AHTren aurkako erreferendum bihurtu dute Bordeleko bilkura

BERRIA. Aitor Renteria. Bordele

AHTren aurkako taldeek lau oren eta erdiz gaitzetsi dituzte bide berriak, RFF eta hautetsiak isilaraziz. Astearte iluntzean Bordele-Hendaia trenbide egitasmoari buruzko eztabaidako azken bilkura egin zuten Bordelen (Frantzia). Bilduma egiteko eguna zen, ez eztabaidatzeko, eta AHTren aurkako gizarte eragileek helburu hori baliatu zuten, xedearen gaitzespena ezin argiago adierazteko. Lau oren eta erdiz, ingurumena kontuan hartzen duten proposamenak txalotu eta txartel gorriak erakutsi zizkieten AHTren aldeko eragileei. Azken horien mintzaldiak grabazioetan bilduko dituzte, gelan ez zelako deus entzuten.

Alain Juppe Bordeleko auzapezak ongietorria egin zion Kongresu Aretoa mukuru bete zuen jendeari. AHTren aldeko lehen aipamena egin orduko, kirol zelai baten pare bilakatu zen aretoa, Frantziako lehen ministro ohiaren hitzak txistu, adar hots eta oihu artean itoz. Kiroletan bezala, ingurumenaren aldekoek txartel gorria erakutsi zioten Jupperi, AHT baztertu behar dela adierazteko.

«Eztabaida errespetatzen dut, baina AHT lehentasunezko azpiegitura da garapenerako eta Bordele-Hendaia xedeak atzerapena dauka», erran zuen Juppek oihu artean. Egungo bidea saturaturik egonen dela adierazi, eta berriz ere altxatu ziren txartel gorriak. «Hitza ukatzen badidate ere, espero dut idatzizko bilduman atxikiko dituzuela nire hitzak», erran zion Jean Pierre Chaussaderi, eztabaida kudeatu duen CPDP batzordeko presidenteari.

Hubert Dumesnil tren sarea kudeatzen duen RFF erakundeko presidenteak erabakia hartzeko prozedura azaldu zuen. Eztabaida batzordeak urtarrilaren 10ean helaraziko dio bilduma idatzia, eta RFFk hiru hilabeteko epea ukanen du ebazteko. «Orain arteko bilkurek argi erakutsi dute eragile guztiek bat egiten dutela trena bultzatzearen alde», erran zuen. Aretoa txartel berdez bete zen. «Gaurko bidea hobetuko dugu, baina 2020an saturazioa pairatuko dugu eta aterabideak atzeman behar ditugu». Txartel gorriek berdeen tokia hartu zuten, alde egiteko eskatzen zuten oihuen artean.

RFFko kudeatzaile Christian Maudetek egin zuen obragileen bilduma. Errepideetako garraioa trenera bideratzeko proposamenak eragile guztien adostasuna duela esan zuen. Berotegi efektuaren aurkako borrokak eta hurbileko trenen garapenak ere adostasun bera dutela gaineratu zuen. AHTren aldekoen zein kontrakoen iritziak bildu zituen ondoren.

«Ezin dut hurbileko trena garatu, saturatuta gaudelako; aterabide bakarra bide berria egitea da», erran zuen Roussetek, eta gela sutan jarri. Han zirenen %90 AHTren kontra zeudela erantsi zuen, ohar bat eginez. Eta AHT egiteko ausardiarik ez bada datozen belaunaldietako haurrek Akitanian ez dutela lanik atzemanen esan zuen. Juppek bezala, mintzaldia bukatzean alde egin zuen.

BORROKAREN IRAGARPENA. «AHT xedearekin sua ezarriko duzue Euskal Herrian; ez etorri gero guregana itzal dezagun eskatzera», erran zuen Victor Pachon CADEko kideak, eta gelako txaloak bildu zituen. Txartel berdeekin, zutituz banderolekin, bilkura AHTren aurkako erreferendum bilakatu zen. Ipar Euskal Herriko hautetsien jarrera salatu zuen Pachonek. «Beren ideiak aurkeztu behar dituzten guneetara ez dira agertzen».

