Aramaioko Alkatearen absoluzioaren aurrean AHT Gelditu! Elkarlanak egiten duen irakurketa

Berriz ere, AHTaren afera epaitegietan jatorria duten berriek kutsatu dute. Urtarrilaren bukaeran Bilboko gazte batzuk ustez AHTaren aurkako pintada batzuk egitearren Entzutegi Nazionalean epaitu zituztela salatu genuen. Egitate hauek erakusten digute gero eta argiagoa dela, AHTaren aurkakotasunarekin erlazionaturiko guztia judizializatzeaz gain, gizartean zilegia den opoziozioa kriminalizatzen ari direla.

Gaur Arabako epaitegietatik datorren berri bat jaso dugu, baina oraingoan berri on bat izan da, AHTaren aurkako mugimendu legitimoari arrazoi ematen dion notizia. Aramaioko Alkatearen kasuaz ari gara, zeina 2007ko irailean herritar batzuen iniziatiba sustatu eta babesa ematearren epaitu zuten, eta ondorioz, 7 urteko inhabilitaziora zigortu.

Epai honek arrazoia eman die Aramaioko Alkateari eta Udala, izan ere, herri galdeketa herritarren ekimena izan zela frogatutzat jotzen du, eta Udalak egin zuena herritarren erabakia errespetatzea besterik ez zela baieztatzen baitu. Kontsulta honetan parte hartu zuten herritarren %97ak ezezko borobila eman zioten AHTari, hau da, beren herri zoragarria suntsituko zuen azpiegiturarik ez zutela nahi erabaki zuten.

Instituzio autonomiko eta estatalen itxikeria honen aurrean, Aramaio bezalako Udalek frogatu dute demokrazioa ordezkatzaileak ezin duela ekarri klase politikoa herritarrengandik guztiz hurruntzea. Benetako demokrazia bat nahi badugu, non herritarrak lehentasuna izango duen, Aramaiokoa bezalako ekimenak adibide izan beharko litzateke, eta ez salaketa eta auzi penalen objektu.

Aspaldi egin genuen bezala Aramaioko herritarrak zoriondu nahi ditugu kontsulta egitean erakutsi zuten kontzientzia demokratiko, sozial eta politikoa, eta are gehiago, ingurumenaren gaineko ardura eredugarriak direlako; era berean, Udala, eta bereziki, Alkatea ere zoriondu nahi ditugu, politikoki kontsultari babesa ematearren, eta herritarren erabakia, kontsultaren emaitza errespetatzearren. 

Ildo honetatik, gogoratu nahi dugu, ez zela izan Aramaio herri galdeketa bitartez  AHTari “ezetz” esan zion bakarra, asko izan dira AHTaren aurkako jarrera hartu duten herriak: Angiozar, Elorrio, Atxondo, Itsasondo, Ustaritze,... bulego politika besterik egiten ez den garai hauetan, hainbat herritarrek izan duten ausardiak eskarmentu itzela eman diote gizarteari.

Hori dela eta, AHTaren zein beste azpiegitura antidemokratiko, antiekologiko, antiekonomiko eta antisozialek kaltetzen dituztenei hitza eta erabakia emateko ekimenak antolatzera animatu nahi ditugu herritarrak. Azkenik, Gasteizko Lakua-Arriagako auzokideei gure babesa adierazi nahi diegu, igande honetan, otsailaren 20an egingo duten AHTaren intermodalari buruzko  herri galdeketa antolatu izanagatik.

AHT GELDITU ELKARLANA

Etiketa(k):