AHT GELDITU! Elkarlanak deialdia egiten du datorren ostegunean, hilak 28, Gasteizko parlamentuaren aurrean elkarteratzeko 2007-k

Datorren ostegunean, abenduak 28, goizeko 11.00etan, AHT Gelditu! Elkarlana Gasteizko Parlamentuaren aurrean konzentratuko da 2007ko EAE-ko aurrekontuak gogor salatzeko eta AHT eraikitzeko partida kentzea exigitu ondoren 281 milioi euro horiek gastu Sozialera bideratzea eskatzeko.

AHT Gelditu! Elkarlanak gogor kritikatu nahi du Gasteizko Gobernuko PNV-EA-EB-k osatutako Hirukoak PSE alderdiarekin hitzartu duen akordioa 2007ko aurrekontuetan 281 milioi euro AHT-ren eraikuntzarako bideratzeagatik.

Alde Batetik, mobilizazio honekin berriz ere salatu nahi dugu Gasteiz eta Madrileko Gobernuek gutxieneko adostasunik gabe eta ezkutuan hasi dituztela AHT eraikitzeko lan hauek. Eta gainera, azpiegitura erraldoi hau inposatu nahi digutela eztabaida partehartzailea burutu gabe eta herriari hitza eta erabakia ixilaraziz. Zoritxarrez, Ibarretxeren Gobernuak eta PSE-k 2007ko urtean 281 milioi euro hauek erabili nahi dituzte txikizioa eta inposaketa gauzatzeko. Eta gainera, gaur egun ditugun garraio arazo larriak konpondu beharren partez areagotuz eta gutxi batzuen negozio egarria bultzatuz.

Eta bestetik, ekimen honekin exigitu nahi diegu PNV, EA eta Ezker Batuko Hirukoari eta PSE-ri AHT eraikitzeko 281 milioiko partida hori kentzeko eta Gastu Sozialera bideratzeko. Bereziki, gaur egun ikusten dugunean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gastu sozialaren maila Europear Batasuneko Herrialdeen baxuenetakoa dela eta bide batez, premia larria dagoela, besteak beste, oinarrizko errenta duina bultzatu, etxebizitza arazoa konpondu, osasungintza zerbitzua sendotu edo euskalduntze prozesua indartzeko. Ez hori bakarrik, AHT-ren proiektu txikitzailea aurrera badoa hurrengo urteetan guztira Euskal Herri osoan 9.000 milioi euro baino gehiago xahutuko ditu,
gastu sozial duinerako baliabide ekonomikoak hipotekatuz.

Era berean, agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu mobilizazioa eta borroka indartzeko, konsziente garelako hauek direla bide bakarra AHT bezalako zentzurik gabeko megaproiektuak gelditzeko. Gainera, oraindik garaiz gabiltza. Gure eskuetan dago, kapaz bagara jendartearen gehiengoa kalera ateratzeko eta AHT-ren aurrean planto egiteko. Abenduaren 28an Gasteizko Parlamentuaren aurrean egingo dugun konzentrazio indartsu hau beste aukera bat izango da protesta egiteko eta PNV, EA, Ezker Batua eta PSE-ko parlamentariei jendartearen haserrea eta kezka erakutsi arazteko.