Suitzako adituen kopuruak gogora ekarriz, eskerrak eman zizkien RFFko arduradunei. «Milesker, zuen gezur eta jarrerarekin AHTren aurkako borroka suspertzea lortu duzue».

Jacques Forte Akizeko (Landak) diputatu eta auzapezak ere Suitzako adituen txostena ekarri zuen gogora. «RFFk kopuruak faltsutu ditu eta argi erakutsi digu eztabaida hasi aitzin erabaki dutela AHT egitea». Fortek iragarri zuen RFFk 2004ko urriaren 10ean aurkeztutako ibilbide berean eginen dituela bide berriak.

Azpiegitura guztiak kontuan hartuko dituen eztabaidari ekiteko eskatu zuten ingurumenaren aldeko elkarteek, bertan behera utziz alde bateko xedeak.

arenteria@berria.info

«AHT lehentasunezko azpiegitura da garapenerako, eta atzerapen handia dauka Bordele-Hendaia xedeak»

Alain Juppe

Bordeleko auzapeza

«Ezin dut hurbileko trena garatu, saturatuta gaudelako; aterabide bakarra bide berria da»

Alain Rousset

Akitaniako Kontseiluko presidentea

«AHT xedearekin sua ezarriko dute; ez bitez guregana etorri gero sua itzal dezagun eskatzera»

Victor Pachon

Cade-ko presidentea

«RFFk kopuruak faltsutu ditu eta argi erakutsi digu eztabaida hasi aitzin erabaki dutela AHT egitea»

Jacques Forte

Akizeko auzapeza eta Diputatua

10 proposamen bilduman

Lau hilabeteko bilkura sortaren ondotik, Jean Pierre Chaussade eztabaida kudeatu duen CPDP batzordeko presidenteak hamar proposamen egin zituen, behin-behineko bilduma gisa. Azken eztabaidako ekarpenekin batera, RFFko zuzendaritzari helaraziko dio bilduma.

Trenari lehentasuna. Kamioien murruaren erronkari ihardetsi behar zaiola onartu dute eragile guztiek, AHTren alde edo kontrakoak izan. Akitaniako Kontseilua hurbileko tren sarea garatzera engaiatu da, adostasuna lortuz.

Aurreikuspenak. RFFk emandako kopuruak eta Suitzako adituen iragarpenak ez datoz bat. SNCF tren zerbitzuen kudeaketa egiten duen enpresaren gaitasunari buruzko kezkak aipatzen dira, izan dadin garraioa errepidetik trenera erakartzeko edo gainerateko enpresekin lehiatzeko. Energiari, klimari edo ekonomiaren bilakaerari buruzko kezkak ere ez dira argitu. Suitzako adituen emaitzek arrazoia ematen dietela diote AHTren aldeko zein kontrakoek. 2020. urtera arte trenbidean saturaziorik ez dela egonen adierazi dute suitzarrek. AHTren kontrakoen iritziz, bide berririk ez egiteko arrazoia da. Aldekoen iritziz, ordea, azpimarratzen dute ondoko urteotan saturazioa egon daitekeela eta orain egin behar direla azpiegitura lanak.

Pragmatismoa. Inbertsioak urratsez urrats eta egokituz egin behar direla erran dute batzuek. RFFren iritziz, ikerketa sakonak egitea erabaki behar da.

Koherentzia garraio politikan. Errepidetik trenbidera pasatzeko erronkari eutsi nahi diote eragileek. Laguntzak eta zigorrak arautu behar direla diote.

Diru iturriak zalantzan. Erakunde publikoek AHT xederako gaitasunik ote duten galdetu dute eragileek. Europak ikerketen erdia bere gain hartuko du, baina ez dago argi lanetan hartuko duen inbertsio kopurua. Europak ez du erran laguntzak Bordele-Hendaia edo Akize-Hendaia atalentzat diren edo xede guztiarentzako.

Ingurumena. Eragile guztiek ingurumena kontuan hartzeko oharra egin dute, hala nola harrabotsa menperatzeko neurriak, paisaia, berotegi efektua eta biztanleen bizi kalitatea.

