«Jendea animatu nahi dugu desobedientzia ekintzak egitera»

Itsasondoko meatokietako ekintzaileak. Ostegunean sartu ziren Itsasondoko meatoki batera, kateatu, eta astelehenean atera zituen Ertzaintzak. Atzo agerraldia egin zuten AHTaren aurkako ekintzaileek; ekintza ondo amaitu delako pozik agertu dira, oraindik nekatu samar badaude ere.

Berria. Mikel Peruarena. Itsasondo

Porlanezko bidoietara kateatuta egon dira bost egunez Itsasondoko meatokietan (Gipuzkoa), AHT abiadura handiko trenaren aurka protestan; astelehenean atera zituen Ertzaintzak meazuloetatik; atzo goizaldeko ordu bietan askatu zituzten polizia etxetik; eta eguerdian prentsaurrekoa eman zuten, sostengu taldearen oinarrizko kanpalekuan, Itsasondoko udaletxearen aurrealdean. Bost egunotan bizitakoen berri eman dute Ainarak, Andonik eta Mikelek, Itsasondoko meatokietako ekintzaileek -laugarren ekintzailea ez zen atzo agerraldian-. Ez dute deiturarik eman, ez dute argazkirik atera nahi izan: izen-deiturak baino garrantzitsuagoa da ekintza bera. Hori erakutsi nahi izan dute, eta horretara deitu dute: «Itsasondoko meategietan egindako ekintza amaitu dugu, baina borrokan jarraitu behar dugu. Autoantolaketak emaitzak ekarri ditu. Jendea animatu nahi dugu erresistentzia eta desobendientzia ekintzak egitera, denon eskura daudelako».

Onik atera dira lau ekintzaileak, eta pozik daude, une larriak igaro baitituzte, «beldurra eta kezka» pasatu baitituzte. Nolako balorazioa egiten duten galdetuta, «ondo» erantzun dute: nekatuta, buruko min apur batekin, eguzkiaren argira erabat ohitu gabe, baina «ondo». Bazituzten zalantzak, nola eutsiko ote zioten meatoki barneko egoerari. Baldintza gogorretan egon dira: «Hezetasuna, iluntasuna, hautsa... eta leherketengatik izan dugun ezinegona... Baina ondo egon gara», ziurtatu du Andonik. Ainara ere pozik dago, egoerari eutsi diotelako eta «kanpoan» mugimendua sortu delako. Alde horretatik, sostengu taldeak egunotan egin duen lana eskertu eta nabarmendu dute hiru ekintzaileek.

Prestakuntza lan luzea izan du meatokietako ekintzak. 2005erako zehaztua zegoen Itsasondon AHTaren bidea nondik igaroko zen. Proiektua ikusi, eta, meatzeak ezagututa, «erresistentzia ekintza eraginkor bat» egiteko lekua izan zitekeela susmatu zuten. «Malkorra, mendi osoa, zulatuta dago», zehaztu du Mikelek. Itsasondon eremua ezaguna bada ere, AHTaren obra proiektuak «sekulako gabeziak» dituela salatu du. Lurra aztertzeko 48 zundaketa egin behar ziren, eta bakarra egin zela oroitarazi du: «Ez dakite hor barruan zer dagoen; egiaz, ez dute ezagutzen meatze hauek obretan duten eragina. Erabateko arduragabekeria da meategiok ez aztertzea». Ekintza bukatu bada ere, arriskuak bere horretan jarraitzen duela diote: «Gu arriskuan egon gara, baina are arrisku handiagoan egongo dira tuneleko obrako langileak».

«Hezetasun ikaragarria»

Lau ekintzaileetatik, bi emakumeak «meazulo nahiko lehor baina harri-jausi asko dituen batean» egon direla azaldu dute. Bi gizonezkoak, berriz, meatoki batean 200 metro barrura sartuta egon dira, Itsasondo-Ordizia tunelarentzat marraztutako ibilbidearen gainean, 30 metrora. Horrela deskribatu du lekua Mikelek: «Hezetasun ikaragarria dago: galeria urak erabat hartua dago. Sakontasun handiko ur putzuak zeuden gure azpian; sabaitik ur tanta eta jario etengabea zegoen. Galeria altuak dira, 20 metrotik gorakoak; zati batzuk sabaitik jausitako harriez erabat estalita daude. Meategi ezegonkor eta arriskutsuak dira». Hezetasuna dela medio, Mikelek bronkioak «apur bat hartuta» dauzkala azaldu du.

