kAHTak Txikitu Eguna, ekainak 18, Hernanin

Datorren larunbatean, hilak 18an Hernanin “K-AHT-EAK TXIKITU ” eguna ospatuko da. Irakurri deialdi testua. Egitaraua hau da:
- 12:00tan Kontrakantxa Gaztetxean: "AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politiko eta historikoa" dossierraren aurkezpena.
- 14:30tan Tilosetan: Bertso-bazkaria, Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Mancisidor "Mantxi" bertsolariekin. 6 euro
- 19:00tan MANIFESTAZIOA Gudarien plaztik: "Ez errepresiorik, ez AHTrik!"
- 23:00tan kontzertuak Kontrakantxa Gaztetetxean, KOP eta ESTRICALLA taldeekin. 6 euro

Anima hadi eta AHTren aurka eta errepresioaren aurka parte hartu!!!

Txartelak salgai: Hernanin, Andoainen, Astigarragan, Usurbilen, Lasarten, Donostian, Bilbon, Tolosan, Beasainen, Ordizian, Urretxun, Bilbon, Iruñerrian, etab.

AHTren aurkako mugimendu guztiari dei egiten diogu ekitaldi hauetan parte hartzera , errepresio eta kriminalizazioari aurre egiteko modurik onena bat egitea eta borrokan segitzea dela jakitun garelako.

GELDI DEZAGUN EROKERIA ERREPRESIBOA GELDI DEZAGUN AHT.

Estatu espainolak eta Eusko Jaurlaritzak abiada bizian ekin diote Euskal Herrian AHTa eraikitzeari. Baina, abiada hori moteldua izan da, munstro honek herri, bailara zein mendietan aurkitu dituen oztopoak direla eta. Herriak, makroazpiegitura honen izaera txikitzaile, antisozial eta sahutzaileaz jabetuz, aurre egin dio hasieratik, ondorio errepresiboak berehalakoak izan direlarik: atxiloketak, identifikazioak, epaiketak, jipoiak,... Proiektu honen legitimitate baxua dela eta, indarrez inposatu nahi izan digute. Baina, oposizioak, beste behin ere, jakin du egoera hauei aurre egiten eta errepresaliatuei elkartasuna adierazi die. Horren adibide da, kAHTeak Txikitu ekimena, AHTren aurkako borrokak jasandako errepresioari aurre egiteko bilduriko pertsona eta kolektiboak. Helburu nagusiak, azpiegitura honen proiektuak eragindako gertakari errepresiboak ezagutarazi eta salatzea da, errepresaliatuen artean koordinazio minimo bat sortzea eta isunei aurre egitea mekanismo ezberdinen bitartez.

kAHTeak Txikitu-k eginiko lehen ekimena, AHTren aurkako borrokan eman diren kasu errepresibo (ia) guztiak biltzen dituen dossier bat burutzea izan da, hauei buruzko analisi politiko bat egiteaz gain. Dossier hau, ekainaren 18 an, larunbata, Hernanin egingo den kAHTeak Txikitu egunean aurkeztuko da publikoki, beraz, deia luzatzen da herritarrei egun honetan parte hartzeko.

“K-AHT-EAK TXIKITU “EKIMENA

Hasera haseratik, egiazko informaziorik gabe eta jendartearen partehartzea galarazita  garatzen ari den proiektua dugu AHTrena. Oposizioa kriminalizatu eta gogorki erreprimituta izan da. Hitz batez esanda, AHT indarrez  inposaturiko egitasmoa dela esan dezakegu.

2.010 urteko amaieran AHTren proiektuak errepresaliatutako batzuk bildu ondoren “ K-AHT-EAK TXIKITU ”ekimena  sortzea erabaki genuen. 

Ekimen honen helburuak honako hauek dira: Batetik, makroazpiegitura honek errepresaliatutako guztiak batzea, euren arteko koordinazio minimo bat sortzea eta hainbat tresna erabiliz isunei aurre egiten saiatzea. Bestetik,  erreprimituak izan diren pertsona ororekiko elkartasuna adieraztea eta proiektu hau garatzeko erabiltzen ari den inposaketa eritzi publikoaren aurrean salatzea.

