Urbinako inguruetako herri kaltetuen bilera bihar AHTz hitz egiteko

GARA. URBINA

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obren aurkako erresistentzia guneak lanean jarraitzen du Urbinan. Asteburu osoan zehar “AHTren aurkako erresistentzia: Urbinatik Euskal Herri guztietara” lelopean, «Euskal Y»ari kontra egiteko antolatu diren eztabaidetan eta ekintzetan parte hartzeko deia egin du.

Igande arratsaldean, inguruko herrien arteko bilera egingo da. Gasteizko Kontzejuetako, Aramaioko eta Otxandioko ordezkariak izango dira bertan. Bilkura hori, iragan azaroan Urbinan jarritako karpan, herri kaltetuekin egindako bazkariaren ondotik dator. Bertan, eskualde moduan mugitzen hasteko beharra ikusi eta lehenengo harremanak duela hiru aste inguru hasi ziren. Mementoz, herri bakoitzean dagoen informazio faltari aurre egiteari ekin diote.

Gasteizko Kontzejuetan eta Aramaion aurretik ekin zioten lanari, bakoitzak berean. Arabako hiriburuko udalerriko 18 herrietan, lehen Urbinan gertatu zen moduan, herri galdeketa egin zen iragan urriaren 29an eta «Euskal Y»aren proiektuak ezezko biribila jaso zuen. Aramaioko herritarrek ere euren iritzia plazaratu ahal izango dute. Abenduaren 22an, 657 bizilagunek hala eskatuta, galdeketa egitea onartu zuen bertako Udalak.

Mendi martxa eta eztabaida

Bestelako ekimenak ere antolatu dira egunotarako. Bihar goizean, 10.30ean, Urbina eta Lukuko lur-eremu kaltetuetako inguruetara mendi martxa abiatuko da. 18.00etan berriz, “Harrobiak. Txikizioa gelditu!” mahaingurua hasiko da. Aranzadiko kide eta geologo Jose Angel Torres, Arratia Bizirik, Markinako Ekozain eta Mutrikuko Natur Taldea izango dira bertan. Gau partean, zinemaren txanda iritsiko da Eguzkiren “Apaga y vamonos” bideo emanaldiarekin.

Atzo arratsaldean, Urbinako errotondan egindako elkarretaratzean dozenaka lagun izan ziren. Ondoren, “El Concejo abierto y el mundo rural popular tradicional” hitzaldiari eman zioten hasiera, Felix Rodrigo adituaren eskutik.