHTaren proiektuaren berri jasoko dugu eta orain arteko makroproiektuen eragina ikusiko dugu.