Oiartzungo udalak ez du AHT-ri buruzko galdeketa egingo

Noticias de Gipuzkoa. donostia.

Aralarrek Abiadura Handiko Trenaren aurkako bi mozio aurkeztu ditu Udalbatzan. Udalak Abiadura Handiko Trenaren inguruan galdeketa antola dezala eskatuz, bi mozio aurkeztu zituen atzo Oiartzungo Aralarrek, Ezker Batuko zinego-tzi Tomax Aristizabalen bitartez. Udalbatzak, baina, EAJ eta EAren kontrako 10 botuekin eta EBren aldeko bozarekin, atzera bota zituen proposamenak, AHT-k herriari "kalte baino onura gehiago" ekarriko dizkiola argudiatuz.

Udaletxean ordezkaririk ez izanagatik, Iñaki Portugak eta Aritz Lekuona aralarkideek beren bi proposamenak aurkeztu ahal izan zituzten, EBko zinegotziari esker. Egin zituzten eskaeren artean, herriko agintariei AHTren inguruan erreferenduma antolatzeko eskatu zieten eta, Eusko Jaurlaritzari, berriz, herriz herri jada egin dituzten galdeketen emaitzak "kontuan har ditzala", kontsulta orokor bat deitzeko exijitzeaz gain.

tren soziala Aralarren iritziz, AHT "eredu suntsitzailean" oinarritutako trena da eta ez dio "garraioaren arazoari" konponbiderik emango. Horregatik, "denon artean antolatzeko" deia egiten du alderdi abertzaleak, "Tren Sozialaren aldeko alternatiba" gizarteratzeko eta planteatzeko. "Zentzu horretan, Udalak eragile aktiboa izan behar du, bere eginbeharra eta zeregina delako alde batetik herriko ingurumena defendatzea, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen, eta, bestetik, herritarren interesak defendatzea", gaineratu du.

Horregatik, zenbait proposamen luzatu zizkion Aralarrek Udalba-tzari. Bere esanetan, beharrezkoa da Oiartzungo Udalak "Tren Sozialaren aldeko apustua" egitea. Hortik haratago, herritik pasako den AHTren ibilbidearen proiektuaren berri herritarrei ematea beharrezkotzat jo zuten eta egingo dituzten obren "jarraipen zorrotza" burutzeko ere bai, herriko inguruneari "ahalik eta kalte murritzena eragin diezaion".

Amaitzeko, kaltetuek izango dituzten gastuak ordaintzeko diru lerro bat sortzea proposatzen zuten Aralarrek atzo aurkeztutako bi mozioek.