Bizitako egoerak «muturrekoa» eman badezake ere, «nahiko lasai» egon direla adierazi du Andonik. Lehen eguna izan zen okerrena. Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio Sailak hasieran «ezikusiarena» egin zutela salatu dute, eta lanekin jarraitzea erabaki zutela. Bi leherketa sumatu zituzten ekintzaileek, baita taladroaren hotsa ere. «Baina gero, ostiral goizekoaren ondotik, leherketak geldiarazi zituzten, antza denez», zehaztu du Mikelek. Lanek aurrera jarraitu dutela adierazi du Herri Lan eta Garraio Sailak; baina lanak baldintzatu dituztela nabarmendu dute ekintzaileek. Leherketak gelditzea esanguratsua dela ohartarazi du Mikelek: «Leherketak dira tuneleko lanen ardatza».

Tolosako auzitegian ostiralean jarritako salaketak eta epailearen eskakizunak Ertzaintza bilaketa sakonagoa egitera «behartu» ote duten uste dute ekintzaileek. Izan ere, Ertzaintzak ostegunean eta ostiralean «azaleko bilaketak» egin zituela salatu dute: «Antza, ez zuten gu lokalizatzeko asmorik». «Behartuta sentitu dira, baina ez zaie interesatzen esatea», kritikatu du Andonik. Ertzaintzak ostiraletik ukatu du Itsasondoko meatokietan bilaketa egiten ari zela, eta atzo oraindik zalantzan jarri zuen ekintzaileak noiz sartu ziren meatokietara. «Azkenean, esku hartu behar izan dute, eta horrek egiaztatu du egoera, baina saiatu dira gezurtatzen».

«Arratoiak bezala» irten

Ertzaintzak esku hartu bitarteko itxaronaldia luzea izan da; eta kezkaz betea. Sostengu taldeko kideek horregatik azaldu zuten, larunbatean, ekintzaileen kokapenaren berri. Uste dute Ertzaintzak nahita luzatu duela itxaronaldia; baina espero zuten halakorik, Mikelek dioenez: «Itoizko solidario batekin hitz eginda, esan zigun lekua husteko momentua izan zitekeela ekintzaren une garrantzitsuena, eta Ertzaintza saiatuko zela hori saihesten. Leherketekin jarraituta, 'hauek arratoiak bezala aterako dira', pentsatuko zuten».

Alde horretatik, Ertzaintzak egunotan zabaldu dituen mezuak «erabateko gezurra» direla salatu dute ekintzaileek. «Erreskatekoek ez zuten dudatu ere egin gu han geundenik», Andonik dioenez. «Bazekiten, bai», erantsi du Ainarak. Mikelek beste salaketa bat gehitu dio horri: polizia etxean, ertzain bati galdetu zion ea noiz pasatuko ziren epailearen aurretik. «Ez dakit. Obrak bost egunez gelditzea delitu larria da, eta hau Auzitegi Nazionalera doa», erantzun ziola azaldu du. «Gezurra esan zidan, beldurtu nahian», ondorioztatu du Mikelek.

«Aski nekagarria eta luzea izan da, baina pozik gaude, ekintzaren helburuak lortu direlako», azaldu du Mikelek: «Gure gorputzak arriskuan jarrita, AHTko lanak geldiarazi behar direla aldarrikatu dugu». Mikelek ohartarazi du agintariek «gezurra» diotela AHTko lanak normal egiten ari direla diotelarik: Itsasondo eta Ordizia arteko tuneleko lanek, esaterako, hamalau hilabeteko atzerapena dutela azaldu du, eta proiektuaren aurka egitera animatu ditu herritarrak.

Etiketa(k):