Bizia izan zen burdinbideari buruzko Eztabaida Batzordearen azkeneko bilera

GARA. BAIONA

AHT burdinbide berriari buruzko eztabaida publikoa amaitu da, eta Eztabaida Publikoaren Batzordeak ondoko urtarrilaren bukaeran jakinarazi beharko ditu lau hilabetez eman dituzten iritzien emaitzak. Horren ondotik, RFF burdinbidearen kudeatzaileak hiru hilabete izanen ditu egitasmoaren berri emateko. Azkeneko bileran, proiektuaren aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida bizia izan zen, eta CADEk borrokatzen jarraitzeko asmoa duela aipatu zuen.

Astearte gauean egin zuten AHT burdinbideari buruzko eztabaida publikoaren azkeneko bilera Bordelen. Eztabaida Publikoaren Batzordea urtarrilaren bukaeran lau hilabate iraun duen eztabaida horren emaitzak kaleratzekotan da, baina azkeneko bilkura hori baliatu zuen lehenengo sintesi bat ezagutarazteko.

Bertan, Alain Rousset Akitania eskualdeko lehendakaria eta Alain Juppe Bordeleko auzapeza zeuden. Biak beste burdinbide bat eraikitzearen alde azaldu ziren, eta beren erranei ekologista elkarteak txistuka eta oihuka erantzun zien. Eztabaida bizia izan zela onartu zuten Batzordeko arduradunek. Azkeneko bilkura, beraz, eztabaidan behin eta berriro azaltzen joan diren desadostasunen ispilu izan zen.

Agintari politikoek suitzarrek kaleratutako ikerketa gehigarriak ez kontuan hartu izatea salatu zuten nagusiki CADE elkarteko kideek, eta, berriz ere, egungo lineak trenbide sailean dagoen beharra bere gain har dezakeela adierazi zuten.

Victor Pachon CADEko ordezkariak nabarmendu zuen: «Eztabaidaren borroka ongi eraman dugu lau hilabetez. Alde postitiboak daude; horien artean suitzarrek emandako emaitzak. Baina argi da agintari politikoak burdinbide berriaren alde daudela. Europako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko Europako burdinbidea eraikitzera behartuak baitira». Eztabaida bukatua izan arren, «borrokatzen» jarraitzeko asmoa dutela ere esan zuen.

Auzapezen iritzia bildu

Urtarril hasieran biltzekotan dira LABsindikatuarekin zer jarraipen ematen dioten ikusteko. Tartean, Ipar Euskal Herriko auzapez guztiei egitasmo horri buruzko iritzia emateko eskatuko dietela gehitu zuen. «Agintari politikoen artean, proiektuaren alde daudenek hitz egin dute publikoki. Kontrako erranak entzuteko ordua da», erran zuen. Landetako auzapez gehienak linea zaharra berritzearen alde daudela azaldu zuen Pachonek. «Hori alde positiboa da guretzat», azaldu zuen. Eztabaida Publikoaren Batzordeak, beraz, urtarril bukaeran emanen du emaitza.

Ondotik, txostena RFFri helaraziko diote, eta emaitza horiek kontuan hartuta, burdinbidearen kudeatzaileak hiru hilabete izanen ditu bere ondorioak emateko.