Abiadura Handiko egunerokotasunari buruzko AHT Gelditu!-ren hausnarketa

Gaur goizean AHT Gelditu! elkarlanak prentsa aurrean aurkeztu du hausnarketa hau:

Azken bi asteotan AHTren aurkariok ea bi hamarkadatan salatzen aritu garena islatzen duten albiste ugari  agertu dira hedabideotan: zentzu ekologiko, ekonomiko eta sozialik gabeko proiektu baten zentzugabekeria, AHTa.

Eragin gehien izan zuen albistea izan zen Toledo-Cuenca-Albacete hirien arteko abiadura handiko zerbitzua bertan behera utziko dela, “hondamendi” hutsa, Enrike Urkijo RENFEko bidaiari saileko zuzendari orokorraren ustez. Egunean bataz beste 9 lagunek erabilia, ibilbidea funtzionatu duen 6 hilabeteotan 3 milioi euroko xahuketa eragin du.

Honekin lotuta, Portugaleko gobernu berriak Madril Lisboarekin lotuko zukeen abiadura handiko proiektua ez eraikitzeko erabakia hartu zuen. Erabakiak, oposiziotik milioika aldiz erabili dugun argudioetan oinarrituta, Extremadurako bide-tartean abiatutako lanen ondorioak bidegabekeri hutsak direla islatzen du, baita orokorrean Abiadura Handiko proiektuaren atzean dagoen inprobisazio eta nahaste-borraste maila.

Amaitzeko, Sevilla-Malaga linea bertan behera utzi da, Andaluziako Gobernuak Sevilla eta Marchenaren arteko ibilbidea (ibilbide erdia) eraikitzeko dirurik ez daukalako. Hau ez da oztopoa izan beste erdia ea bukatuta egoteko, are gehiago, bere eraikitzea hain atentatu ekologiko larria izan da ezen Europar Batasunak urratze prozedura zabaldu duen hasitako ibilbideetan basafauna eta basafloraren babeserako zuzenbide komunitarioa ez betetzeagatik: Marchena-Osuna I  eta II eta Osunako saihesbidean alegia.

Hau guztia Estatu Espainolak jarraitu duen politika orokorrari dagokionez. Madril eta Gasteizko Gobernuek ardura daukaten obretara hurbilduz gero, egoera ez da askoz hobea. Akitaniako prefekturak  pasa den astean prentsa oharra helarazi zuen. Ohar horretan adierazten zen prefekturako teknikariek ondorioztatu dutela Iparraldea zeharkatuko duen linea berria ez dela beharrezkoa izango 2035era arte eta RFFko estimazioak guztiz handituta zeudela.

Hau guztia gutxi balitz, AHTren linea berriari aurre egiten dion oposizio anitzari Eusko Laborantza Ganbara gehitu zaio; Beraz, aldez aurretik ekiteko zaila zen Euskal Yaren Hendaiarekiko lotura are zailagoa bihurtu da.

Azkenik, ELA sindikatuak AHTren inguruan dagoen mitoetako bat desmuntatu zuen: lana sortzen duela. Sindikatuak salatu zuen Euskal Yaren obretan 19 orduko lanegunak egiten direla, bataz besteko laneguna 11 edo 12 ordukoa izanik, era irregularrean kontratatutako langileak erabilita, orduko 2 edo 6 euro jasotzen dutelarik, segurtasun neurririk gabe, soldata kaskarrekin eta indarrean dagoen lan hitzarmena errespetatu barik.

Albiste guzti hauek oposizioak hasieratik argudiatutakoa berresten dute: hauxe eraikuntzako lobbiak sustatutako proiektua dugula, ingurugiroari egindako atentatua dugula, diru publikoa eta ingurugiroa xahutzeko printzipio inprobisatzailean oinarritzen dela eta printzipio hori begi bistan jartzen hasi dela, aldez aurretik ikusi nahi izan ez duenarentzat, bere planteamenduko jasanezintasuna eta zentzugabekeria.

Hau guztia dela eta, Abiadura Handiko obren arduradunei dei egiten diegu, bai Estatu Espainolean baita Euskal Herrian ere, lehenbailehen proiektu hau bertan behera uzteko. Beharrezkoak ez diren azpiegitura hauek ordaindu ahal izateko ez ditzatela, Jose Blancok iradokitzen duen bezala, zergak igo behar. Gainera, Gasteizeko Jaurlaritzari exijitzen diogu gero eta eskasagoa den herri honen ondare ekonomiko, kultural eta ekologikoa hipotekatzen eta suntsitzen ez jarraitzeko eta hurrengo urtean AHTren obretarako bideratutako 9964 milioi euroetatik bat bera ere ez inbertitzeko, esturaz mintzatzea, aldi berean zentimo bat ere azpiegitura honetara bideratzen den bitartean, populazio guztiaz barre egitea delako.

AHTrik EZ!

Gelditzea posible da; ez dadila krisiak gelditu; guztion artean gelditu daigun.

Vall Susa-ko kideei besarkada bidaltzen diegu.

Etiketa(k):