Leiak antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu du ELBsindikatuak

GARA. DONAZAHARRE

Lekuko laborantzan eragin ditzakeen kalteak kontuan harturik, ELB sindikatuko nekazariak Pirinioak zeharkatuko dituen bide egitasmoaren aurka azaldu ziren atzo, eta ondoko larunbaterako Leia elkarteak Donapaleun antolatu duen manifestaziora deitu zuten. Deitzeaz gain, manifestazioaren egun berean «traktoreen bidea» delako ekimena eginen dutela esan zuten. Arnegitik hamaiketan abiatuko dira eta Donapaleura oren bat eta erdietan iritsiko dira.

Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak landuriko Pirinioez gaindiko bide egitasmo berriak zeharkatuko duen Donazaharreko laborari baten etxean elkartu ziren atzo ELB sindikatuko kideak.

Leia elkarteak abenduaren 30ean manifestazioa eginen du. Leku hori baliatu zuen sindikatuak manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzeko eta egun berean eginen duten “traktoreen bidea” delako ekimenaren berri emateko.

Hamabost bat lagun elkartu ziren, izan ere, etxaldean egindako elkartze horretan. Eta, Jean Jacques Lasserreren bide egitasmoak aurrera eginen balu, lekuko laborantzan eta bizi-baldintzetan izanen lituzkeen ondorioak aipatu zituzten. Horretarako Donazaharreko adibidea jarri zuten.

Herri horretan, izan ere, Biarnoko Salisera joateko saihesbidea eraikitzekotan dira. Bi proiektuen artean aukeratzekotan direla gogorarazi zuten.

«Lehen saihesbideak laborari lurrak zeharkatuko ditu; bestea, gainera, Donazaharreko auzo baten erditik pasatuko da», argitu zuten. Nafarroa Behereko herri askotan gertatuko denaren adibide bat baizik ez dela nabarmendu nahi izan zuten berriz, eta kenduko dizkieten lurren truk beste batzuk ematekotan direla erran zuten. «Gehienbat etxalde txikiak daude hemen. Behi esnea egiten dugu, eta egunero bi aldiz hartzen diegu esnea behiei. Lurrak etxaldetik hurbil izatera behartuak gara», nabarmendu zuten laborariek.

Arnegitik Donapaleura

Kontseilu Nagusiak aurkezten duen proiektua nagusiki kamioiei zuzendua izango da, eta horrek ere lekuko nekazaritzaren kalitatean kalteak ekar ditzakeela gehitu zuten laborariek.

Bai garapen ekonomikorako, bai lanpostuak sortzeko baita inguramenerako ere bide egitasmo hori «zaharkitua» eta desegokia dela nabarmendu zuten. Alde horretatik, egitasmoa bertan behera uzteko eskatu zuten. Hori eskatzeko, ondoko larunbatean “traktoreen bidea” antolatuko dute laborariek Leiaren manifestaziora joateko. 11.00etan Arnegitik abiatuko da, eta traktoreen desfileak Garazi, Donazaharre, Izura eta beste hainbat herri zeharkatuko ditu. Donapaleura ordu bata eta erdietan iritsiko da. Laborari guztiei zabaldu zieten ekintzan parte hartzeko deia.

Lekuko garraioa laguntzeko bidea antolatzea, Ipar EuskalHerrian ekialdetik mendebaldera joateko bidea indartzea, eta, azkenik, laborantza iraunkorra garatzea dira, ELB sindikatuaren ustez, Nafarroa Behereak beharrezkoak dituen proiektuak.

Bestalde, Garazi eta Baigorriko auzapezek hitzordu bat eskatu zuten atzo Kontseilu Nagusiko lehendakariarekin agertu berri den bide proiektuaz hitz egiteko. Auzapezek argi utzi zuten duela hiru urte 2x2 bide egitasmoaren aurkako deliberoa hartu zutela. Azkenik, Baigorri kantonamenduko abertzaleek Leiak larunbatean antolatuko duen manifestaziora deitu zuten.