Akize-Hendaia. AHT Landetako mendebaldetik iragatea baztertu dute. Eztabaida gaurko bidearen eta ekialdeko xedearen artean dago. Ekialdekoak ingurumenean kalte handiagoa eragingo luke.

Bordele-Akize. Akitaniako Merkataritza eta Industria Ganberek aho batez egin dute RFFren 3. proposamenaren alde, eragile politiko gehienek bezala. Ingurumenaren aldeko gizarte eragileek eta Berdeek sutsuki gaitzesten dute xedea. Ingurumenari kalte handiagoa eragiten diola diote, bide luzeena dela eta ekonomikoki xahutze handiena eragiten duena.
Bordele-Akize. Gaurko bideak hobetuz inbertsioak urratsez urrats egin daitezke, beharren arabera. Arcachon eskualdearentzako onuragarriena dela nabarmendu dute. Kontrakoek diote ezin direla bi bide gehiago egin Bordeleko mendebaldean.

Suitzako adituen txostena. 2020ko jomugan RFFren ekaien garraio kopuruak betegarriak direla diote, baina seguruenik ez epe horretan, geroago baizik. Tren kopuruari dagokionez, gaur egungo bideak 2020rako iragartzen duen tren kopurua har dezakeela diote adituek txostenean.

erreakzioak

«Azpiegiturak oro aztertzeko, luzamena behar da»

Denisse Cassou

Lea elkarteko presidentea

«Ezin da xede bat bakarrik aztertu eta bertze azpiegituren bilakaera ahantzi. Azpiegitura ororen ahokatzea aztertu behar da, eta luzamena eskatzen dugu, egiazko eztabaidari ekiteko. RFFk AHT egiteko txostenean iragartzen dituen proposamenak ezinezkoak dira, bi bide berriak ez saturatzeko hirugarrena egin beharko baitu. Trena bultzatu nahi duela dio Akitaniak, baina autobideak zabaltzea hobetsiz kontrakoa nahi dutela frogatzen du».

«Tokiko ekonomiaren hauspoa hurbileko trena da»

Michel Daverat

Akitaniako kontseiluko Berdeen taldeburua

«Tokiko ekonomiaren hauspoa hurbileko trena da eta AHTk deslokalizazioa baino ez du bultzatzen. 2020an lerro berria behar bada, aztertuko dugu; baina azpiegitura guztien egoerari so eginez eta helburuak finkatuz. Euskal Herria zeharkatzeko xedeari dagokionez, gaur egungo bidea hobetzearen alde gaude. Lau bide behar badira hor egin behar dira. Halaber, A-63 autobidea zabaltzearen aurka gaude eta kamioiei kutsadura zerga jartzearen alde».

«Lurralde antolaketari buruzko gogoeta behar da»

Jeronimo prieto

LAB

«Ezin da tren sareari buruzko eztabaida bere aldetik egin azpiegitura guztiak kontuan hartu gabe. Hondarribiko aireportua, Miarritzekoa, Pasaiako portua, Baionakoa, A-63 eta A-8 autobideen zabaltzea, Nafarroaz gaindiko bidea eta AHT bakarturik bultzatu nahi diren xedeak dira. Euskal Herri osoaren ikuspegia oinarritzat hartu behar da azpiegituren eztabaidari ekiteko. Garraioaren azterketak lurralde antolaketari buruzko gogoeta inposatzen digu».

«Ekialdeko xedearen alde gaude, Tolosara hurbiltzeko»

Bernard Darretxe

Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua

«Euskal Herria 2020 gogoetaren karietara adierazi genuen gaurko egiturak hobetzearen alde gaudela. 2020an saturaziora helduko bagara orain aztertu beharko ditugu bide berriak. Pentsaezina da Lapurdi kostaldeko hirigunearen erdian bi lerro gehiago egitea. Bideak egitekotan Lapurdi barnealdean egin behar dira. Ez gaitu Landetako ibilbidearen eztabaidak hunkitzen, baina ekialdeko proposamena hobesten dugu, Tolosarako bidea irekitzen duelako».