ERREPRESIOAREN AURKAKO TXOSTENA.  “AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politikoa eta historikoa “

Ekimen  honek burutu duen lehen lanetako bat  orain aurkezten dizuegun errepresioaren aurkako txosten hauxe da . AHTren egitasmoaren inguruan izandako errepresio eta kriminalizazioaren tamaina bere osoan ikustarazi nahi genuen eta horretarako oposizio guztiaren partehartzea eskatu genuen. Beraz, lan hau jende askoren ahaleginez osatu da.
Beronen egitura honako hau duzue:

1. Hitzaurrea.
2. Gaiak:
-Prentsa: Manipulazioa eta kriminalizazioa
-Herrien erabaki-ahalmena eta udalen autonomia zapaltzen
-Obren eta herrien militarizazioa
-Ekintzekiko errepresioa
-“AHT ez ordaindu!” kanpaina
-Errepresioaren mugarriak
3.   Kronologia errepresiboa: 1.998tik 2.011 arte.
4.   Balorazio juridikoa
5.   Hausnarketa eta ondorioak
6.   Gehigarria: “Ertzaintzaren barne agiria”

Txosten honek 54 orrialde ditu eta 5 €ren truke salgai jarriko da ohiko lekuetan. Lortutako dirua errepresioaren aurkako ekitaldietan eta enkausatutakoei laguntzeko erabiliko da.

Zoritxarrez txosten hau bukatugabea da, jakitun garelako kasu errepresibo gehiago izanen direla eta gertatutako kasu askoren ondorioak oraindik kaleratzeke direla ( epaiketak, epaiak,...).

iruzkin 1 for 'kAHTak Txikitu Eguna, ekainak 18, Hernanin'

1. AHT Gelditu! elkarlanak kAHTeak Txikitu Egunarekin bat egiten du

AHT Gelditu Elkarlanaren prentsa oharra:

AHT Gelditu! Elkarlanak, AHT-ren aurkako koordinakundeak, K-AHT-EAK TXIKITU eragileak datorrean larunbatean Hernanin antolatu duen ihardunaldiarekin bat egin nahi du (K-AHT-EAK TXIKITU eguna).

 Gobernu zentral eta autonomikoek  AHT-ren gaiari Estatu arazoaren dimentsioa eman diotela salatu nahi dugu, AHT-ren oposizio mugimenduaren aurka errepresio bortitza eta kriminalizazioa erabili delarik. AHT-rekin harremana zuen edozein mobilizazio dinamika terrorismotzat jotzea eskatzen zuen ertzaintzaren  barne zirkularra gogorarazi nahi dugu, gai honekiko ardura Audientzi Nazionalak hartzeko agindu zehatzarekin. Komunikabide ezberdinek bat egin duten kriminalizazio honen ondorioz, herri galdeketa bat burutzeagatik  Aramaioko alkatea epaitua izan zen, hamarnaka lagunei isun andanak ezarri zaizkie, fiskaltzaren zigor eskaera izugarriak, funtsik gabeko epaiketak, edota manifestaldi eta mobilizazio ezberdinetan errepresio gordina. Polizia ezberdinak ere amorruz aritu dira AHT-ren oposizioa kokildu nahian. Lagun guzti hauen delitu bakarra AHT-a egitearen beharra zalantzan jartzea izan da, inposatutako azpiegitura delako, ingurumean ondorio larriak eragiten dituena, izaera antisozial nabarmena duen egitasmo elitista eta  xahutzailea delako. AHT-ren aurkako indarrak batzearen alde egiten dugu, AHT-ri buruz asko dago esan eta egiteko, jendartea aktibatuz inposaketa geldi dezakegu.

 Bestalde, borrokan honen ondorioz errepresaliatuak izan diren hainbat lagunei besarkada bero bat luzatu nahi diegu, batez ere  preso jarraitzen duten Aitor Esnaola, Arkaitz Rodriguez,eta Aritz Labianori, AHT-a gelditzeko erakutsi duten determinazio eta lan guztiagatik.